Learn playing / Tales

ipuinak
Imprimir
  • Type: Bestelakoak
  • Keywords: esker txarreko, doko, banbu, errain, behartsu, agure, saski, emazte, senar, zahar, seme, ipuin, guraso, azoka
  • Number of visits: 2089

Dokoa

HABE aldizkariaren 39. alean eman zen argitara ipuin hau, 1984an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

DONCEL. Cuentos Populares de Asia, 2, 1982, 183-188. orr.


Behin batez, herri txiki batean, familia behartsu bat bizi zen lau pertsonaz osatua: gizon bat bere andrearekin, hauen semetxoa eta gizonaren aita zaharra. Agurea urte luzetan lanean aritua zen eta orain oso zaharra zen lanean segitzeko. Orain, beraz. bere semearen eta errainaren baitan zegoen erabat, hauek zama handitzat zeukatelarik.

Denbora joan eta denbora etorri, agurea gero eta astunago gertatzen zitzaien. Besteren beharra zuen, baina ez semeak eta ez errainak ez zuten haren kargu egin nahi. Ematen zizkioten hondarrak jaten zituen eta aurkitzen zituen arropa zaharrez janzten zen. Batzuetan hotzak eta goseak egoten zen. Zenbaitetan umeari gupida ematen zion bere aitona zaharrak eta bere janaritik ematen zion, baina gurasoek errieta ematen zioten horretan ikusten zutenean, janaria alferrik galtzeko era zela esanez.

Agurea oso zoritxarreko zen horrela tratatzen zutela ikusirik, eta beti purrustadaka eta kexu zebilen. Hala ere, bera kontsolatu beharrean, andre-gizonak atsotitz zahar bat errepikatzen zioten batak besteari: "Idi zaharra estropezuka eta agurea kexaka”.

Gero eta okerrago zihoazen gauzak. Agureak gero eta eskakizun handiagoak zituen, eta haren semea eta erraina gero eta larriago zebiltzan. Azkenean, agurea denbora gehiagoz ezin jasanik, hartaz nola libratu asmatzen hasi ziren isilpean.

Agurea hartu, leku bazter batera eraman eta bertan uztea erabaki zuten. Gizonak azokara zihoala esan zuen doko bat erostera, banbu artetuzko saski handi bat, bere aita hartu eta etxetik ateratzeko.

-Bazterren batean utziko dut gehiago etxera itzul ez dadin. Arbola baten azpian utziko dut bidearen ondoan. Agian norbaitek ikusiko du, gupida izango dio eta berarekin eramango du -esan zuen gizonak.

-Baina zer esango diegu geure auzokoei? -galdegin zuen emazteak- Konturatuko dira aita ez dagoela hemen. Zer esan behar diegu galdetzen digutenean?

-Ba esango diegu lur sakratu batera eramatea nahi zuela berak, gelditzen zaion bizitza bakean pasatzeko -erantzun zuen senarrak.

Horrela egin zituzten beren planak. Gurasoak konturatu gabe, semeak haien hizketaldia entzun zuen. Aitak dokoa erosi eta merkatua utzi bezain laster, umeak galdegin zuen:

-Ama, nora bota behar duzue aitona?

-Ez, ez! -erantzun zuen presaka amak- Ez dugu aitona bota behar. Ez dugu horrelakorik egiteko asmorik. Kontuan har ezazu hemen ezin duela gutariko inork zaindu, zure aitak eta biok lan egin behar baitugu egun osoan. Hortaz, zure aitak aitona ondo zaindu dezaketen leku batera eramatea erabaki du.

-Non dago leku hori? -galdetu zuen umeak.

-O, oso urrun. Zuk ez duzu ezagutzen leku hori.

-Eta nork zaindu behar du han aitona?

-Ez kezkatu horretaz. Jende on asko izango du bera zaintzeko -esan zuen amak segurantzaz.

Iluntzen hasi zuenean, gizona doko handi batekin etxera zen. Ilundu arte itxoiten egon zen, ez baitzuen nahi auzokoek zer egin behar zuen ikustea. Erabat ilundu zuenean, agurea dokoan sartu zuen.

-Zer gertatzen da? -galdetu zuen agureak izuturik-. Nora naramazu doko honekin?.

-Aita, zuk ondotxo dakizu emazteak eta biok ezin zaitugula zaindu. Beraz, leku sakratu batera eramango zaitut eta bertako jendea oso onbera izango da zurekin -erantzun zion semeak-. Han askoz hobeto egongo zara.

Baina ez zuen agurea engainatu ahal izan. Berehalaxe konturatu zen zer egin nahi zuten berekin, eta esan zuen:

-O, esker txarreko seme! Gogora itzazu nik zu zaintzen pasatako urte luze haiek, zu handitzen ari zinen bitartean... Honela pagatzen didazu orain.

Eta hau esanik, bere semea eta erraina madarikatzen hasi zen.

Haserretu egin zen gizona. Indar eginez dokoa bizkarrera jaso eta presaka abiatu zen. Umeak den-dena ikusi zuen isilean. Hain zuzen, bere aita gauean desagertzera zihoan unean, umeak oihuka esan zuen:
-Aita, aitona botatzen duzunean. ez ahaztu dokoa berriro etxera ekartzeaz!

Umearen hitz hauekin txokaturik, gizona gelditu zen eta atzera begira galdetu zion:

-Zertarako. ene seme?

Eta umearen erantzun xaloa hauxe izan zen:

-Nik ere horren beharra izango dudalako, zahartzen zarenean zu botatzeko.

Hitz hauek entzutean, gizonaren zangoak dardarka hasi ziren. Ez zen gauza pauso bat aurrera egiteko. Horrela bada, buelta eman eta etxera itzuli zen bere aitarekin.


HIZTEGI LAGUNGARRIA

AGURE.- Gizon zaharra.
ASTUN.- Pesado/a.
ATSOTITZ.- Errefraua.
AUZOKOAK.- Vecinos/as.
AZOKA.- Merkatua, feria.
BANBU ARTETUA.- Bambú entretejido.
DARDARKA.- Dardarizoka.
DESAGERTU.- Desaparecer.
ERRAINAREN BAITAN.- Dependiendo de la nuera.
ERREPIKATU.- Repetir.
ERRIETA EMAN.- Errietan egin. Reñir.
ESKAKIZUN.- Eskaera.
ESKER TXARREKO.-Desagradecido/a. Antonimoa: esker onekoa.
ESTROPEZUKA.- Tropezando.
ETXERA ZEN.- Etxeratu zen.
GUPIDA EMAN.- Pena edo errukia eman.
JASAN.- Eraman, sufritu, aguantatu.
KEXAKA.- Kexu.
MADARIKATU.- Maldecir.
NARAMAZU.- Zuk ni eraman, orainaldi trinkoan.
ONBERA.-Atsegina. Atzizki berarekin: sentibera, minbera ...
SEGURANTZA.- Segurtasuna.
XALO.- Sotil. Sencillo/a.
-Z OSATUA.- Compuesto de.
ZAMA.- Karga.
ZANGOAK.- Hankak.
 

 
 

Comments
Login for comment

You may be interested