Learn playing / Tales

ipuinak
Imprimir
  • Author: Karlos Santisteban
  • Type: Bestelakoak
  • Keywords: mamut, izturitze, izotzaldi, homo sapiens, homo erectus, santisteban, karlos, arkeologo, aztarnategi, indusketa, arima, arbaso, gallarta, historiaurre, arkeologia, meatze, ipuin, historia
  • Number of visits: 3233

Mamutaren arima

HABE aldizkariaren 49. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Euskal Herriko Unibertsitateko Arkeologi talde ofiziala Izturitzera joan zen indusketa batzuk egitera. Ez zuten gogo handirik, egia esan, baina joateko agindua hartu zutenez gero, bete egin behar. Eta gogoa falta bazuten, leku hori Gallartako meatzeak baino zulatuagoa zegoelako zen, hain zuzen ere. Han ezer berririk aurkitzea ezina izango zen.

Goizean goiz abiatu ziren haitzulo haietara eta aitzurketan hasi berehala, udaberriko eguzki-galda ezohiko batek berotuta. Aitzurkada hemen, aitzurkada han, ingurune dezente handia iraulkatu zuten ilundu orduko. Ezer aurkitu ez, ordea, edonon aurki daitezkeen harri, bare, goroldio, plastiko biodegradaezina, barraskilo eta abar izan ezik. Gauean, kanpamendua eginik, taldeko zuzendariak hitz egin zien taldekideei, adore emateko asmoz, lanean jarraitu behar zutela zerbait aurkitu arte, berak bazekielako historiaurreko pieza ugari zetzala hantxe, agian edirengo zutela Homo Erectus eta Homo Sapiens arteko katebegia, eta dena den, hektarea bat lur iraulkatu eta deus topatu ez arren, haiek ez zirela baserritarrak, Jan mekaniko eta funtzionala egiten dutenak, baizik eta jakintzaren bila ari zirela eta... Haren erretolika katolikoa ez zen bukatzen. Baina finean amaitu zen.

Honelaxe jarraitu zuten astebete, hilabete, hilabetez hilabete urte erdia osatu arte. Epea bukatua zegoenez, denak joan ziren handik, deus aurkitu gabe baina ardurarik gabe.

Juliok, ostera, berera heldu zenean eskua sartu eta zeozer atera zuen sakelatik. Harri moduko zerbait zen, hezur edo haginen bat. "Oroigarri bezala gordeko dut, alferrik lan egitearen oroigarritzat", pentsatu zuen bere logelako apal batetan garrantzirik eman gabe utzi .zuenean.

Gauean, ohean sarturik lotan zegoela, ikaragarrizko orroek iratzarri zuten, nondik zetozen ez zekiela. Amesgaiztoren bat izango zela uste izan zuen hasieran, baina orro izugarri haiek behin eta berriz iratzarri zuten, erabat artegatu arte. Ikara hormatu bat ibili zitzaion gorputz osoan, oin-puntetako azkazaletatik buruko ile urri laztuetaraino. Ezin zuen lotan jarraitu, izerdiz blai zegoen ohea, maindire eta burusiak korapilo korapilatsu bat eginda. Jaiki zen eta sukaldera zuzendu bere urratsak freskagarriren bat hartzeko xedeaz, izu hura desagertzen ote zitzaion proba egiteko batez ere. Ostera, orro lazgarriek noranahi jarraitzen zioten, ez zuten baketan uzten, eta bera jadanik desespero desesperatuan zegoen, zer egin jakin gabe. Orroa haien jatorriaz eta zergatiaz galde egin zion bere bururari, azalpena lortu nahiz, eta azkenean konprenitu zuen Isturitzeko aztarnategian lapurtutako hagina izan behar zuen.

Eskuekin beldur pixka batez oratuz aztertu egin zuen. Würn izotzaldiko Mamut batena zen hagin hura, dudarik gabe, eta orain beraren arima ikusezina mintzatzen zen; nonbait bere arbasoen ondora eraman zezaten eskatzen zuten minezko orroa haiek. Eta berori bururatu bezain pronto, orroak isildu egin ziren bat-batean, horixe nahi zutela adieraziz garbiro.

Ongi baino hobeto konprenitu zuen Juliok, hurrengo egunean bertan, goiztiria gauaz jabetu baino lehen lzturitzera abiatu baitzen.

Hilabetetan zehar iraulkatu zuten lur beraren azpian hagina lurperatu zuen, "gizakiak gizakiekin, arimak arimekin" zioela. Lana bukatuta, sakon hartu zuen goizaldeko aire ihinztatua, egindako laidoa konpondu ondoren etxeratzeko asmoz. Ordea, zur eta lur gelditu zen berriro orroa bat aditzean, hau bai ikaragarria ikaragarririk baldin badago. Lur guztia dardaratzen duen trumoi bat izan balitz bezala, buelta eman eta, eguzkia agertzen ari zen aldetik, oso urrutian, harengana zihoan Mamutalde egundokoa antzeman zuen, eta harengana zihoan etengabe, abiadura esplikagaitzez, haizea baino arinago, lurra zapalka, hautsezko hodeitzarrak eratuz, goiza ikaragarriro astinduz, orroaz, arimatik ihes eginda Julio deuseztatu zutelarik.

Handik laster, berriro azterketak burutzera joan ziren arkeologoek aurkikuntza paregabea egin zuten.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

ABIADURA.- Martxa, abaila.
ADORE EMAN.- Bihotz eman, animatu.
AMESGAIZTO.- Amesgaitza. Pesadilla.
ARBASOAK.- Asaba zaharrak, aurrekoak.
ARDURA.-Kezka.
ARTEGATU.-Larritu, urduri jarri.
AURKIKUNTZA.- Descubrimiento.
AZALPEN.- Esplikazioa.
AZTARNATEGl.-Yacimiento.
BARE.- Limaco.
BARRASKILO.- Caracol.
BLAl.- Busti-busti eginda.
BURUSl.- Manta.
DARDARATU.- Kordokatu.
EDIRENGO.- Aurkitu. EDIREN aditza.
EPE.- Plazo.
EZINA.- Imposible.
EZOHIKO.- Inhabitual.
GOIZTIRl.- Egunsentia.
HAGIN.- Hortza Bizkaia aldean. Gipuzkoan: muela.
HAITZULO.- Kobazuloa.
HISTORIAURREA.- La Prehistoria.
HODEITZARRAK.-Hodei handiak.
IHINTZ.- Rocío.
ILE URRl.- Ile bakana.
ILUNDU ORDUKO.- Ilundu baino lehen. Gipuzkoa aldean "ilundu bezain laister" esan nahiko luke.
INDUSKETA.- Excavación.
IRATZARRl.- Esnatu.
IRAULKATU.- Irauli, aitzurtu.
IZOTZALDl.- Glaciación.
KATEBEGI.- Eslabón.
LAIDO.- lraina.
LAZTU.- Erizado/a.
MEATZE.- Mina.
ORATU.-Heldu.
OROIGARRI.- Objeto de recuerdo.
ORRO.-Hots lazgarria, gehienetan animaliena.
XEDE.- Asmoa.
ZERGATIA.- El porqué, la causa.
ZETZALA.- Zegoela. ETZAN aditzaren iragana.
ZUR ETA LUR.- Harri eta zur eginda.
 

 
 

Comments
Login for comment

You may be interested

  • Dedalo eta Ikaro

    Mario Meunier

    Text Irakurriaren ulermena
    Others
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Dedalo eta Ikaro

    Tales - Aug 23, 1984 - 1913 Visits
  • Gizagailuak

    Karlos Santisteban

    Text Irakurriaren ulermena
    Others
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Gizagailuak

    Tales - Aug 19, 1984 - 1375 Visits
  • Hefesto edo Vulcano

    Mario Meunier

    Text Irakurriaren ulermena
    Others
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Hefesto edo Vulcano

    Tales - Aug 18, 1984 - 1074 Visits
  • HABE Aldizkaria - 49 alea
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    HABE Aldizkaria - 49 alea

    Aurkibidea 6 Nafarroan, euskararen borroka Iruñea eta herri haundietan dago". Jesus Atxarekin elkarrizketa 12 Iruñea: Gramatikalarien topaleku 18 Prentsako argazkilarien aitorpena (I) 22 Testamentuen mila maratilak 26 Ijitoak Euskal Herrian (eta II) 29 Daniel Redondo. "Ez da komeni makina bihurtzea 36 Ipuinak: Mamutaren arima   ...[+]

    HABE Magazine - Sep 1, 1984 - 414 Visits
  • Neskatila eta aterkia

    Mariaxun Landa

    Text Irakurriaren ulermena
    Others
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Neskatila eta aterkia

    Tales - Feb 24, 1985 - 2026 Visits
  • Itsasoa menperatu nahi zuen gizona

    Karlos Santisteban

    Text Irakurriaren ulermena
    Others
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Itsasoa menperatu nahi zuen gizona

    Tales - Feb 16, 1985 - 1322 Visits
  • Amuarrain eginda aurkitu zuten X andrea

    Alan

    Irakurriaren ulermena
    Others
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Amuarrain eginda aurkitu zuten X andrea

    Tales - Feb 14, 1985 - 743 Visits
  • Etxegiroan.com

    Etxegiroan.com

    Etxegiroan.com atarian aurkituko ditugunak narrazio laburrak, poemak, liburuen pasarteak eta haurrentzako ipuinak dira, ahoz grabatuak eta musikaz batera eskainiak. ...[+]

    Services and resources - Jul 26, 2010
  • Radio Dramas

    Radio Dramas

  • Narration exercises

    Narration exercises