Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Lehen musua

Kerman eta Aitziber elkarrekin ateratzen dira, baina oraingoz ezkutuan daramate harremana.
Egiturak:
- Ez erabili *lagunen gehiengoa bezalako egiturak neurriz kanpo. Horren partez, jatorragoa da lagun gehienak esatea.
- Ez ahaztu zehar galderetan -z jartzea.

Transcription:[+] Transcription:[-]
KERMAN: Aitziber, nola egingo dugu? Eseri egingo gara? Zuk zer nahiago duzu?
AITZIBER: Ba, igual, eserita hobe, ez? Hala, ez dugu jendearen arreta erakarriko...
KERMAN: Ondo da.
KERMAN: Honekin guztiarekin amaitu behar dugu, Aitziber. Nire lagunen gehiengoa zerbaiten  susmoa hartzen hasia dela iruditzen zait.
AITZIBER: Zergatik? Norbaitek ikusi gaitu, ala?
KERMAN: Ez dakit. Baina nire herriko biztanleen gehiengoak ezagutzen nau eta agian beraiek...
AITZIBER: Ni ez naiz zure herrira joan, Kerman!
KERMAN: Hori egia da... Baina nire lankideen gehiengoa kuxkuxero hutsa da. Ez ninduke harrituko nire maila begiratu izanak.
AITZIBER: Esan dizut ba lantokitik e-mailik ez bidaltzeko!
KERMAN: Eta? Zer egingo dut orduan, zuri zerbait esateko beharra daukadanean?
Telefonotik deitzen ere ez didazu uzten eta!
AITZIBER: Sentitzen dut Kerman, baina horrela dira gauzak. Agian, noizbait denboraren poderioz...
KERMAN: Gauzak horrela dira, zuk nahi duzulako. Jendearen gehiengoak ez ditu bere bikote harremanak ezkutatzen.
AITZIBER: Baina, ni ez naiz besteak bezalakoa!
KERMAN: Ba ni bai, Aitziber!
AITZIBER: Kerman...

AZALPENA:
Kontuz ibili «Lankideen gehiengoa», «Jendearen gehiengoa» eta tankerako formekin, batzuetan neurriz kanpo erabiltzen baititugu. Horien lekuan, euskaraz jatorragoak dira «Lankide gehienak» edota «jende gehiena».

AITZIBER
: Kerman, mesedez, pazientzia pixka bat besterik ez dizut eskatzen...
KERMAN: Hau guztia oso gogorra da niretzat Aitziber...
AITZIBER: Baita niretzat ere. Baina laster amaituko da. Zin degizut.
KERMAN: Ez dakit gehiago aguantatu ahal dut...
AITZIBER: Kerman, mesedez... Asko kostatu zaigu honaino heltzea! Orain dena zapuztu behar al dugu pazientzia pixka bat ez izateagatik?
KERMAN: Aitziber, ez dakit nire lekuan jartzen zara...
AITZIBER: Nik ere sufritzen dut, e, Kerman...
KERMAN: Baliteke, baina... Ez dakit ni bezala sentitzen ote zara...
AITZIBER: Bai, noski!
KERMAN: Orduan ez dut ulertzen nola eskatzen didazu horrela jarraitzeko...
AITZIBER: Baina, baina... Gugatik egiten dut eta!
KERMAN: Hasieran hala uste nuen baina... Ezin dizut esan noiz arte eutsiko dut...
AITZIBER: Kerman, mesedez... Izan konfiantza nigan...
KERMAN: Badaukat. Baina zergatik ezin dugu harreman arrunt bat eduki? Esango didazu zein da arazoa?
AITZIBER: Gaur gauean... Nire etxean bakarrik gaudenean, ados?
KERMAN: Ados!

AZALPENA:
Gogoan izan, zehar galderari «-(e)n» atzikia ipini behar diogula. Horrenbestez, «Ez dut ulertzen nola eskatzen didazun hori» edota «Ez dakit ni bezala sentitzen ote zaren» esango dugu. «Ez dut ulertzen nola eskatzen didazu hori» eta «ez dakit ni bezala sentitzen ote zara» saihestu egingo ditugu.

AITZIBER: Joan den gaua oso polita izan da... Elkarrekin... Eta gaur ederki gaude. Hemen ez gaitu inork ezagutzen.
KERMAN: Bai, Aitziber! Baina nik ez dut gehiago ezkutuan ibili nahi! Ez dakit ulertzen didazun! Nik zurekin eskutik helduta ibili nahi dut kalean.
AITZIBER: Eta ibiltzen gara!!!!
KERMAN: Baina ezkutuan gabiltza beti! Eta oraindik ez dakit arrazoia zein den!
AITZIBER: Gero esango dizut! Gauean!
KERMAN: Berdin dio... Nik ez dut nire sentimenduak ezkutatzeko arrazoirik ikusten. Eta nazkatuta nago lagunei aitzakiak jartzeaz. Aurrekoan lagun gehienak sagardotegira joan ziren, eta ez nekien zein aitzakia asmatu ez joateko.
AITZIBER: Tira, Kerman...
KERMAN: Gezurti hutsa naizela uste dute nire lagun gehienek.
AITZIBER: Ez dut uste. Ezagutzen bazaituzte, jakingo dute zeinen jatorra zaren...
KERMAN: Eta zuk, ba al dakizu? Ez dakit benetan maite nauzun!
AITZIBER: Zalantzarik egiten al duzu?
KERMAN: Listo!!!! Goitik behera dakigu testua!!!
AITZIBER: Bai! Ederki aterako zaigu antzezlana.
KERMAN: Nik ez dut uste gehiago entseatu behar dugunik...
AITZIBER: Ez! Ez da beharrezkoa. Testua oso ondo menderatzen dugu... Lastima! Ondo pasatzen ari nintzen...
KERMAN: Ondo pasatzen???? Aitziber! Aitziber!

AZALPENA:
Antzezlana prestatzen ibili dira gaur Aitziber eta Kerman. Lehenik eta behin, ikusi dugu egokiagoa dela «langile gehienak» edota «jende gehiena» esatea. «Langileen gehiengoa» eta «Jendearen gehiengoa», ordea, baztertu egingo ditugu.

Bigarrenik, zehar-galderaz mintzatu gara. Gogoratu, zehar-galderari «-en» atzizkia ipini behar diogula. Hortaz, «ez dut ulertzen nola eskatzen didazun hori» edota «ez dakit benetan maite nauzun» esango dugu. «Ez dut ulertzen nola eskatzen didazu hori» edota «ez dakit benetan maite nauzu», aldiz, baztertu egingo ditugu.

Hauxe gaurko saioa lagunok, zuek badakizue, ezta? Honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment