Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kerman eta Krispin

Kermani aholkua eskatu diote, eta horretarako baduka aholkulari on bat: bere lagun krispin.
Egiturak:
- Ergatiboa.
- Ez erabili derrigorrez. Horren ordez erabili nahitaez, derrigor edo ezinbestean.

Transcription:[+] Transcription:[-]
KERMAN: Tira, Olaia, zer berri daukazu? Aspaldi honetan ez zara afari batera ere etorri. Non sartu zara?
LAGUNA: Ba, egia esan, denetarik gertatu zait, Kerman. Nondik hasi ere ez dakit.
KERMAN: Laneko kontuak, ala?
LAGUNA: Besteak beste. Enpresa oso gaizki dabil. Lan espediente horietako batean sartuta gaude eta batek daki zer etorriko den ondoren.
KERMAN: Hori larria dirudi, bai. Baina, zure sektorea hobera egiten ari da poliki-poliki. Zaude lasai.
LAGUNA: Nahiko nuke, bai. Baina, ama ere gaixo dabil eta ospitalean gora eta behera gabiltza familia osoa. Tumore bat aurkitu diote.  
KERMAN: Egon zaitez lasai. Hori ez du ezer esan nahi. Agian ez da tumore txarra.
LAGUNA: Baliteke, baina arduratuta gabiltza guztiok. Gainera, hori gutxi balitz, anaia ere guztiz deprimituta dago. Emaztearengandik banandu nahi du, baina, bien bitartean etxean berarekin jarraitzeko agindu dio abokatuak.
KERMAN: Arrazoi du abokatu hori. Bestela, arazoak izan ditzake zure anaiak. Etxea bidegabe uztea deitzen zaio horri.
LAGUNA: Bai, hala dirudi. Espero dut behintzat abokatu ona hartu izana anaiak.
KERMAN: Jantzia ematen du abokatu hori. Bai horixe!
LAGUNA: Jesus! Kerman. Eta zuk nola dakizu horrenbeste kontu ekonomia, medikuntza eta zuzenbideari buruz?
KERMAN: Nik ez dakit hitzik ere; nire lagun Krispin da hau guztia dakiena.

Azalpena:
Gogoratu erakusleei ere ergatiboa erantsi behar diegula. Horrenbestez, "Hori ez du ezer esan nahi" edota, "abokatu hori jantzia ematen du" esaldiak okerrak dira. Horien ordez, "HORREK ez du ezer esan nahi" edota, "abokatu HORREK jantzia ematen du" esango dugu.

KERMAN: Tira, Olaia, ba al dauzkazu espediente horren paperak? Krispinek begirada bat bota nahi die.
KRISPIN: Bai, bai, bai, zer proposamen egin dizue enpresan?
LAGUNA: Mesedez, Kerman. Nola erakutsiko dizkiot enpresako paperak galtzerdi bati?
KERMAN: Aizu, Olaia, ekonomia kontuetan aditua da gure Krispin.
KRISPIN: Bai eta lan espediente bat eginez gero, baldintza zerrenda bat aurkeztu behar dizue enpresak derrigorrez
LAGUNA: Eta aurkeztu... Baina, baina, zer demontre ari naiz ni galtzerdi batekin hizketan!
KERMAN: Krispin, ikusi nahi al dituzu Olaiaren amaren analisiak?
KRISPIN: Bai, izan ere, tumore horrek ez du derrigorrez txarra izan behar
LAGUNA: Bai, badakit. Espezialistak esan digu jada. Ez dut galtzerdi baten iritziaren beharrik.
KERMAN: Ba, zuretzat kalte! Barne-medikuntzan aditua da gure Krispin.
LAGUNA: Mesedez, Kerman. Gauza serioa da gure amarena.
KRISPIN: Dudarik gabe. Horregatik, ekografia eta biopsia bat egin behar diote derrigorrez"
KERMAN: Ados nago zure diagnostikoarekin, Krispin doktorea.
LAGUNA: Ezin liteke. Ezin liteke!

Azalpena:
Kontuz ibili "derrigorrez" formarekin ez baita egokiena. Horren lekuan, euskaraz, "nahitaez", "derrigor", edota, "ezinbestean" erabiliko dugu.  

KERMAN: Olaia haserretu egin dela iruditzen zait, Krispin.
KRISPIN: Horrek ez dauka zentzurik, Kerman, sekulako aholkuak eman dizkiot
KERMAN: Dudarik gabe. Egiozu kasu Krispini, Olaia. Galtzerdi honek arrazoi du beti.
KERMAN: Mesedez, Kerman. Nik neure arazoak kontatu eta zu, berriz, txantxetan zabiltza. Benetan ondo iruditzen zaizu?
KRISPIN: Kerman txantxazalea izango da, baina ni oso serioa naiz. Argi geratu dadila.
KERMAN: Argi dago oso, Krispin. Olaia, Krispini arazo larriei buruz baino ez diot galdetzen nik. Krispini deitzeko, arazoak larria izan behar du nahitaez, galtzerdi honek lan handia dauka. Ezin zaio tontakeriekin molestatu.
LAGUNA: Ba nik ez dut galtzerdi baten aholkurik nahi. Mila esker.
KRISPIN: Kerman, zelako lagunak dituzun! Honek erotuta behar du ezinbestean.
KERMAN: Olaia, ez baduzu Krispinekin hitz egin nahi, abokatu batengana jo beharko duzu, derrigor, zure enpresaren kontua dela eta.
LAGUNA: Oraintxe joango naiz, eta kito!
KRISPIN: Zergatik haserretu da? galtzerdi bat naizelako? Horrek ez dauka barkamenik"
KERMAN: Ez, ez Krispin. Nik uste dut konturatu dela zu medikuntzaz eta zuzenbideaz ez dakizula tutik ere. Hori izango da derrigor.
KRISPIN: Zuk uste? Ba, zure amak goitik behera irentsi zuen aditua naizela.

Azalpena:
Krispin Ugarte aholkuak eman eta eman ibili zaigu gaurko saioan.

Lehen zatian, erakusleei ere, hala behar dutenean, NORK kasua erantsi behar diegula ikusi dugu. Horrenbestez, "gizon hau arrazoi du", edota, "esaldi hori ez dauka zentzurik" txartzat emango ditugu. Horien tokian "gizon honek arrazoi du", eta, "esaldi horrek ez dauka zentzurik" esango dugu.
Bigarrenik, "derrigorrez joan behar dut eta tankerakoak desegokiak direla azaldu dizuegu. Hala, jatorragoak dira: "derrigor joan behar dut", "nahitaez egin behar dut", edota, "ezinbestean esan behar diot" erako formak.

Hauxe gaurko ikasgaia, lagunok. Zuek betikoa, honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment