Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kerman lankideekin

Kermanek eta bere lankideek bazkaria etxetik eramaten dute egunero lanera, eta, aspertuta daudenez, partekatzea erabaki dute.
Egiturak:
- Kantitateak izenaren ezkerrean jarri behar dira: *ur litro bat / litro bat ur.
- Ez esan *aldiz bat. Horren ordez behin erabili.

Transcription:[+] Transcription:[-]
IRATXE: Goseak amorratzen nago!
JOSUNE: Ni ere bai! Ordu biak noiz helduko zoratzen nengoen!
KERMAN: Egia! Hau da hau gosea! Ea zer daukagun gaur bazkaltzeko...
GUZTIOK: Hau asperraldia...
PEIO: Betiko entsalada tristea...
KERMAN: Nik kroketa dozena erdi daukat... Baina atzo ere jan nituen...
PEIO: Ba nik gustura jango nituzke horiek...
JOSUNE: Eta nik gustura jango nuke zure entsalada. Purea berriro! Hau bai tristea!Ospitaleko jana ematen du.
KERMAN: Ene! Pure litro bat ekarri duzu eta! Gosez ez zara geratuko behintzat...
JOSUNE: Bai zera! Bi litro janda ere, goseak geratuko nintzateke. Hau ez da fundamentuzko jana...
PEIO: Ba ez du itxura txarra...
JOSUNE: Ba tori, zuretzat!
KERMAN: Eta zuk, Iratxe? Zer daukazu?
IRATXE: Solomoa... Berriro... Aste honetan ia egunero jan dut...
KERMAN: Niri aurrekoan gauza bera gertatu zitzaidan. Haragi xehatu kilo bat erosi nuen, eta 7 egun eman nituen albondigak jaten...
PEIO: Hau tristura...
IRATXE: Eta egunero gauza bera...
KERMAN: Aizue! Zer iruditzen, hemendik aurrera, janaria partekatzen badugu? Horrela denetik jango dugu astero!
GUZTIOK: Ideia ona!!!!!

AZALPENA
Adi egon, kantitatea adierazten diguten hitzak izenaren ezkerrean kokatuko baititugu. Horrenbestez, «litro bat ur edan nuen», «kilo bat haragi erosi nuen» edota «dozena erdi kroketa daukat» esango dugu. «Ur litro bat edan nuen», «haragi kilo bat erosi nuen» eta «kroketa dozena erdi daukat», aldiz, txartzat emango ditugu.

KERMAN: Zer daukagu gaur bazkaltzeko?
IRATXE: Patata tortilla, gazta eta urdaiazpikoarekin betea!
PEIO: Gazpatxoa!!!!Kordobako izebak prestatua.
JOSUNE: Oilasko errea! Goxo-goxoa!
KERMAN: Lekak! Amak prestatuta eta baserritik ekarrita!
KERMAN: Ene... Zeinen ideia ona izan den jakiak partekatzea... Aste honetan aldiz bat bakarrik jango ditut lekak!!!
JOSUNE: Ideia bikaina izan da, bai jauna!
PEIO: Otorduak askoz ere dibertigarriagoak dira horrela.
IRATXE: Eta orekatuago jaten dugu!
KERMAN:Inondik inora. Izan ere, komeni da arrautzak astean aldiz bat jatea. Barazkiak, ordea, egunero...
PEIO: Lekaleak astean hirutan.
JOSUNE: Arroza eta pasta astean behin.
KERMAN: Eta zerealak egunean aldiz bat jan behar dira...
PEIO: Tira, gauza da orain behingoz gustura bazkaltzen dugula.
KERMAN: Gazpatxoa probatzeko irrikaz nago. Aldiz bat bakarrik jan dut nire bizitza osoan, Andaluziara bidaian joan nintzenean.
IRATXE: Ba ederra dago, hartu, hartu...
KERMAN: Mmmm... Bai goxoa!!!!
PEIO: Ideia bikaina izan da janaria partekatzea...
GUZTIAK:Bikaina!!!!

AZALPENA
«Aldiz bat jan dut gazpatxoa nire bizitzan» edota « komeni da astean aldiz bat  arrautza jatea» esaldiak okerrak dira euskaraz. Gogoan izan, «aldiz bat» formaren ordez, «behin» erabiliko dugula. Hortaz, «behin jan dut gazpatxoa nire bizitzan» eta «komeni da astean behin arrautza jatea» izango dira forma egokiak.

KERMAN: Eta? Zer daukagu gaur bazkaltzeko?
PEIO: Entsalada! Itxura ona du ezta?
KERMAN: Itxura ona? Nahi bai! Entsalada astean behin jatea nahikoa! Zer uste duzu, barraskiloak garela? Kilo bat entsalada jan dugu dagoeneko. Egunero ekartzen duzu gauza bera!
JOSUNE: Egia, Peio! Ez duzu ganorazko ezer prestatzen! Nik ez dut nire barazki krema zurekin partekatuko!
KERMAN: Barazki krema? Pure zatar bat besterik ez da eta! Litro bat pure jan dugu aste honetan zure kontura! Eta gazi-gazia dago gainera. Badirudi kilo bat gatz bota diozula! Litro bat ur edanda ere ez dago zaporea aldatzerik!
JOSUNE: Eta? Zuk zer ekarri duzu ba? Kroketak berriro?
KERMAN: Bai, goxo-goxoak! Eta aste honetan behin ekarri ditut soilik.
IRATXE: Goxo-goxoak? Mesedez! Izoztuak dira eta!
KERMAN: Izoztuak? Ez ba! Behin baino ez didazu halakorik esango, Iratxe!Ez nago prest halako...
PEIO: Halako zer? E? Zer? Akabo kroketak
KERMAN: Erotu al gara?

AZALPENA:
Janaria partekatzea erabaki dute gaur Kermanek eta bere lankideek. Lehen zatian azaldu dizuegunez, kantitateak adierazten dizkiguten hitzak izenaren ezkerrean kokatuko ditugu. Hortaz, «litro bat ur edan nuen» edota « Kilo bat patata bota diozu» esango dugu. «Ur litro bat edan nuen», «patata kilo bat bota diozu» eta tankerakoak, aldiz, txartzat emango ditugu.

Bestalde, «aldiz bat» forma desegokitzat jo dugu. Gogoan izan,  horren ordez, «behin» erabiliko dugula.
Beraz, «hilabete honetan behin ekarri dut entsalada» edota «astean behin jaten dut arroza» dira esaldi egokiak. «Hilabete honetan aldiz bat ekarri dut entsalada», «astean aldiz bat jaten dut arroza» eta halako esaldiak, ordea, baztertu egingo ditugu.

Hauxe gaurko ikasgaia lagunok, zuek betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment