Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kermanen boligrafoa

Kermanek gauzak ez ahazteko erabiltzen duen metodoa azaldu nahi dio bere lagunari.
Egiturak:
- Ez erabili hainbeste *suposa dezagun. Horren ordez hobe da demagun edo jo dezagun esatea.
- Hobe da egituraren erabilera.

Transcription:[+] Transcription:[-]
KERMAN: Akordatu al zinen herenegun Mikel Pabloren urtebetetzearekin?
BEÑAT: Ene!  Ahaztu egin zitzaidan! Desastre hutsa naiz datekin...
KERMAN: Nik ere agendan apuntatu behar izaten dut dena. Eskerrak agendari! Suposa dezagun bihar bilera daukadala, ba apuntatu egiten dut! Eta horrela gauza guztiekin, urtebetetzeak barne!
BEÑAT: Nik ere apuntatuta neukan Mikel Pabloren urtebetetzea... Baina horrenbeste gauza apuntatzen ditut agendan... Ez nuen ikusi ere egin...
KERMAN: Niri ere gauza bera gertatzen zitzaidan... Baina topatu dut konponbidea. Koloretako boligrafoa! Suposa dezagun gauza garrantzitsu bat apuntatu behar dudala agendan! Ba gorriz apuntatzen dut!
BEÑAT: Hara...
KERMAN: Suposa dezagun, berriz, apuntatu behar dudana ez dela horren garrantzitsua... Ba urdinez apuntatzen dut...
BEÑAT: Begira...
KERMAN: Suposa dezagun laneko kontua dela. Orduan beltzez...
BEÑAT: Hori da hori antolakuntza...
KERMAN: Suposa dezagun gauza arraro edo aspergarriren bat egin behar dudala... Berdez orduan...
BEÑAT: Kerman... Nirekin egin duzun hitzordu hau berdez apuntatua daukazu...
KERMAN: Ez ba... Erratu egin zara!!!!

AZALPENA
Kontuz ibili, «suposa dezagun» esamoldearekin, batzuetan neurriz kanpo erabiltzen baitugu. Euskaraz jatorragoa da, «demagun» edota «jo dezagun» esatea.

KERMAN:  Ba, niri, bizitza aldatu dit boligrafo honek, kar, kar... Sekulako asmakizuna da!
BEÑAT: Kerman, mesedez, ez da horrenbesterako izango...
KERMAN: Izango ez da ba... Bizitza konplikatua daukagu denok gaur egun.Eta hobe da ondo antolatzea eta txukuna izatea. Bestela jai daukagu...
BEÑAT: Baliteke... Baina traste zaharra baino zaharragoa da zure zorioneko boligrafo hori. Gaur egun badira agenda elektronikoak eta antzekoak.
KERMAN: Agenda elektronikoak! Hobe  halakoetan konfiantza ez izatea... Betiko agenda eta boligrafoak askoz ere fidagarriagoak dira.
BEÑAT: Tira, Kerman, baliteke... Baina bizitza aldatu dizula esatea, gehiegitxo iruditzen zait...
KERMAN: Ba boligrafo hau daukadanetik, ez dut zita batera ere hutsik egin. Ez dut urtebetetze bat ere ahaztu! Eta ez dut azterketa bakar bat ere suspenditu.
BEÑAT: Azterketak aipatzen dituzula... Ikasteko geratuta geunden gu biok...
KERMAN: Egia! Hobe ikasten hastea, datorren astean azterketa daukagu eta.
BEÑAT: Ni oso atzeratuta nabil, gainera. Irakasleak ez digu azterketa prestatzeko tarterik utzi.
KERMAN: Arrazoi duzu. Baina hobe da ezer ez esatea. Sekulako jenioa dauka horrek...
BEÑAT: Ba ni etsita nabil horrenbeste apunterekin...
KERMAN: Ez naiz harritzen... Nahi al duzu azterketa egunerako boligrafo bat erostea?
BEÑAT: Ez, Kerman. Mila esker. Ez da beharrezkoa...

AZALPENA
Gogoan izan « hobe izan» egiturarekin, oro har, aditz-izena baliatuko dugula. Horrenbestez, «hobe da azterketa ondo prestatzea» eta « hobe da ezer ez esatea» esango dugu.

BEÑAT: Nik sekulako saltsa daukat aditz-taulekin. Ez zaizkit buruan sartzen.
KERMAN: Ez nau harritzen. Hara zer taula narrasak!
BEÑAT: Kerman, irakasleak banatu zituen fotokopiak dira!
KERMAN: Badakit! Baina hobe da aditz-taulak koloretan izatea!!! Begira!
BEÑAT: Eta? Zein da ba zure taula hauen misterioa?
KERMAN: Jo dezagun aditz erroa nabarmendu nahi dudala. Ba gorriz jartzen dut!
BEÑAT: Hori asmakizuna!
KERMAN: Demagun berriz, kasua bereizteko lanak ditudala. Ba orduan hobe da kasua gorriz jartzea eta erroa urdinez uztea! Horrela askoz ere argiago ikusten da dena...
BEÑAT: Tira, Kerman...
KERMAN: Eta gainontzeko apunteekin berdin. Hobe da gaiak ondo antolatzea. Esaterako. Demagun gramatikarekin arazoak ditudala. Ba gramatika apunteak gorriz hartzen ditut. Atsotitzak berriz, beltzez. Esaera jatorrak berdez...
BEÑAT: Kerman!!!! Nazka-nazka eginda naukazu zure ditxosozko boligrafo horrekin. Ene! James Bonden boligrafoa dela ematen du!
KERMAN: James Bonden boligrafoa?
BEÑAT: Bai, gizona! Kamara, telefonoa, grabagailua eta halako gailuak zituena...
KERMAN: Grabagailua, telefonoa, kamara??? Marka da gero!!!!! Hobe da lehenbailehen erostea!!!!!

AZALPENA
Koloretako boligrafoarekin gora eta behera ibili zaigu gaur Kerman.

Lehen zatian ikusi dugu, «suposa dezagun» esamoldea gehiegitxo erabiltzen dugula. Horren tokian, «demagun» edota «jo dezagun» baliatuko ditugu.

Bestalde, «hobe da»  egitura landu dugu gaurko saioan. Gogoan izan, oro har, «hobe da gaiak ondo antolatzea» edota «hobe da lehenbailehen erostea» esango dugula.

Hauxe gaurko ikasgaia lagunok, zuek betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment