Learn playing / Tales

ipuinak
Imprimir
  • Type: Bestelakoak
  • Keywords: antxume, ahuntz, errementari, otso, txinatar, asia, irentsi, ama, ipuin
  • Number of visits: 1454

Ahuntza eta otsoa

HABE aldizkariaren 29. alean eman zen argitara ipuin hau, 1983an. Testua eguneratuta ekarri dugu orain IPUINAK atalera.

Cuentos Populares de Asia, 3, Doncel, Madrid, 1982, 115-120. orr.

Bazen behin batean ahuntz txinatar bat, buruan bi adarrekin ikusi dituzuen horietariko bat, nahiz eta beste batzuetan ez ikusi. Ahuntzama zen eta hiru antxume zituen, Hakak, Pukak eta Kulula Sangak txikia.

Egun batean, ama bere antxumeentzat jateko bila joan zen. Kanpoan zen bitartean, otso bat sartu zen etxean eta hiru antxumeak irentsi zituen.

Itzuli zenean, amak ez zituen inondik ere antxumeak aurkitzen. Tristuraz beterik, eseri eta zer gertatu ote zen pentsatzen jarri zen. Bat-batean, otsoaz oroitu zen.

Azkar-azkar ama otsoaren etxera joan zen korrika. Igo zen teilatura eta apoekin kolpeka hasi zen. Otsoak oihu egin zuen etxe barnetik:

- Nor ari da nire teilatuan kolpeka eta nire gonbidatuen bazkarira hautsa botatzen? Bazkaria zikina dago eta nire gonbidatuak itsututa geldituko dira horrenbeste hautsekin.

Amak erantzun zuen:

- Ni buruan bi adar dituen ahuntz txinatarra naiz, batzuetan ikusten duzuna eta beste batzuetan ez. Esadazu orain: Nork jan zuen nire Pukak? Eta nork jan zuen nire Kulula Sangak txikia?

Otsoak erantzun:

- Neuk jan nuen zure Hakak. Neuk jan nuen zure Pukak. Eta neuk jan nuen zure Kulula Sangak txikia ere.

Ahuntzak esan zuen:

- Bihar biok borroka egingo dugu.

Otsoak esan zuen: Oso ongi, bihar borroka egingo dugu.

Ahuntza bere etxera joan zen eta esne-katilu bat bete zuen. Biharamunean, goizean goiz, errementariari eraman zion esnea. Eta honela esan zion:

- Otso madarikatu horrek nire hiru umeak jan ditu. Mesedez zorroztu iezazkidazu ondo adarrak, zeren gaur bazkalondoan borroka egin behar baitugu otsoak eta biok. Katilukada esne hau ekarri dizut zure lanaren ordain bezala.

Hartu zuen errementariak esnea eta gero ahuntzaren adarrak zorroztu zituen, ezpata bezain zorrotzak utzi arte.

Handik laster, otso zitala errementerian azaldu zen. Zaku bat zekarren, harriz eta lokatzaz betea. Honela esan zion errementariari:

- Mesedez, zorroztu iezazkidazu hortzak, zeren bazkalondoan borroka egin behar baitugu ahuntz txinatarrak eta biok. Zure lana ordaintzeko janari-zaku hau ekarri dizut.

Baina errementariak zakuaren barman begiratu zuenean, ez zuen lokatza eta harriak besterik ikusi. Haserre bizian jarri zen, eta otsoak ahoa ireki zuenean, errementariak, hortzak zorrozten ari zelakoa eginez, atera egin zizkion. Azkenean esan zuen:

- Ederki, hortzak zorroztuta dauzkazu.

Bazkalondoan, otsoa eta ahuntz txinatarra elkarri begira egon ziren buruz buru, borrokan hasteko prest. Otsoak esan zuen:

- Ekin zuk lehendabizi!

Ahuntzak erantzun:

- Ekin zuk lehendabizi.

Orduan otsoak, ahora irekiz, ahuntzari eraso zion, urdaila irekiko ziolakoan. Baina hortzik ez baitzeukan, atzamarkada batzuk besterik ez zizkion egin.

Ondoren ahuntzaren txanda zen. Burua jaitsiz, otsoari eraso zion. Haren adar zorrotzek otsoaren urdailean sartu eta egundoko zarrastada egin zioten. Otsoaren urdailetik Hakak irten zen orduan. Gero Pukak irten zen, eta azkenean Kuluka Sangak txikia ere azaldu zen.

Bere antxumeak onik eta salbu ikusteaz poz-pozik, ahuntzak aurpegia garbitu zien eta gero pozez beterik joan ziren denak etxera. Eta harrez gero pozik, oso pozik, bizitu ziren ahuntz txinatarra, Hakak eta Pukak eta Kulula Sangak txikia.

HIZTEGI LAGUNGARRIA

AHUNTZ TXINATAR BAT.- Una cabra china.
ANTXUME.- Cabrito/a.
APO.- Pezuña.
ATZAMARKADA.- Pellizco.
BIHARAMUNEAN.- Al día siguiente.
BURUZ BURU.- Aurrez aurre. Frente a frente.
EGUNDOKO ZARRAZTADA.- Ebaki handia.
EKIN.- Eraso, hasi atakatzen.
ERREMENTERI.- Herrero/a.
ERREMENTERIA.- Herrería.
ESADAZU.- Esan iezadazu.
ESNE-KATILUA.- Ontzia bera. Katilu esnea: katilukada esnea.
GONBIDATU.- Otordu edo festa batera deitua.
HASERRE BIZIAN.- Oso haserre.
HORTZAK ZORROZTEN ARI ZELAKOA EGINEZ.- Haciendo como que le afilaba los dientes.
IRENTSI.- Tragatu. Engullir.
LOKATZ.- Lohia, lupetza. Barro.
ONIK ETA SALBU.- Sano/as y salvo/as.
OTSO ZITALA.- Otso makurra edo gaiztoa.
URDAILA IREKIKO ZIOLAKOAN.- Tripa irekiko ziolako ustetan.
ZORROZTU IEZAZKIDAZU.- Afílame. Antonimoa: kamustu.
 

 
 

Comments
Login for comment

You may be interested