Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Maitasun edabea

Kerman Camilerekin paseatzen ari da baina ez da arretaz ari eta Camile urduri jartzen ari da. Zer du buruan Kermanek? Agian, esperimenturen bat?

Egiturak:

Mota adierazteko -zko atzizkia zenbait kasutan ez da beharrezkoa: gramatika ariketa, informatika ikastaroa, euskara irakaslea... adibidez.

Bitartekoa adierazteko -(e)z marka erabiliko dugu: eginez, esanez...
 



 

Transcription:[+] Transcription:[-]

CAMILLE: Eta? Zer moduz lanean?
KERMAN: Betiko moduan...
CAMILLE: Eta euskaltegian?
KERMAN: Betiko moduan...
CAMILLE: Baina, zer duzu? arrunt  despistatua iduri duzu! Entzun nauzu?
KERMAN: Bai, bai... Euskaltegiari buruz galdetu didazu...
CAMILLE: Eta?
KERMAN: Ba ondo. Gramatikazko ariketa pila egiten ibili gara azkenaldian. Betiko moduan!
CAMILLE: Eta lanari buruz ez duzu berri handirik ere ez?
KERMAN: Ba gauza handirik ez, egia esan. Informatikazko ikastaro bat egin dugu. Bestela, berririk ez.
CAMILLE: Baina, zer ari zara (ZIRA) begiratzen? Zorriak baditut, ala?
KERMAN: Ez ba... Zure euskarazko irakaslearekin akordatu naiz... Oraindik ere gustukoa duzu?
CAMILLE: Tira, bai... Oso zintzoa da... Baina besterik ez... baina, Kerman! Zer ari zara egiten?
KERMAN: Zure ile bat behar nuen, Camille... Kimikazko esperimentu bat egin behar dut, kar, kar...
CAMILLE: Esperimentu bat? Nire ilearekin? Baina, Kerman! Kerman!

AZALPENA:
«Gramatikazko ariketak», «informatikazko ikastaroa», «euskarazko irakaslea», «kimikazko esperimentua» eta halako formak okerrak dira euskaraz. Mota adierazteko, nahikoa dugu «gramatika ariketak», «informatika ikastaroa», «euskara irakaslea», «kimika esperimentua» eta tankerakoak erabiltzea.

CAMILLE: Kerman, azaldu egin behar didazu zure esperimentu hori...
KERMAN: Camille, hau ez da esperimentu bat, kar, kar... Maitasun-edabe bat baizik!
CAMILLE: Maitasun-edabe bat? Zertarako?
KERMAN: Zure irakasle hori maitemintzeko! Kar, kar...Zertarako bestela?
CAMILLE: Baina, baina, Kerman! Erotu zara (ZIRA)?
KERMAN: Zer uste duzu, hitz egiten maiteminduko duzula? Argi dago horrek ez dizula funtzionatu.  
CAMILLE: Baliteke... Baina (BAINAN) tontakeria (ZOZOKERIA) handiagoa da horrelako (HOLAKO) edabe bat prestatzea...
KERMAN: Camille, ez izan ezkorra! Agian funtzionatu egingo du! Eta hori, proba egiten baino ez dugu jakingo!Tira, Camille, edan ezazu tragotxo bat!
CAMILLE: Baina, zaude...Non atzeman duzu errezeta hori?
KERMAN: Kontu profesionala da, Camille, lasai... Telebistan gauez azaltzen diren azti horietako batek eman du bart errezeta! Gauza pila ikasten da telebista ikusten...
CAMILLE: Bai, bai gauza serioa da...  
KERMAN: Ikusi... Hemen dauzkat apuntatuta osagarri guztiak...
CAMILLE: Sekulako zikinkeriak sartu dituzu horren barnean!
KERMAN: Bai, sekulako lana izan da guztiak biltzea...Baina errezeta bere horretan uzten baino ez dugu arrakasta izango... Edan tragotxo bat!!!
CAMILLE: Ez. Nik ez dut zerrikeria hori edango (EDANEN)...
KERMAN: Camille, Ikusiko duzu! Zurekin txoro-txoro eginda ibiliko da mutila edabea edaten baduzu...

AZALPENA:
«Telebista ikusten gauza piloa ikasten da», « asko hitz egiten ez duzu maiteminduko» eta tankerako esaldiak ez dira egokiak. Gogoan izan, halako esaldietan bitartekoa adierazteko, «-(e)z» markaz baliatzen garela. Horrenbestez, «telebista ikusiz gauza piloa ikasten da» eta « asko hitz eginez ez duzu maiteminduko» esango dugu.

KERMAN:  Camille, sekulako lana hartu dut... Edan behintzat tragotxo txiki bat...Proba eginez baino ez dugu jakingo funtzionatzen ote duen...
CAMILLE: baina, Kerman... Uste dut ez dudala nik hartu behar baizik eta nire irakasleak!
KERMAN: Ez, ez... Telebistako aztiak argi eta garbi esan zuen!Zure euskara irakaslea maitemindu nahi dugu...Zuk edan behar duzu, beraz, edabea...
CAMILLE: Horrek ez du zentzu handirik, Kerman...
KERMAN: Agian, edabea edanez emakume erabat erakargarria bihurtuko zara! Eta, ondorioz, zure irakaslea zurekin liluratuta geratuko da.
CAMILLE: Baliteke. Baina nik ez dut sorginkerietan sinesten...
KERMAN: Ba sorginkeriak tradizio handia izan du beti Euskal Herrian. Historia liburu batean irakurri nuen.
CAMILLE: Sentitzen dut. Baina nik ez dut horrelakoetan sinesten.
KERMAN: Gainera, hau sorginkeria baino gehiago, kimika esperimentua da. Psikologia irakasleek diote amodio kontuetan kimikak garrantzia handia duela...Agian edabeak zure feromonak edo suspertuko ditu...
CAMILLE: Ados... Tragotxo bat hartuko dut... Baina zinez zuri plazer egiteko...
KERMAN: Oso ondo Camille!!!! Banekien arrazoiak emanez konbentzituko zintudala!!!!
CAMILLE: Aurrera ba...
KERMAN: Eta? Efekturik sumatzen al duzu? Camille? Camille?
CAMILLE: Kerman, inoiz ikusi ez dudan mutilik ederrena zara, guapoa, zintzoa... Maite zaitut Kerman!!! KERMAN: Ezin liteke, ezin liteke...

AZALPENA:
Edabe magikoa ekarri digu gaurko saioan gure Kermanek. Lehen zatian, «gramatikazko ariketak», «euskarazko irakaslea» eta tankerakoak txartzat eman ditugu. Horien lekuan, «gramatika ariketak» eta « euskara irakaslea» esango dugu.

Bestalde, bitartekoa adierazteko, «-(e)z» marka baliatuko dugula ikusi dugu. Hortaz, «ariketak eginez asko ikasiko duzu» edota «argudioak emanez konbentzitu zaitut» dira esaldi egokiak. «ariketak egiten asko ikasiko duzu», «argudioak ematen konbentzitu zaitut» eta tankerakoak, aldiz,  baztertu egingo ditugu.  

Hauxe gaurko ikasgaia lagunok, zuek betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment