Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kermanen puntuak

Kermani gida-baimeneko puntuak desagertu zaizkio eta ez daki zergatik.
Egiturak:
- Ez erabili *hortik ibiliko da bezalako egiturak. Horien partez hor nonbati ibiliko da esan.
- -ren bila / -ren zain: zain eta bila noren kasuarekin erabili. *Izebari bila joan da.

Transcription:[+] Transcription:[-]
KERMAN: Begira zer jartzen duen hemen: "gidari asko gidabaimenik gabe ibiltzen da autoa hartuta errepidean"
KIRMEN: Bueno, ez nau harritzen e! Oso zaila eta garestia da gidabaimena ateratzea, Kerman
KERMAN: Ez da hori kontua. Gauza da puntuak galdu dituztela eta ez direla jabetu
KIRMEN: Eta zer egin behar da dauzkazun puntuak jakiteko?
KERMAN: Trafiko zuzendaritzaren web orrian begiratu behar da. Bilatu, Kirmen.
KIRMEN: Ondo da. Trafiko Zuzendaritzaren orrialdea. Baina, non dago puntuen kontu hori? Ez dut ikusten.
KERMAN: Ondo begiratu, gizona. Hortik (HOR NONBAIT) egongo da. Ezin da horren zaila izan.
KIRMEN: Topatu dut!
KERMAN: Bai.
KIRMEN: NAN zenbakia sartu behar da. Noiz atera zenuen zuk gidabaimena? Data jarri behar da.
KERMAN: Ez dut gogoratzen. Gidabaimenean begiratu beharko dut.
KIRMEN: Soinean al daukazu?
KERMAN: Ez. Egia esan, ez dakit non dagoen. Autora noa, hortik utziko nuen gidabaimena
KIRMEN: Nik, bitartean, nire puntuak begiratuko ditut.
KERMAN: Ene!, gizona! Zuk gidabaimena atera berri duzu eta.

Azalpena:
Adi egon "hortik egongo da", "hortik utziko nuen gidabaimena" eta tankerakoekin, ez baitira oso egokiak euskaraz. Horien lekuan, "hor nonbait" esamoldea erabiliko dugu. Hortaz, "hor nonbait egongo  da" eta "hor nonbait utziko nuen gidabaimena" dira forma zuzenak.

KERMAN: Eta? Zer moduz zure puntuak?
KIRMEN: Primeran. Guztiak dauzkat.
KERMAN: Orain nireak begiratuko ditugu. Hartu datuak.
KIRMEN: Bai. Hortxe zure puntuak.
KERMAN: Ama! Puntu pila kendu didate eta! Nola liteke! Poliziak ez nau inoiz gelditu eta ez didate isunik jarri.
KIRMEN: Tira, aurrekoan nik zure autoa hartu nuen eta poliziak gelditu egin ninduen autobidean.
KERMAN: Noiz? Durangora izeba Karmeni bila joan zinenean? Kirmen, zer arraio egin zenuen ba?
KIRMEN: Azkarregi joan nintzen, antza.
KERMAN: Baina, hemen dio isuna ere jarri didatela gaizki aparkatzeagatik. Hori ez da egia.
KIRMEN: Agian bai. Bai, agian bai. aurrekoan zure autoa hartu nuen Tatianaren bila joateko aireportura, badakizu...  
KERMAN: Autoa gaizki aparkatuta egon zinen Tatianari zain? Ene!
KIRMEN: Unetxo bat baino ez zen izan.
KERMAN: Unetxo bat? 45 minutu egon zinen eta Tatianaren zain. Kirmen, akabatu egingo zaitut! Zer egingo dut nik orain?
KIRMEN:    Ba, puntuak erosi, gizona!
KERMAN: Puntuak erosi? Nola? Hori egin daiteke?
KIRMEN: Bai, noski. Ikusi, ikusi, bai, bai.

Azalpena:
"Izeba Karmeni bila joan zinen" eta  "Tatianari zain egon nintzen" txartzat emango ditugu. Horien lekuan, ""izeba KarmenEN bila joan zinen" , "TatianaREN zain egon nintzen" eta tankerakoak esango ditugu.

KERMAN: Kirmen, gezurra esan didazu. Ezin dira puntuak erosi. Hori ez da legezkoa.
KIRMEN: Legezkoa ez da, baina egin, egin daiteke. Begira, tipo honek bere puntuak saltzen ditu eta oso merke, gainera.
KERMAN: Merke? Polizia gure bila etorriko da. Kartzela-zigorrarekin ordainduko dugu.
KIRMEN: Ez ba! Orain, jende askok egiten du trikimailu hau.
KERMAN: Nik oso zorte txarra daukat, Kirmen. Puntuak erosi eta hurrengo egunean bertan polizia etxeko atean izango dut nire zain
KIRMEN: Zeinen ezkorra zaren, Kerman! Ba, nik nire puntuak saltzea pentsatzen ari naiz. Zenbat puntu behar dira gidatu ahal izateko?
KERMAN: Ez dakit. Hor nonbait jarriko du. Baina, niri ez zait batere ideia ona iruditzen.
KIRMEN: Izango ez da ba! Orain jendeak sekulako diru pila ordaintzen du puntuengatik.
KERMAN: Gainera, zure puntu horiek berez nireak dira, zure erruagatik kendu dizkidate eta! Izeba Karmenen bila joan eta azkarregi joan zinenean eta Tatianaren zain autoan gaizki aparkatuta egon zinenean. Beraz, zure puntuen dirua niretzat izango da.
KIRMEN: Orduan, orain berdin zaizu legezkoa den ala ez?
KERMAN: Tira, berdin-berdin... zenbat diru irabaziko dugu, e?
KIRMEN: Begira
KERMAN: Hara! Ideia bikaina izan dut, Kirmen: osaba Karmeloren puntuak hemen salduko ditugu!
KIRMEN: Gainera berak ez du ezertarako behar! Hori bai, bere gidabaimena behar dugu.
KERMAN: Goazen etxera, hor nonbait gordeko zuen izebak!

Azalpena:
Gidabaimenaren puntuak saltzea aztertu dute gaur  Ugartetarrek. Lehen zatian esan dizuegunez, euskaraz egokiagoak dira "hor nonbait egongo dira" edota, "hor nonbait jarriko du" esatea. "Hortik egongo dira", "hortik jarriko du" eta tankerakoak baztertzen saiatuko gara.

Bestalde, "polizia Kirmeni bila etorri da", "Tatianari zain egon nintzen" eta mota horretakoak errepikatu ditu behin eta berriro Kermanek. Horien lekuan, "polizia Kirmenen bila etorri da" edota "Tatianari zain egon nintzen" esango dugu.

Hauxe gaurko saioa, lagunok. Zuek badakizue, ezta? Honekin edo harekin, baina egin!

 
 

Comments
Login for comment