Learn playing / Tales

ipuinak
Imprimir
  • Type: Bestelakoak
  • Keywords: gombei, urte berri, lastozko, jaun, borda, zira, urmael, sandalia, arlote, jauregi, erretratu, kalamu, pinu, lorategi, emazte, senar, ipuin, saltzaile, jantzi
  • Number of visits: 888

Emaztearen erretratua

HABE aldizkariaren 41. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Cuentos populares de Asia, Doncel 1, 101-106. orr.

Bazen behin batean Gombei izeneko gizon bat. Behartsua eta inozo samarra zen. Bakarrik bizi zen borda batean. Inozoa zelako, inork ez zuen berarekin ezkondu nahi.

Arratsalde batez neskatila batek jo zuen haren atean eta gaua haren bordan pasa zezakeen galdegin zion. Gombeik ez zuen egundo halako emakume ederrik ikusi. Horregatik biziro poztu zen barrura sartu zenean. Gau hartan, afalondoan, honela esan zion emakumeak:

-Bakarrik bizi zarela ikusten dut. Ni ere bakarrik nago. Emaztetzat hartu nahi al nauzu?

Gombeik ezin zuen bere adur onean sinetsi. Beraz, ezkondu egin ziren.

Ezkontzak oso zoriontsu egin zuen Gombei, baina zailtasun galantak ere izan zituen bere lana burutzeko. Bere emaztetxoaz hain maitemindua zegoelarik, ezin zituen begiak harengandik kendu, ezta une batez ere. Kalamuzko sandaliak egiten zituenean, askotan konturatzeke bost edo sei oinen neurrikoak irteten zitzaizkion, zeren begiak bere emaztearengan jarrita baitzeuzkan eta ez bere lanean. Lastozko zirak egiten zituenean, askotan hamar edo hogei oinetakoak izaten ziren, zeren nahiago baitzuen bere emaztea zer egiten ari zen ikustea berak egiten zuenari arreta jartzea baino. Bere sandaliek eta zirek ez zuten inorentzat balio.

Orduan soroetara joaten zen lanera. Minutu gutxi batzuk pasa orduko, etxera etorri ohi zen korrika, oihu eginez:

- Hor al zara, ene emaztetxo?

Horrela bada, ez zuen ia ezertxo ere egiten egun osoan.

- Hau ez da burubidea -esan zuen berekiko emazteak. Joan zen bada hirira eta artista bati bere erretratua egiteko eskatu zion. Eraman zuen etxera eta Gombeiri esan zion:

- Hemen duzu nire erretratua. Jar ezazu zintzilika hurrengo andere-mahatsean. Soroan ari zaren bitartean begiratzen badiozu, ez duzu hainbeste nire beharrik sumatuko.

Gombeik emaztearen esana egin zuen. Minutu gutxi batzuk pasa ondoren, lanari utzi eta bere emaztearen erretratuari begiratzen zion, baina ez zen lehen bezain sarri bere etxera korrika joaten.

Egun batean, ordea, bat-bateko haize-bolada batek eraman zuen erretratua, zeru aldera altxatuz. Gombei saiatu zen harrapatzen, baina berehala galdu zuen begi bistatik. Negar saminez, Gombei etxera joan zen lasterka bere emazteari esatera.

- Ez dio axolarik, ene senarra -kontsolatu zuen emazteak-. Hirira joango naiz beste erretratu bat egin diezadaten, gero zuri emateko.

Bien bitartean lehen erretratua airean hegaka joan zen, azkenik jauregi bateko lorategian erori zen arte. Erretratua ikusi bezain laster, jauregiko jauna erretratuko emakumeaz maitemindu zen.

- Erretratua baldin bada, pertsona bat egon behar du nonbait -pentsatu zuen berekiko-; horrela bada, ordena eman zien bere mutilei emakume hura bila zezaten eta lehenbailehen ekar ziezaioten.

Mutilak herriz herri joan ziren erretratuarekin, norbaitek emakume hura ezagutzen zuen galdetuz. Azkenean, Gombei bizi zen herrira iritsi ziren.

- Emakume hau ezagutzen al duzue? -galdetu zioten herriko jendeari, erretratua erakutsiz.

- A, bai, Gombeiren emaztea da -erantzuten zuen herriko jendeak erretratua ikusi orduko.

- Geure jaunari eraman behar diogu --esan zuten, eta emakumea eraman nahian hasi ziren.

- Mesedez, ez ezazue eraman -erregutu zien Gombeik; baina haren erregu guztiak alferrikakoak izan ziren. Negarraren negarrez, haren malkoek oin bateko sakonera zuen urmaela egin zuten.
- Ez egin negarrik, Gombei. -esan zion emazteak- Orain ez daukagu ezer egiterik, baina entzun. Urte Berri bezperan jauregira etorri behar duzu, eta zatozenean, ekar itzazu pinuak Urte Berritan sarrerako atea apaintzeko. Orduan elkar ikusteko aukera izango dugu eta dena ongi irtengo da.

Ezer esateko astirik gabe, jauregira eraman zuten emakumea. Egunak joan egunak etorri, Gombeik uste zuen hara joateko garaia izango zela ordurako. Azkenik, norbaitek esan zion Urte Berri bezpera zela. Jauregira abiatu zen, bizkarrean pinu-sorta handia zuela. Laster ikusiko zuen berriro bere emazte maitea!

Jauregiko ateetara iritsi zenean, oihuka hasi zen:

- Pinuak, pinuak! Pinu finak Urte Berritarako!

Jauregi barrutik entzun zion emazteak eta irribarre egin zuen. Huraxe zen lehen aldia irri egiten zuela jauregira eraman zutenetik. Jauregiko jauna oso pozik jarri zen emakumea hain kontent ikustean, eta pinu-saltzaileari deitzeko ordena eman zien zerbitzariei.

Gombei agertu zenean, are eta kontentuago jarri zen haren emaztea. Eta hain delizioski makurtu zen haren aurrean non jaunak honela pentsatu baitzuen berekiko:

- Pinu-saltzaile bat horren atsegin bazaio, neu ere horietariko bat bihurtuko naiz.

Jantziak berekin trukatzeko agindu zion Gombeiri. Pinu-saltzaile bezala arlote jantzirik, lorategian gora eta behera paseatzen hasi zen, oihuka:

- Pinuak, pinuak! Pinu finak Urte Berritarako!

Horrenbestez Gombeiren emaztea askoz kontentuago jarri zen. Bere eskutxoekin txaloak jo eta barre egiten zuen. Jauna hain pozik zegoen emakumea barrezka ikustean, non dantzan hasi baitzen lorategian, pinuak bizkarrean zituela.

- Pinuak, pinu finak! -oihu egiten zuen behin eta berriro-. Dantzan segitu zuen lorategian zehar eta horrela jauregiko ateetatik kanpora irten zen ia konturatu gabe.

Kanpora irten bezain laster, Gombeiren emazteak jauregiko ateak ixteko agindu zien zerbitzariei. Une baten ondoren, jauna konturatu zen ez zegoela lorategian. Hurbildu zen jauregiko ateetara eta harri eta zur gelditu zen itxita zeudela ikustean.

- Uztazue sartzen! Uztazue sartzen! -oihu egin zuen, baina inork ez zion erantzun.

Jauregi barruan Gombeik eta bere emazte bizkorrak nahi zuten guztia zeukaten. Horrela bada, zoriontsu izan ziren betiko.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

ADUR ONA.-Zorte ona. Buena fortuna.
ANDERE-MAHATS.- Grosellero. Fruta-arbolak -ONDO atzizkiaz adierazten dira: gaztainondo, gereziondo, aranondo...
ARE ETA KONTENTUAGO.- Más contento/a aún.
ARLOTE JANTZI.- Zarpail jantzi.
ARRETA JARRl.- Prestar o poner atención.
BEREKIN TRUKATU.- Cambiar con él/ella.
BORDA.- Cabaña.
EGUNDO.-Sekula, inoiz ere.
HAIN DELIZIOSKI … NON.- Tan deliciosamente... que.
HARRI ETA ZUR.- Erabat harrituta.
HAU EZ DA BURUBIDEA.- Hau ez da pulamentua.
IKUSI ORDUKO.- Ikusi bezain laster.
INOZO.- Simple.
KALAMUZKO SANDALIAK.- Sandalias de cáñamo.
LANA BURUTU.- Llevar a cabo el trabajo.
LASTOZKO ZlRAK.- Impermeables de paja.
LORATEGI.- Jardin.
MAITEMINDUA EGON.- Estar enamorado/a.
OIN BATEKO SAKONERA ZUEN URMAELA.- Un estanque de un pie de profundidad.
PASA ZEZAKEEN.- Pasatzen ahal zuen.
SORO.- Alorra. Campo de labranza.
SUMATU.- Nabaritu, sentitu.
UZTAZUE.- Utz iezadazue.

 
 

Comments
Login for comment

You may be interested

  • Zerura igo nahi izan zuen erregea
    Text Irakurriaren ulermena
    Others
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Zerura igo nahi izan zuen erregea

    Tales - Aug 10, 1983 - 927 Visits
  • Egurzalea eta heriotza

    La Fontaine

    Text Irakurriaren ulermena
    Others
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Egurzalea eta heriotza

    Tales - Aug 8, 1981 - 1035 Visits
  • Zeus eta Europa

    Mario Meunier

    Text Irakurriaren ulermena
    Others
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Zeus eta Europa

    Tales - Apr 12, 1983 - 2552 Visits
  • HABE Aldizkaria - 41 alea
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    HABE Aldizkaria - 41 alea

    Aurkibidea 6 Antton Olariagarekin elkarrizketa. "Frustazioak isiltzeak tristura dakar" 10 1983: Euskal Zinearen balantzea. Bertako estilorik eza 20 48.000 kilometroko Land Roverrez Asian zehar (eta II). 70 urteko emakume sherpa gurekin 22 Lekeition, orain dela berrogei urteko jostailuak bilduta 26 Iparraldeak zazpi kooperatiba ditu jadanik 36 Ipuinak: Emaztearen erretratua 40 Bi joko berri jolaserako. Eta abar luze bat: kuxkuxeroak, fotonobela, kantak, horoskopo berritua...   ...[+]

    HABE Magazine - Apr 15, 1984 - 382 Visits
  • Dedalo eta Ikaro

    Mario Meunier

    Text Irakurriaren ulermena
    Others
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Dedalo eta Ikaro

    Tales - Aug 23, 1984 - 1926 Visits
  • Hefesto edo Vulcano

    Mario Meunier

    Text Irakurriaren ulermena
    Others
    0
    Number of comments
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa
    izar grisa

    Hefesto edo Vulcano

    Tales - Aug 18, 1984 - 1082 Visits
  • Etxegiroan.com

    Etxegiroan.com

    Etxegiroan.com atarian aurkituko ditugunak narrazio laburrak, poemak, liburuen pasarteak eta haurrentzako ipuinak dira, ahoz grabatuak eta musikaz batera eskainiak. ...[+]

    Services and resources - Jul 26, 2010
  • Radio Dramas

    Radio Dramas

  • Narration exercises

    Narration exercises