Docutec Card

Euskararen misterioa

Euskara, hizkuntza zaharrenetariko eta misteriotsuarenaren inguruko galdera asko argitu eta bizi euskararen historiako esperientzia Azkue Fundazioaren dokumental honen bidez.

Euskararen gaineko dokumental honetan asko dira jorratzen diren gaiak, hala nola: Zenbat euskara dauden horren txikia den lurraldean, Euskalkien aberastasuna, Euskararen bilakaera edota bizirik irautearen arrazoiak zein diren.

Bideoaren egilea Azkue Fundazioa da.

Iturria: http://www.youtube.com/watch?v=EdAsNV1-xJI
Bideoaren gaztelaniazko bertsioa helbide honetan aurkituko duzu.

 

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

Gorria bilakatu zen horizonte zerutarra abuztuko goiz epelean. Aztikeriaz zipriztindutako giro hartan, baserriko babesa utzi zuen Mikelek ardiak mendian gora eramateko. Hara heltzeko, Oba erreka zeharkatu behar zuen gure artzain gazteak eta heldu zenean urez gainezka zegoela ikusi zuen. Gauza bitxia, udako hilabeteetan euri gutxi egin baitzuen.
Errekaren bestaldean lamia eder batek bere ile mataza luzea apaintzen zuen urrezko orrazi distiratsuaz.
-“Aizu, emakume, nolatan igaro dezaket artaldea bestaldera?” –galdetu zion artzainak-
-“Gauaren iluntasunak harrapatu orduko, sabelean dudan haurraren izena asmatu beharko duzu. Gustuko baldin badut, harrizko zubi bat eraikiko dut zure artaldea bestaldera igaro ahal izateko. Baina horrela ez bada, bailara urperatuko dut betirako” –erantzun zion lamiak-.
Bere aitak kontatutako istorioa gogoratu zuen orduan Mikelek. Badirudi artzain gazteak ez zuela bere ama ezagutu, jaio zen egun berean hil zen emakumea.
Hitz egiteko garaia heldu zitzaionean, bere lehenbiziko urteurrenean bi hitz bota zituen: “aita, hor! Aitor deituko diozu” –erantzun zion artzainak-
Bat-batean, lamia eder hura harrizko zubi bihurtu zen eta Mikelek bere ardiak mendian gora eraman ahal izan zituen.
Kondairak dio lamiaren sabeletik jaiotako ume hark zazpi seme-alaba izan zituela eta haiek guztiek Euskal Herriko zazpi probintziak sortu zituztela. Kondairen kutsu erromantikoak egiazko istorioak apaintzen ditu, egiazko istorio konplexu eta mamitsuak. Eta euskararen izatea kondairez jantzia izan den arren, errealitateak bestelako istorioak eskaintzen dizkigu.
Joseba Etxebarria: Kristo aurretik 6.000 urte egin behar dugu atzera. Kantabriar mendikate eta Pirinioen arteko mendi-hegaletako bizilagunek euskaraz berba egiten eben garaietara, Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren aitamen bategaz geldituko naz, harek euskarak ez ebala jatorririk eta familia zabal batetik gelditutako ugartetxo bat zela esan eban.
Bere hedapen geografikoa murrizten joan zen mendeen joanean. Batez ere, erromatarrekin izandako lehenbiziko harremanen ondoren. Horrela, Kristo ondorengo lehenbiziko eta hirugarren mendeetan, aitzineuskara zeritzona Garoñaraino zabaltzen zen iparraldetik, Andorraraino ekialdetik, Zaragozaraino hegoaldetik eta Burgoseraino hego-ekialdetik.
Hizkuntzalarien iritziz, euskara ez dago beste inongo hizkuntzekin ahaideturik, ez gaur egungoekin eta ez historikoekin ere.
XVI. mendeaz geroztik galdera asko egin izan dira bere jatorri geografikoari eta genetikoari buruz. Eta erantzunak ere ugariak izan dira.
Jatorri indoeuroparra ez duen hizkuntzetariko bat da eta hortik abiatuta aditu eta idazle askok beste hizkuntza batzuekin erkatu dute, ahaidetasun edo antzekotasunen bat bilatu nahian. Bereberea, guantxera, somaliera, egiptoera, georgiera, errusiera…ez dute euskara eta haien artean ahaidetasun garbirik aurkitu, beraz, euskararen jatorria ezezaguna zaigu oraindik.
Joseba Etxebarria: Munduko inperiorik boteretsuenari ihes egin ahal zaio?
Estitxu Fernandez: Kristo aitzinetik bigarren mendean gaude, erromatarrak Euskal Herrira heldu dira. Euskal ekonomia tradizionalak ekonomia hiritarrengan izanen duen eraginak, horrexek erranen du euskararen bilakaera historikoa nolakoa izanen den.
Izan ere, euskara mundu tradizionalari estuki lotua egon da beti, kanpoko eraginetatik babestuta. Hirietan, ordea, hizkuntza erromantzeek beraien tartea aurkitu zuten, zatiketa soziolinguistikoa probokatuz. Euskara pixkanaka-pixkanaka hirietatik alboratua izan zen, erromatar inperioaren mendebaldeko gainbeherarekin mendeak iraungo zuen euskal gizartearen nekazal-prozesua hasi zen.
Prozesu horrek euskal gizartearen indartze eta egonkortasuna ekarri zuen.
Lehenbiziko mendean euskararen lurraldea egungoa baino zabalagoa zen. Ordukoak dira euskarazko lehen hitz idatziak, Akitaniako hilarrietan agertuak. XVI. Mendera arte, halere, ez da euskara hutsez idatzitako lehenbiziko liburua argitaratuko. Bernat Etxepare baxenafarraren eskutik Linguae Vasconum Primitiae liburua argitaratu zen. XIX. mendean Euskal Pizkundea delakoaren sorrera eta garapena gauzatu ziren. Garai hartan argitaratu zen lehenengo aldizkaria euskaraz. XX. mendeko industrializazioak, ordea, eragin nabarmena izan zuen euskararen bilakaeran. Urte gutxitan gutxiengo baten hizkuntza bilakatu zen. Euskaldun asko nekazal guneetatik hirira lekualdatu zen, estatu espainiarretik gaztelaniaz hitz egiten zuen langile ugari etorri zen gurera eta gaztelaniazko eskolatzea nagusitu zen.
1936 eta 1976. urteen bitartean, frankismoak euskara gogor jazarri zuen, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Frankismoaren ondoren, euskararen berpizkundea hasi zen.

Zenbat euskara horren lurralde txikirako
Euskalkien aberastasuna

Peio Artetxe: XIX. mendearen bigarren zatian Louis Lucien Bonaparte filologo eta politikari frantsesak bost aldiz bidaiatuko da Euskal Herrira eta bertan lana gogoz burutu ondoren, 1863an zortzi euskalki bereiziko ditu: bizkaiera, gipuzkera, Iparraldeko goi-nafarrera, Hegoaldeko goi-nafarrera, lapurtera, Mendebaldeko behe-nafarrera, Ekialdeko behe-nafarrera eta zuberera.
Geroago, Koldo Zuazo ikertzaileak egingo zuen mapa linguistiko berrian sei euskalki bereiztu ziren: lapurtera, behe-nafarrera, zuberera, gipuzkera, bizkaiera eta nafarrera.
Euskaltzaindiak, euskararen akademiak, hizkuntza normalizatzearen alde gogor ekin zuen.
1968. urtea, Arantzazuko Biltzarra. Euskaltzaindiak euskara batua izeneko erregistro idatzia onartu eta sustatzea erabaki zuen. Biltzar hartan, euskararen batasuna bultzatu zutenen artean, besteak beste, Txillardegi eta Gabriel Aresti idazleak, Koldo Mitxelena eta Aita Villasante hizkuntzalariak izan ziren.
Hizkuntzaren batasuna, Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko euskalki nagusiekin egin zen. Zehazki: Elizondo, Beterri eta Sarako euskara erabili zuten eredu gisa. Euskalkien aniztasunerako erreferentzia-puntu bilakatu da euskara batua, beti ere, euskalkien onuratik elikatuz.

Bilakaera edo hil?

Joana Oyharçabal.- 1960ko hamarkada, euskaldunek beren mintzaira berriz eskuratzeko mugimendua abiatzen dute. Hegoaldean, lehen ikastolak sortzen dira, erran nahi baitu euskara hutsean ikasteko parada emaiten duten lehen eskolak. Euskal kulturaren aldeko mugimendua hasten da.
Helduek euskara ikasteko helburuaz, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea eratuko da eta Euskaltzaindia buru-belarri arituko da normalizazioaren alde.
Ikastolen sarearekin batera, euskara hutsezko D ereduko eskola publikoa ere garatuko da.
Euskal Herriko komunikabide garrantzitsuenak elebakarrak izaten jarraitzen duten arren, euskara hutsezko komunikabideak sortuko dira.
Egun, dauden telebista, kate eta irrati nagusietatik soilik batek ematen du euskara hutsean. Egunkari bakarra dago idatzia euskara hutsean eta tokian tokiko aldizkariak dira euskaraz idatzita dauden bakarrak.
Egun, Internet bidezko komunikazioa eta globalizazioaren aurrean, ahalegin esanguratsuak egiten ari gara komunikabide berrietan euskararen presentzia areagotzeko.
Azken hamar urteetan, Internet euskaraz erabili dutenen kopurua 100.000 lagunetik 200.000ra igo da.
Euskara munduan zehar hedatzeko informazio eta komunikazio teknologiak tresna aproposak direla ohartu gara.
Behin eta berriz honako galdera azaleratzen zait: Zergatik ez da gure hizkuntza hau azken 2.000 urteetan desagertu?

Bizirik irautearen zergatia

Erantzunak ez du inolako misteriorik. Alde batetik, halabeharrak babestu zuen gure hizkuntza Euskal herriko txoko basatien eta gizarte hiritarretik at isolaturik. Bestalde, eta aldi berean, gure aurrekoen lanaren ondorioa gara. Euskarak bizirik dirau eta izate berri honi eustea nahitaezkoa da dugun altxorrik preziatuena mantentzeko hurrengo 6.000 urteetan iraunarazteko.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 12, 2012
Number: 943010
Source:
Dialect:
  • Nahasia
Duration: 12:03
Number of visits: 9388