Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Nor dabil hor?

Bulegoan ari dira lanean Kerman eta bere laguna. Berandu da baina ez dute lana bukatu.
Egiturak:
- Ez nahastu goizean eta goizez egiturak: Goizez lan egin dut eta bihar goizean lan egin behar dut esango dugu.
- Bestalde, zenbat eta nagusiago, orduan eta beldurtiago eta halako formak erabiliko ditugu.

Transcription:[+] Transcription:[-]
PEIO: Aupa Naiara! Bai... Bulegoan jarraitzen dugu... Ez dakit noiz bukatuko dugun... Lan dezente daukagu oraindik egiteko...
KERMAN: Eta lan egin beharrean, kontu-kontari jarraitzen baduzu, gau osoa emango dugu lanean, Peio!
PEIO: Bi minutu baino ez dira izan, Kerman!
KERMAN: Bi minutu, bi minutu... Gauza bera esan didazu gaur goizez. Denbora tontakeriatan galdu eta galdu ibili zara. Eta, azkenean, zure erruagatik, ostiral gauez lan egin behar! Ederra kontua!
PEIO: Kerman! Nire errua izango da orain, marka da gero! Barkatu, Naiara, egingo dugu hitz! Kerman zeu  zara lan egin beharrean kafe makinan kafeak edan eta edan ibili dena.
KERMAN: Kafeak edan eta edan! Bai zera! Gaur arratsaldez kafe bakarra edan dut! Zuk, ordea, lan egin beharrean, txatean ematen dituzu lan orduak.
PEIO: Txatean? Mesedez! Kerman! hori guztiz modaz pasatuta dago! Ez al dakizu ezer sare sozialei buruz? Ni Facebook eta twitterren aritu naiz ni! Begira... Hau da nire nicka, superpeio86...
KERMAN: Utz nazazu bakean zure supertontakeriekin! Nahi baduzu ibil zaitez gauez interneten. Baina, goizez, egin ezazu zure lana.
PEIO: Zer ordu da, Kerman?
KERMAN: Hamar eta erdiak!
PEIO: Primeran!!!!
KERMAN: Nola?
KERMAN: Hamar eta erdiak! Gaua beraz! Interneten ibiltzeko ordua!!!!
KERMAN: Peiol!!!!

AZALPENA
«Goizez lan egiten dut» eta «arratsaldez eskolara joaten naiz» zuzenak dira euskaraz. Era berean, gogoan izan,  «bihar goizean lan egin behar dut» edota «larunbat arratsaldean eskolara joan behar dut» esango dugula. «bihar goizez lan egin behar dut», «larunbat arratsaldez eskolara joan behar dut» eta tankerakoak, aldiz, baztertu egingo ditugu.

KERMAN: Johnson Consultingen lehen txostena behar dut. Eta ez dago hemen... Agian biltegian egongo da... Joan zaitez bila, Peio.
PEIO: Biltegira? Ez dakit nik ba...
KERMAN: Peio, joateko ba!Zenbat eta lehenago joan, gero eta azkarrago bukatuko dugu lana.
PEIO:  Biltegia oso ilun dago. Ni ez noa bakarrik.
KERMAN: Peio, mesedez. Bost metrora dago eta. Zoaz!
PEIO: Bost metrora bai! Baina pasilloa oso ilun dago. Ni ez noa.
KERMAN: Peio, mesedez, zenbat eta nagusiago, gero eta beldurtiago... Ezin liteke! Joateko ba biltegira behingoz!
PEIO: Zoaz zu, beldur ez bazara...Ala, goazen elkarrekin...
KERMAN: Tira, tira... Goazen biok...Baina goazen behingoz! Zenbat eta gehiago diskutitu, orduan eta beranduago amaituko dugu lana!
PEIO: Lasai, Kerman, ni izango naiz zure bizkartzaina...  
KERMAN: Peio! Mesedez! Sekulako sustoa eman didazu...
PEIO: Oso ilun dago, ezta?Eman dezagun buelta!
KERMAN: Peio, mesedez! Zenbat eta gehiago pentsatu, gero eta beldur handiagoa izango duzu!
PEIO: Ama!!!! Zarata bat entzun dut! Biltegitik zetorren, ezta?
KERMAN: Peio, beldurrari aurre egiteko unea da. Joan zaitez zu aurretik! On egingo dizu! Txoke terapia esaten zaio horri!  
PEIO: Ni aurretik? Ez dut uste... Nagusiei aurretik joaten utzi behar zaie beti! Zoaz zu!  
KERMAN: Ez, mesedez, zu!
PEIO: Ez ez, zu!
BIAK: Amaaaaaaa!!!!

AZALPENA
«Zenbat eta nagusiago, gero eta beldurtiago» eta tankerako egiturak ez dira egokiak euskaraz. Horien lekuan, «zenbat eta nagusiago, orduan eta beldurtiago» eta halako formak erabiliko ditugu.

PEIO: Zuk ere entzun duzu, ezta Kerman?
KERMAN: Bai... Zer izango ote zen? Hemen gauez ez du inork lan egiten...
PEIO: Agian lapur bat izango da! Biltegian ezkutatuko zen, gaur arratsaldean!
KERMAN: Ni gaur arratsaldean biltegian izan naiz. Eta ez dut inor ikusi.
PEIO: Ondo ezkutatuko zen! Ziur lapur profesionala izango dela!Goazen hemendik!
KERMAN: Ezin gara joan lapurra hemen utzita! Nagusiak badaki gaur gauean bulegoan geratu garela. Lapurreta guri leporatuko digute.
PEIO: Egia da Kerman! Zer egingo dugu orduan? Gureak egin du!
KERMAN: Biltegira sartu beharko dugu, begiratzera.
PEIO: Biltegira sartu? Hori oso arriskutsua da...
KERMAN: Ez daukagu beste aukerarik, Peio. Goazen, zenbat eta lehenago egin, orduan eta azkarrago amaituko dugu.
PEIO: Ondo da, ondo da...
BIAK: Bat, bi eta hiru!
KERMAN: Nor dabil hor? Hor bazaude, atera oraintxe bertan eskuak altxatuta!!
PEIO: Hobe duzu amore eman. Poliziari deitu diogu!
KERMAN: Zenbat eta lehenago errenditu, orduan eta zigor txikiagoa izango duzu...
BIAK: Amaaaaaa...

AZALPENA
Beldurrak akabatzen topatu ditugu gaurko saioan Kerman eta bere laguna. Lehen zatian, ikusi dugu «goizez lan egiten dut», «arratsaldez eskolara joaten naiz» eta tankerakoak zuzenak direla. Era berean, gogoan izan, «bihar goizean lan egin behar dut» edota «larunbat arratsaldean eskolara joango naiz» esango dugula.
«bihar goizez lan egin behar dut», «larunbat arratsaldez eskolara joango naiz» eta tankerakoak, berriz, txartzat emango ditugu.

Bestalde, «zenbat eta nagusiago, orduan eta beldurtiago» eta erako egiturak erabiliko ditugula azaldu dizuegu. «zenbat eta nagusiago, gero eta beldurtiago» eta horrelakoak, berriz, baztertu egingo ditugu.

Hauxe gaurko ikasgaia lagunok, zuek betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment