Learn playing / Tales

ipuinak
Imprimir
  • Author: Karlos Santisteban
  • Type: Bestelakoak
  • Keywords: santisteban, habe aldizkaria, karlos, jaioberri, ipuin, haur, ume
  • Number of visits: 1385

Gizagailuak

HABE aldizkariaren 44. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Behin batez bazen herri bat zeinetan hainbeste gizon-emakume zegoen non oso aurreratuta egonagatik eta espazioan zehar, itsasoan eta lurpean bizilekuak eduki arren, gurasoek jaioberri guztiak erresumako Enperadore Elektroniko Ahalguztidunari entregatu behar zizkioten.

Garuna ateratzen zieten umetxo jaioberriei eta nortasunaren eta maitasunaren aldeak erauzi ondoren, gizagailu jakintsu eta txit perfektuak egiten zituzten. Hauek bakar-bakarrik koipea eta noizean behin pilularen bat behar zutenez gero, oso merkeak ziren eta bestalde abantaila guztiak zeuzkaten: Enperadorearen agindu guztiak betetzen zituzten eztabaidatu gabe, ez zuten astia alferrik galtzen pentsaketan edo maitakerietan, kaxak bezala meta zitezkeen bata bestearen gainean lekurik okupatu gabe..., abantaila guztiak.

Herri hartan zoriontsuak ote ziren galdetuko du baten batek agian. Egia da ezer gutxi falta zitzaiela, egun osoa egon zitezkeen lau dimentsiotako telebistaren aurrean, honetaz eta besteaz gozatuz, eta behar zuten guztia, guzti-guztia, telebista bidez eskuratzen ahal zuten. Nahi izanez gero, urteko edozein garaitan baziren bidaia erakargarri eta merkeak ere, tokirik ederrenak bisitatu ahal izateko; eremu soil etengabeak, behin oihan izandakoak; txatar pila bat, Eiffel izenekoa, azken gerra atomikoaren ondoren irauten zuen monumentu bakarra; itsaso zabal eta beltzak petrolio artean itotzeko beldurrik gabe igeri egiteko... Eta lanik ez zuten egin behar, gizagailuek dena egiten zuten eta. Beraz, pozik bizitzeko arrazoiak baziren hantxe, eta gainera, beldur ziren denak Enperadorearen kontra begirik ere mugitzeko, hain zen boteretsua eta krudela!

Beraren aginduen kontra altxatzen zirenak ilargiko alde ilunera bidaltzen zituen betiko!

Ostera, eta arraroa dirudien arren; eta leku guztietan zororen bat badagoenez, ama bat erdi zen behingo batez eta bere umea Enperadoreari eman ordez, ezkutatu egin zuen.

Neskato guri ezin ederragoa zen eta umetxo hura ikustean bere gaztaroaz oroitu zen ama hura. Hain zuzen ere, berdin-berdinak ziren, amaren antz osoa zuen neskatoak, espermategi publikoko haziz ernarazi zuen arren.

Egunak igaro ziren, urteak. Nola edo hala, beti ezkutuka ibiliz, ez zuen inork igarri neskatoaren presentzia. Ama hura ez zen sekula damutu Enperadorearen aginduak ez betetzeagatik, ezin zoriontsuago bizi zen bere alabatxoarekin, berriro maitasuna piztu zion bere alabak.

Egun batetan, gertatu behar zuena gertatu zen aldiz. Enperadorearen salatari bati susmagarri iruditu zitzaizkion ama haren zoriontasuna eta sentikortasuna, eta azterketa eta miaketak egin ondoren, horren zergatia aurkitu zuen: neskato bat zegoen zaharren herri hartan.

Berehala jakinarazi zion hau Enperadore Elektroniko Ahalguztidunari. Enperadoreak ama ilargiko ilunpera bidali zuen enteratu bezain pronto eta neskatoa beregana eramateko agindua .eman zuen.

- Neskato, ez al zaude triste hainbeste zahar artean? -galdetu zion Enperadoreak-, hau ez da zuretzat.

- Bai Enperadore Ahalguztidun hori, triste nago -erantzun zion negarrez.

- Konprenitzen zaitut neskato, konprenitzen zaitut, zure amak ez zintuen maite, biziki sufriarazi dizu.

- Ez, Enperadore Jauna, ez, nire ama ona zen, zeu bai zarela gaiztoa! Zuek, zaharkoteok, desagertu egin behar duzue eta umeoi lekua utzi! -oihu egin zion.

- Neskato lotsagabea!

Enperadore Elektroniko Ahalguztiduna haserretu egin zen, izugarriki haserretu, baina orduan Printze dotore bat agertu zen zaldi mekaniko zuri-zuri baten gainean eta neskatoa berekin eramanez Enperadorearen hiratik askatu zuen eta gaztelu eder batean erresuma hartako zirujaurik trebeenak arin baino arinago salbatu zuten.

Horrela ez bada, sar dadila kalabazan eta ager dadila ilargiko plazan.

HIZTEGI LAGUNGARRIA


ABANTAILA.- Ventaja.
ARRAROA DIRUDIEN ARREN.- Nahiz eta arraroa ematen duen (kontzesiboa).
BIDAIA ERAKARGARRIAK.- Viajes atrayentes.
ERAUZI.- Atera, kendu.
ERDI.- Parir.
ERNARAZI.- Fecundar.
ERRESUMA.- Reino.
ESKURATZEN AHAL ZUTEN.- Eskura zezaketen.
GARUN.-Seso, cerebro.
GAZTARO.- Gazte denbora. Era berean: haurtzaro, zahartzaro ...
GURI.-Gizena.
HAINBESTE …  NON.- Batak bestea eskatzen du. Era berean:hain... non.
HIRA.- Ira, cólera.
METATU.- Pilatu.
OIHAN.- Selva, bosque.
PILULA.- Pastilla.
SALATARI.- Acusador/a, confidente.
TXIT.- Oso, arrunt.
ZAHARKOTE.-KOTE atzizkiak zentzu txarra du batzuetan: lodikote, zarpailkote ...
ZEINETAN.- Autore klasikoek maiz erabiltzen dute molde hau erlatiboa adierazteko.
ZERGATl.-El porqué.
ZIRUJAU.-Cirujano/a.
 

 
 

Comments
Login for comment

You may be interested