Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Eraztunaren boterea

Kermanek eraztuna erosi du ezkondu egingo den lagun bati oparitzeko, baina eraztuna ez da edozein eraztun.
Egiturak:
- Gabe eta barik beti partitiboarekin edo nor mugagabearekin: ke gabe / kerik gabe.
- Agintera adierazten duten perpaus osagarriekin -t(z)eko erabili behar da: *kontuz ibiltzea esan diote / kontuz ibiltzeko esan diote.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KERMAN: Kaixo, Esti. Aspaldiko!!!!
ESTIBALIZ: Aspaldiko, bai! Baneukan zu ikusteko gogoa, Kerman!
KERMAN: Nik ere bai... Baina bata dela, bestea dela, astia gabe ibiltzen gara beti...
ESTIBALIZ: Hala da, bai! Bueno, gaur  berreskuratuko dugu galdutako denbora. Baina, kontaidazu! Zelan dabiltza Kirmen, Mikel Pablo eta konpainia?
KERMAN: Mikel Pablo eta Kirmen betiko moduan... Baina Gontzal Marirena kontatzen dizudanean, hitzak gabe geratuko zara!Ezkondu egingo da!Aurki gainera!
ESTIBALIZ: Ez da izango egia! Hori bai notizia! Ez nuen espero...
KERMAN: Ezta nik ere...
ESTIBALIZ: Ene! Eta zelako kaxa polita  daukazun hemen! Zer da barruan ba?  
KERMAN: Kendu atzamar horiek! Ez ukitu nire kaxa. Bestela besoa barik itzuliko zara etxera!
ESTIBALIZ: Jesus, Kerman! Sekulako sustoa eman didazun! Zer dago barruan? Eraztuna da?
KERMAN: Uzteko ba kaxa bakean! Hortzak barik utziko zaitut bestela... Eraztun hori nirea da...
ESTIBALIZ: Kerman... Nahikoa da txantxa horrekin... Zer dago barruan, eraztuna  orduan?
KERMAN: Bai. Eraztuna da bai... Baina nirea da...

AZALPENA:
Gogoan izan, «gabe» eta «barik» postposizioekin nor kasua mugagabean edo partitiboa erabiliko dugula. Hortaz, «eraztun barik etorri zara» eta «hitzik gabe geratuko zara» esango dugu. «Eraztuna barik etorri zara», «hitzak gabe geratuko zara» eta tankerakoak, berriz, baztertu egingo ditugu.

ESTIBALIZ: Kerman, benetan... Oso arraro zaude gero!...
KERMAN: Arrazoi duzu, Esti. Barkatu... Eraztunaren botereagatik da...
ESTIBALIZ: Eraztunaren boterea? Kerman, mesedez... Tira, erakutsidazu behintzat
KERMAN: Bai, bai... Begira...
ESTIBALIZ: Ene! Oso polita da! Begira...
KERMAN: Eraztuna ez ukitzea esan dizut!!!!Kendu atzamar zikin horiek!
ESTIBALIZ: Jesus, Kerman! Berriro hasiko zara kontu horrekin!
KERMAN: Ohartarazi zaitut lehen ere eraztunaren boterearekin ez jokatzea! Oso arriskutsua da...
ESTIBALIZ: Nahikoa da Kerman!! Esango didazu behintzat nondik atera duzun, zorioneko eraztun hori?
KERMAN: Erosi egin dut! Hara bestea! Aitziberrentzat da! Espero dut ondo geratzea...
ESTIBALIZ: Ea... Utzi probatzen...
KERMAN: Eraztuna bere lekuan uztea agindu dizut! Ekarri! Begira, ederki geratuko zaio, kito!
ESTIBALIZ: Ez dakit nik ba... Zuri ondo geratzen bazaizu, Aitziberri txarto geratuko zaion seinale...
KERMAN: Ez ba... Nik ere oso atzamar... Ene!... trabatuta geratu zait...
ESTIBALIZ: Klaro! Esan dizut lehen ere... Zuk Aitziberrek baino atzamar zabalagoak edukiko dituzu.
KERMAN: Eta nik isilik egotea diotsut ! Eraztunaren botereagatik da...

AZALPENA:.
«Bere lekuan uztea agindu dizut» eta « isilik egotea esan dizut» erako esaldiak okerrak dira. Agintea adierazten diguten perpaus osagarriekin «-t(z)eko» marka erabiliko dugu. Beraz, «bere lekuan uzteko agindu dizut» eta «isilik egoteko esan dizut» dira forma egokiak.

KERMAN: Kontuz, Esti! Atzamarrik gabe utziko nauzu bestela!
ESTIBALIZ: Barkatu, baina oso gogorra dago. Xaboi apur bat edukiko bagenu behintzat...
KERMAN: Xaboia? Zertarako?

ESTIBALIZ: Eraztuna ateratzeko, gizona!
KERMAN: Eguzkitarako krema daukat! Nik ezin dut krema gabe eguzkirik hartu! Botaidazu, pixka bat.
ESTIBALIZ: Ea ba...
KERMAN: Pixka bat botatzeko esan dizut! Krema barik utzi nauzu. Orain ezin izango dut eguzkirik hartu...
ESTIBALIZ: Bueno, Kerman, orain garrantzitsuena eraztuna ateratzea da.  Saia zaitez...
KERMAN: Ezin dut... Eraztunaren boterearekin kontuz ibiltzeko ohartarazi ninduten.
ESTIBALIZ: Kerman, mesedez, ez hasi berriro kontu horrekin... Eraztun bat besterik ez da eta...
KERMAN: Horrelakorik ez esateko esan dizut! Oso eraztun berezia da hau...
ESTIBALIZ: Tira, tira... Asma dezagun zure atzamarra askatzeko beste moduren bat...
KERMAN: Bai, ezin naiz eraztunik gabe joan Aitziberrengana... Ezusteko bat neukala esan nion atzo...
ESTIBALIZ: urarekin saiatuko gara? Badaukazu urik?
KERMAN: Ez... Ur botila barik geratu gara etxean eta ez dut erosteko tarterik izan...
ESTIBALIZ: Eta itsasoko urarekin probatzen badugu...
KERMAN: Ideia ona!
ESTIBALIZ: Eta? Ateratzen al da?
KERMAN: Ba pixka bat mugitu da... Ama!!!! Itsasoak eraman du!!!!
ESTIBALIZ: Ez da izango egia!!!!!

AZALPENA:.
Eraztuna gora, eraztuna behera ibili da  gaur gure Kerman xelebrea. Lehen zatian, «gabe» eta «barik» postposizioekin «nor» kasua mugagabean edo partitiboa erabiliko dugula gogorarazi dizuegu. Beraz, «eraztun barik joan ziren» eta «hitzik gabe geratu zara» esango dugu. «eraztuna barik joan ziren» edota «hitzak gabe geratu zara», ordea, alde batera utziko ditugu.

Bestalde, agintera adierazten diguten perpaus osagarriekin «-t(z)eko» marka erabiltzen dugula ikusi dugu. Beraz, «Kontuz ibiltzeko esan zidaten» edota «isiltzeko agindu dizut» dira forma zuzenak. «kontuz ibiltzea esan zidaten», «isiltzea agindu dizut» eta tankerakoak, aldiz, txartzat emango ditugu.

Hauxe gaurko saioa lagunok, zuek badakizue ezta? Honekin edo harekin baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment