Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kerman inbidiak jota

Kerman lur jota dago. Ingurukok guztiek inbidia ematen diote. Bueno, denek ez.
Egiturak:
- Hautatu, aukeratu eta izendatu aditzekin osagai predikatiboa mugagabean: lehendakari aukeratu dute.
- Anaia, neba, arreba eta ahizpa hitzen erabilera.

Transcription:[+] Transcription:[-]
KERMAN: A zer nolako etxe politak dituzten Elorrion... Hori inbidia!
NAIARA: Inbidia? Kerman! Zergatik? Horrelako etxeak herri txikietan ere baditugu. Zu hiriburu handien zalea zarenez...
KERMAN: Ba niri inbidia ematen dit, kito!
NAIARA: Tira, goazen gaia aldatzera...Ze... Burugogor jartzen zarenean... Zer moduz dabil Mikel Pablo Unibertsitatean? Lortuko al du aurten, behingoz, ikasketak amaitzea?
KERMAN: Mikel Pablo? Ederki dabil! Bere ikasgelako ordezkaria hautatu dute. Hori inbidia!
NAIARA: Kerman! Mikel Pablok pila bat urte daramatza Unibertsitatean. Eta oraindik lehen mailako ikasgaiak gainditu gabe dauzka.
KERMAN: Eta? Bost axola! Inork ez dio erreparatzen horri. Jendeak beste gauza batzuei ematen die garrantzia. Esaterako: joan den urtean ikasle batzordeko presidentea aukeratu zuten Mikel Pablo. Eta aurten bere ikasgelako...
NAIARA: Bai, aurten ikasgelako ordezkari hautatu dute. Esan didazu lehen ere. Hori da hori lorpena! Eta laster, Unibertsitateko ikaslerik zaharrena bihurtuko da!
KERMAN: Egia! Orduan, agian, datorren urtean ohorezko ikaslea izendatuko dute. Agian bere argazkia jarriko dute fakultateko sarreran... Edo kafetegian! Hori da hori inbidia!
NAIARA: Kerman, mesedez!!!

AZALPENA:
Gogoan izan «hautatu», «aukeratu» eta «izendatu» aditzekin osagarri predikatiboa mugagabean jarriko dugula. Beraz, «Mikel Pablo zuzendari hautatu zuten» edota «Gontzal mari ordezkari izendatu dute» dira forma egokiak.«Mikel Pablo zuzendaria hautatu zuten» eta «Gontzal mari ordezkaria izendatu dute» ordea, txartzat emango ditugu.

NAIARA: Tira, eta zer moduz dabil Yolanda?  
KERMAN: Tatianaren arreba? Mutilak utzi du... Hori zortea...
NAIARA: Erotu al gara Kerman? Horrek ere inbidia ematen dizu ala?
KERMAN: Noski! Orain Yolanda aske da nahi duena egiteko! Zenbat erokeria egingo nituzke nik bere lekuan banengo...
NAIARA: Kerman, zuk ere edozer gauza egin dezakezu. Ez daukazu eta bikotekiderik!
KERMAN: Ez da gauza bera, ez da gauza bera...
NAIARA: Tira, goazen gaia aldatzera! Zer moduz dabil Gontzal Mari?
KERMAN: Primeran! Laster ezkonduko da Tatianarekin!
NAIARA: Hara! Ba gaia aldatzera goaz...
KERMAN: Zer ba? Inbidia ematen didatela uste duzu? Kar, kar...
NAIARA: Ez, baina dena ondo doakienez...
KERMAN: Bai... Baina Tatiana ahizpa bat bezalakoa da niretzat. Bera pozik badago, neu ere bai.
NAIARA: Eta?
KERMAN: Eta Gontzal Mari inoiz eduki ez dudan neba txikia bezalakoa da niretzat. Izugarri maite dut.
NAIARA: Kerman, baina, zuk baduzu anaia txiki bat: Kirmen!
KERMAN: Egia, Kirmen... Ene... Hori da hori zorte txarra nirea... Gontzal Mariren nebak, horrek bai baduela zortea. Hori da hori inbidia!!!
NAIARA: Kerman!!!

AZALPENA:
Gogoan izan, emakumezkoek «neba» eta «ahizpa» dituztela, eta gizonezkoek «arreba» eta «anaia». Hortaz, «Tatianaren arreba», «Tatianaren anaia» edota « Kermanen neba» eta « Kermanen ahizpa» ez dira egokiak euskaraz. Horien ordez, «Tatianaren ahizpa», «Tatianaren neba» edota  «Kermanen anaia» eta «Kermanen arreba»  esango dugu.

KERMAN: Tira, eta zu? Zer moduz zabiltza?
NAIARA:Ba egia esan, nahiko ondo, bai.
KERMAN: Bai esan dit Aitziberrek lanean zuzendari orde izendatu zaituztela. Soldata igoko zizuten gainera...
NAIARA: Ba bai, soldata igo didate...
KERMAN: Zure lankideek langile batzordeko ordezkari hautatu zaituzte gainera... Ingurukoek estimatzen zaituzten seinale...
NAIARA: Hala ematen du, bai... Orain beraien nagusia naiz, eta hala eta guztiz ere, estimatzen nautela uste dut.
KERMAN: Bikote kontuetan ere ondo, ezta? Zure nebak esan zidan mutil-lagun berria daukazula eta maiteminduta zaudela erabat. Pozez zoratzen egongo zara?  
NAIARA: Bai... poz-pozik nabil!
KERMAN: Eta zure ahizpak esan zidan zure mutil-laguna sekulako mutil katxarroa dela!
NAIARA: gaizki dago neuk esatea, baina bai, sekulako planta dauka!
KERMAN: Tira ba, pozten naiz! Orain presaka nabil. Egongo gara beste batean, ondo ibili!
NAIARA: Kerman, ez al didazu ezer gehiago esan behar?
KERMAN: Zer nahi duzu ba esatea?
NAIARA: Ez al dizut inbidiarik ematen?
KERMAN: Zuk? Inbidia? Niri? Zergatik?
NAIARA: ba ez dakit...Lanean ondo doakit, ingurukoek estimatzen naute, eta gainera sekulako mutil-laguna daukat...
KERMAN: Eta horregatik izan behar dizut nik zuri inbidia? Zer uste duzu, zure bizitza nirea baino hobea dela? Naiara, ez nekien horren harroputza zinenik!!!!

AZALPENA

Inbidiak akabatzen topatu dugu gaur gure Kerman.

Lehen zatian, «aukeratu», «izendatu» eta «hautatu» aditzekin predikatu osagarria mugagabean jartzen dugula ikusi dugu.  Hala, «klaseko ordezkari aukeratu zaituzte» edota «Mikel  Pablo zuzendari hautatu zuten» esango dugu. «Klaseko ordezkaria aukeratu zaituzte» eta « Mikel Pablo zuzendaria hautatu zuten», ordea, txartzat emango ditugu.

Bestalde, familia izenekin nahastu zaigu Kerman. Gogoratu, emakumezkoek «neba» eta «ahizpa» dituztela eta gizonezkoek «anaia» eta «arreba». Beraz, Tatianak «ahizpa» edota «neba» izan ditzake eta Kermanek, berriz, «anaia» edota «arreba»

Hauxe gaurko saioa lagunok, zuek betikoa: honekin edo harekin baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment