Learn playing / Tales

ipuinak
Imprimir
  • Author: Mario Meunier
  • Type: Bestelakoak
  • Keywords: zizelkatu, zizelkari, minotauro, matelezur, ikaro, dedalo, ariadna, akropolis, minos, meunier, leienda, mario, labirinto, amildegi, erbeste, atenas, hegal, grezia, arkitekto, presondegi, eguzki, jainko, tenplu, artista, hezur, itsaso, eskultura, epaile, ipuin
  • Number of visits: 1905

Dedalo eta Ikaro

HABE aldizkariaren 47. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Mario Meunier-en “La leyenda dorada de los dioses y de los héroes” liburutik egokitua (Aguilar, S. A. Ediciones, 1962).


Grekoen iritziz, Dedalo izan zen harria arbastatzen lehena. Jainko irudiak egurrean landu zituen aurreneko zizelkaria ere bera izan zen. Atenasen jaio eta oso gaztetandik ekin zion eskulturgintzari. Ordura arte arrauna baizik ezagutzen ez zuten marinelei berak erakutsi zien bela nola erabiltzen zen. Paregabeko artista, arkitektoa eta eskultorea batera, bere trebetasun emankorrak ospe handia eman omen zion bere garaian.

Dedaloren zuzendaritzapean, jainko-irudientzako oinarriak egin, tenpluetarako zutoinak jaso eta hainbeste lan zoragarriren moldaketaz arduratzen zen ikaslea, Talo izenekoa, eskultore handi honen arrebaren semea zen. Behin, gazte argi eta ausart honek kasualitatez suge baten matelezurra aurkitu zuen mendian eta makila bat zerratzeko hezur hartaz baliatzea bururatu zitzaion. Ondorio interesgarriak ekarri zizkion; beraz, hortz sail bat burdinatan forjatu eta aurkikuntza honi esker lortu omen zuen zerraren asmaketa balios hura.

Handik aurrera, Taloren trebetasunak berea itzaliko zuen beldurrez, ikaslearen aurkako herra gor batek erretzen zuen gero eta gogorrago maisuaren bularra. Osaba-ilobak Akropolisean zeuden egun batean, Dedalok, bere lehiakide gaztearen hondamendiaren atzetik baitzebilen, amildegitik behera jaurtiki zuen Talo. Artista distiratsu hartaz arroken ertzek urratutako hilotza baizik ez zen gelditu.

Bidegabekeria hau zela eta, Dedalo itsasoaren aurrean salatu zutenean, Taloren erorketaren erantzule bakarra halabeharra izan zela erantzunez defendatu zen. Epaileek, frogarik gabe eta maisuaren artearekiko begirunez, ez zuten Dedalo betirako erbestera baizik kondenatu. Horrela bada, utzi egin zuen Atenas eskultore jenial honek eta Kretako uharte handi hartan errefuxiatu zen.

Dedalok, hango errege Minosek harrera ona egin zionez gero, bere zizelaren trebetasunaz obra ederrak sortuz jarraitu zuen. Eta hainbeste poztu zen errege hau eta maisuaren lanaz hain miretsita geratu zen, artista burutsu hura bere zerbitzurako hartu zuela. Garai hartan animalia itzel bat etorri zen, erdia gizon, beste erdia zezen, Kretako uharte hura penatzera. Alde guztietan sortzen zuen ikara eragotzi nahian, Minosek, Minotauro izugarri hura betirako giltzapean harrapatu asmoz, labirinto bat egitea enkargatu zion Dedalori.

Arkitekto ospetsu honek lur azpiko kartzela hau eraikitzean jarritako zoko-mokoak hain ziren engainagarriak, hain zitalak hango bihurguneak, ezinezkoa gertatzen zela behin barrura sartuz gero kanporako atearekin inolaz ere asmatzea.

Minotaurok presondegi honen zentroa okupatzen zuen. Androgeoren heriotza ordaintzearren Palasko hiriak Minotaurori zor zion zergarekin bukatu nahi zuen. Horrela bada, Teseo Atenastik etorri zenean, Dedalo izan zen Minotauro hil ondoren, labirinto sakon hartatik sano eta salburik irtetea permititu zion haria Ariadnari eman ziona.

Minosen alabarenganako xalotasun horrek erregearen etsaigoa erakarri zion Dedalori. Minosek Dedaloren zigorra bilatzen zuen eta Teseok akabatu zuen munstro nazkagarri haren haserrea eragozteko, artistak eraiki zuen kartzela berean giltzapetu zuen.

Hala bada, lur gorrotagarri honetan erbestearen eta kartzelaren nahigabeak sufritzen asperturik, Minosen esklabo batengandik izandako semearekin ihes egitea erabaki zuen. Nola lortu ordea? Kreta uharte bat zen eta errege-armadako ontzi guztiek erne zaintzen zuten kostaldea. Irtenbide bakarra airea zen. Hego batzuk fabrikatu zituen trebetasun harrigarriz eta bizkar-besoetara egokitu zituen. Geroago, Ikaro bere semea aire-arraun haiekin hornitu zenean, zera esan zion hegaz jaurtiki baino lehen:

- Seme, zorigaiztoko egoitza hau nirekin batera abandonatzeko, itsasoaren zabaltasuna arriskurik gabe zeharkatzeko eta gure bidaiaren helburua iristeko, nire ohar zoli hauek entzun eta jarrai itzazu: airearen erdi-erditik egin beharko duzu hegaz; ez altuegi, ez baxuegi. Altuegi bazabiltza, suak erreko zaitu eta baxuegi bazabiltza, berriz, uraren hezetasunak hegoak malgortuko dizkizu.

Honela mintzatu zitzaion bada, eta hasieran, habiatik irten berria den txori batek bere amari jarraitzen dion bezala, hala joan zitzaion semea ere atzetik.

Azkar asko Minosen ontziak atzean utzi eta itsaso zabalera iritsi ziren. Ikarok orduan, zorionez betetako hegaldi ausart batean eta bere burua zerura hurbiltzeko desiran abandonatuz, bere aitak proposatu zion arretazko ildotik irten eta astroak dauden goialde bareetarantz bideratu zuen bere hegada zabala.

Eguzkiaren izpi hurbilegiek, ordea, laster bigundu zuten hegal-egitura eta lumen arteko argizari lurrindua. Argizaria urtu egin zen, beraz, eta lumak askatu eta bata bestearen atzetik erori ondoren, uhinetan bukatu zuten aparretan kulunkan. Alferrik astintzen zuen bere bi besoez Ikarok euskarririk gabe airearen hutsa, alferrik saiatzen zen oinarririk gabe airearen erdian. Erori egin zen azkenik bera ere uretan, eta ito zuen itsasoari Ikaroren ltsasoa esan zaio handik aurrera.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AIRE-ARRAUN.- Remo aéreo.
AMlLDEGl.- Precipicio.
ARBASTATU.- Desbastar.
ARRAUN.- Remo.
ARRETAZKO ILDO.- Camino cauteloso.
AURKIKUNTZA.- Aurkikundea. Descubrimiento.
BEGIRUNE.- Errespetua.
BIDEGABEKERIA.- Injustizia.
ERAGOTZI.- Evitar.
GOIALDE BAREAK.- Alturas tranquilas.
HALABEHARRA.- La fatalidad.
HEGADA.- Vuelo.
HERRA.- Gorrotoa, ezinikusia.
HEZETASUN.- Humedad.
HILOTZ.- Gorputz hila.
HONDAMENDI.- Perdición, ruina.
ITSASO ZABALA.- Alta mar.
ITZEL.- Handia, ikaragarria.
JAURTIKl.- Bota.
LEHIAKIDE.- Competidor/a, rival.
MALGORTU.- Entumecer.
MATELEZUR.- Mandíbula.
MIRETSITA.- Harrituta.
OSPE.- Fama, sona.
TREBETASUN EMANKORRA.- Habilidad prolífica.
XALOTASUN.- Afabilidad.
ZEHARKATU.- Atravesar.
ZERRATU.- Serrar, aserrar.
ZIZEL.- Cincel.
ZlZELKARI.- Cincelador/a, escultor/a.
ZOKO-MOKOAK.- Vericuetos.
ZUTOlN.- Zutabea.
 

 
 

Comments
Login for comment

You may be interested