Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Asmakizuna

Kermanen lagunak eguzkia arriskurik gabe hartzeko asmakizuna dauka. Bakarrik falta zaio Kerman konbentzitzea.
Egiturak:
- Eman aditzaren gehiegizko erabilera: *istripu asko ematen dira / istripu asko gertatzen dira.
- Bat hitzaren pluralaren deklinabidea (batzuk).

Transcription:[+] Transcription:[-]
KERMAN: Mikel, nondik atera duzu aterki xelebre hori? Mary Poppinsena al da?
MIKEL: Ez da aterki bat, Kerman! Nire azken asmakizuna da!
KERMAN: Zure azken asmakizuna? Zer esan nahi duzu?
MIKEL: Ea ba... Azalduko dizut . Jendeari beltzaran egotea gustatzen zaio, ezta? Eta askotan denbora larriegi egoten dira eguzkipean.
KERMAN: Egia! Udan batez ere, intsolazio asko ematen dira.
MIKEL: Ez da hori bakarrik. Eguzki azpian denbora larregi egonez gero, gaitz larriak eragiten ditu.
KERMAN: Egia, azaleko minbizia esaterako. Eguzki gehiegi hartzen duen jendearen artean ematen da batez ere minbizia mota hori.
MIKEL: Kremak ere badaude. Baina nahiko likinak dira. Eta gainera, azaleko alergia ematen diete batzuei, gainera.
KERMAN: Bai, bai... Alergiak oso hedatuta daude. Eta azaleko alergiak ematen dira batik bat gaur egun.
MIKEL: Ba nire asmakizunari esker, akabo dira alergiak, intsolazioak eta minbiziak.  Honen azpian inongo problemarik gabe hartu dezakezu eguzkia...
KERMAN: Mikel, hori asmatuta dago... Baina esango nuke ez duela oso ondo funtzionatzen...
MIKEL: Badakit, baina nik asmakizuna hobetu egin dut... Begira, begira...
KERMAN: Ez dakit nik ba...

AZALPENA
Kontuz ibili «eman» aditzarekin, gaztelaniazko adiera batzuetan neurriz kanpo erabiltzen baitugu. Horrenbestez, «azaleko alergiak ematen dira udaberrian» edota « udan intsolazio asko ematen dira» formak ez dira egokiak. Horien ordez, hobe da « azaleko alergiak izaten dira udaberrian» eta «udan intsolazio asko izaten dira» motakoak esatea.

KERMAN: Mikel, ez dakit nik ba... Ordubete daramagu aterkiaren azpian eta...
MIKEL: Ez dela aterkia, Kerman!
KERMAN: Tira... ordubete daramagu "eguzkitakoaren" azpian eta ni ez naiz batere belztu.
MIKEL: Pazientzia apur bat eduki behar duzu. eguzki azpian belzteko denbora egon behar duzu
KERMAN: Batzuri asko kostatzen zaie belztea, baina niri ez. Berehalako batean belzten naiz ni...
MIKEL: Bueno, Kerman...
KERMAN: Edonola ere, ez zait horren asmakizun ona iruditzen... Ez da batere erosoa...
MIKEL: Ez dela erosoa?  Zer ba?
KERMAN: Nire kasuan, adibidez. Batzutan autobusez joaten naiz hondartzara... Bainujantzia eta eskuoihala hartu eta kito. Ez daukat traste gehiago eramateko gogorik. Nahiago dut krema potoa hartu zure zorioneko aterkitzar hori baino...
MIKEL: lehen ere esan dizut Kerman!! Ez dela aterkia bat!!!!! Gainera, hondartzara etortzen den edozein familiarentzat oso aproposa da.
KERMAN: Ba, ez zait iruditzen. Familia batzuk hiru edo lau seme-alaba dauzkate... Zer egingo dute? Ume bakoitzarentzat aterki bana erosi?
MIKEL: Astuna zara gero Kerman, ez dela aterkia!!!
KERMAN: Berdin dio... Beste abantaila batzuk aipatzen ez badizkidazu... Ez dizut erosiko...
MIKEL: Abantailak!... Badakit! Euskal Herriko eguraldia nahiko aldakorra da, ezta?
KERMAN: Hala da, bai...
MIKEL: Ba hondartzan zaudela euria hasten bada, aterki moduan ere erabil dezakezu...
KERMAN: Orduan aterkia da...
MIKEL: Eneeeeee!!!
KERMAN: Mikel, Mikel!

AZALPENA
Gogoan izan, « batzuk» dela hitza, pluralean beti, eta ez «batzu».  Beraz, «familia batzuk seme-alabekin etortzen dira hondartzara», « batzuetan autobusez joaten naiz» edota «batzuei ez zaie eguzkia hartzea gustatzen» dira molde egokiak. «Familia batzu seme-alabekin etortzen dira hondartzara», «batzutan autobusez joaten naiz» eta «batzuri ez zaie eguzkia hartzea gustatzen», aldiz, txartzat emango ditugu.

KERMAN: Aterki gisa ez dago gaizki, baina eguzkia hartzeko...
MIKEL: Tira, Kerman! Klaru dago! Ez zaizu batere gustatu nire asmakizuna
KERMAN: Hori ere ez da... Agian aldaketa batzuk egiten badizkiozu...Gehitu gailuren bat edo beste  
MIKEL: Ez noa ezer ipintzera! Dagoen moduan asmakizun mundiala da.
KERMAN: Tira, MIKEL. Batzuetan merezi du aldaketak onartzea...Agian zure asmakizuna hobetuko zenuke ...
MIKEL: Bueno, zuk zer diozu?
KERMAN: Tira... Hondartzan arazo gehiago izaten dira...Intsolazioena ez da arazo bakarra...Istripuak ere gertatzen dira!!! Batzuek ez dakite igerian eta ito egiten dira, esaterako!!!!
MIKEL: Eta? Zer ikusi dauka horrek nire eguzkitakoarekin?
KERMAN: Beste batzuei, berriz, medusek zizta egiten diete... Mikel, pentsatu al duzu horretan?
MIKEL: Ba, ez ... Nik eguzkia lasai hartzeko gailu bat bakarrik asmatu gura nuen...
KERMAN: Ba gaizki egina! Hainbat funtzio dituzten gailuak nahi ditu jendeak orain!!!! Hiru batean!!! Eta horrelakoak...
MIKEL: Ez dut piperrik ere ulertzen...
KERMAN: Jarriozu zure asmakizun honi flotagailu bat, eta medusak akabatzeko arpoi bat, eta kito!
MIKEL: Arpoi bat?  Flotagailu bat? Baina zelan ipiniko diozu hori aterki bati????
KERMAN: Hara! Aterkia da orduan!!!!! Banengoen ba ni!!!! Hori beste kontu bat da...
MIKEL: Ezin liteke, ezin liteke...
KERMAN: I'm singing in the rain...

AZALPENA:
Kerman asmakizunetan ere aditua dela ikusi dugu gaur.  Lehen zatian esan dizuegunez, batzuetan «eman» aditza gehiegitxo erabiltzen dugu. Hortaz, «hondartzan istripu asko gertatzen dira» edota « udan azaleko alergia gehiago izaten dira» esango dugu.
«Hondartzan istripu asko ematen dira», «udan azaleko alergia gehiago ematen dira» eta tankerakoak, berriz, saihesten saiatuko gara.

Bigarrenik, «bat» hitzaren plurala «batzuk» dela azaldu dizuegu. Horrenbestez, «batzuk igeri egitera etortzen dira», «batzuei ez zaie hondartza gustatzen» edota «batzuetan merezi du aldaketak egitea» dira forma egokiak. «batzu igeri egitera etortzen dira», «batzuri ez zaie hondartza gustatzen» eta «batzutan merezi du aldaketak egitea», txartzat emango ditugu.
 
Hauxe gaurko ikasgaia lagunok, eta zuek betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment