Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kerman ezbaian

Paseatzen zebilela, inkesta bat egitera etorri zaizkio Kermani. Gutxien espero zutena topatu dute.
Egiturak:
- Denak / guztiak. Biak daude ondo, baina denak bakarrik joaten da eta guztiak izen baten atzetik: Denak etorri dira / Mutil guztiak etorri dira.
- Dagokionean / dagokionez. Dagokionean denbora adierazteko erabil daiteke bakarrik. Gainerakoetan dagokionez da.

Transcription:[+] Transcription:[-]
ARANTXA: Egun on! Badaukazu minutu bat?
KERMAN: Minutu bat? Zertarako, ba?
ARANTXA: Galdetegi bati erantzuteko tartetxo bat bazenu...
KERMAN: Elkarrizketa bat niri??? Hau ohorea!!!! Emango dizkizut nire datu denak?
ARANTXA: Adina eta lanbidea. Besterik ez dut behar. Dena dela, elkarrizketa bat ere ez da... Galdetegi soil bat da...
KERMAN: Galdetegi bat!!! Lehiaketa da orduan! Primeran! Erantzun denak asmatuko ditut! Ikusiko duzu!
ARANTXA: Ez da hori kontua. Zure ohiturei buruz hitz egin beharko duzu. Besterik ez!
KERMAN: Test bat da orduan! Ikaragarri gustatzen zaizkit testak. Aldizkarietan agertzen diren test denak egiten ditut! Hasi, hasi!
ARANTXA: Tira... Ez da testa. Galdetegia, besterik ez da...
KERMAN: Test bat! Hau ilusioa! Zein da gaia? Ez esan, ez esan! Gai denak ezagutzen ditut nik... Esaterako: erromantikoa zara? Edo: etorkizuna dauka zure bikote harremanak? Edo: sexy al zara? Edo: hori al da komeni zaizun neska? Edo...
ARANTXA: Lan hau utzi behar dut, lan hau utzi behar dut...
KERMAN: Aizu! Aizu!

AZALPENA:
Kontuz ibili,  «erantzun denak» eta «test denak» egiturekin ez baitira egokiak. Horien lekuan «erantzun guztiak» eta «test guztiak» erabiliko dugu. Ggogoan izan, «dena» zenbatzaileak bakarrik agertu behar duela. Adibidez: "denak etorriko dira gaur".

KERMAN: Aizu! Ez al didazu galdetegia egin behar, ala?
ARANTXA: Lasai, beharbada denbora gehiegi kenduko dizut eta...
KERMAN: Ez ba!!! Denborari dagokionean, ez dago inolako arazorik! Hasi, hasi!
Irrikaz nago testa egiteko!
ARANTXA: Ondo da... Baina esan dizut, e! Ez da testa.. Galdetegi bat besterik ez da!
KERMAN: Lehiaketa orduan. Banengoen ba ni... Ondo. Txanda dagokidanean erantzungo dut!
ARANTXA: Zer txanda eta zer txanda ondo! Hemen zu zeu bakarrik zaude erantzuteko eta.
KERMAN: Bakarra naiz lehian? Sari kaskarra egongo da orduan... Baina berdin dio. Diruari dagokionez ez daukat arazorik!
ARANTXA: Ez txiki, ez handi. Ez dago saririk! Inkesta bat da! Inkesta! Eta balioa izan dezan, anonimoa,  borondatezkoa eta konfidentziala izan behar du!
KERMAN: Ikerketa soziologikoa da orduan!!!!! Gauza zientifikoa beraz! Ederki! Eta niri dagokidanean, lasai egon zaitezke. Euskaldun ertain batek emango lituzkeen erantzun tipikoak emango ditut!
ARANTXA: Ez ba! Zure iritzia eman behar duzu, besterik gabe!!!
KERMAN: Iritziekin ezin da egin ikerketa zientifikoa, baina! Zientziari dagokionean objektiboki jokatu beharra dago! Eta iritziak subjektiboak dira...
ARANTXA: Lan hau utzi behar dut... Lan hau utzi behar dut...
KERMAN: Aizu! Aizu!

AZALPENA:
Adi «dagokionez» eta «dagokionean» esapideekin, ez baitute esnahi bera. «Diruari dagokionez ez daukat arazorik» esango dugu «diruaz» hitz egiteko. «Txanda dagokionean erantzungo du Kermanek» esango dugu, denbora adierazi nahi dugunean.

KERMAN: Aizu! Barkatu, barkatu... Galdeketari dagokionez, aurkitu dut konponbide bat...
ARANTXA: Bai? Zein?
KERMAN: Zuk egin niri galdera guztiak! Eta zuk nahi duzuna erantzungo dut! Kito!
ARANTXA: Ez da hori, gizona. Zure ohiturei buruzko galderak dira. Eta zuk, halako egoeretan, zer egiten duzun erantzun behar duzu!
KERMAN: Orduan argi dago dena!!!! Test bat da!!!! Gero emaitza emango didazu, ezta? Puntuaziorik altuena lortzen dut nik beti test guztietan! Kar, kar...
ARANTXA: Ez dela testa! Galdetegia dela, ez dago punturik... KERMAN: Elkarrizketa bat da orduan! Niri dagokionez argi dago kontua orain. Hasi beraz!
ARANTXA: Elikadura ohiturei buruzko galdetegia da...
KERMAN: Elikadura ohiturak! Hara! Nahiago nuen bikoteei buruzko testa baina... Ondo da! Elikadura: gai horri dagokionez, esan beharra dago gure elikadura ohiturak asko aldatu direla azkenaldian. Elikagai guztiek koloranteak dituzte eta...
ARANTXA: Baina, baina! Ezin zara horrenbeste luzatu! Test moduko galdetegia da!
KERMAN: Aizu, aizu! Pixka bat nahastuta zabiltzala iruditzen zait. Duela gutxi esan didazu ez dela testa!!!! Eta esan duzu nire iritzia eman behar nuela!!!
ARANTXA: Bai!!!! Baina bai/ez moduko erantzunekin!!!!
KERMAN: Orduan ez!!!!
ARANTXA: Ez duzu egin nahi?
KERMAN: Bai!!!
ARANTXA: Egin nahi duzu?
KERMAN: Ez dakit!

AZALPENA:
Inkestarekin nahastuta ikusi dugu Kerman gaur. Lehen zatian gogorarazi dizuegu «dena» zenbatzailea bakarrik erabiltzen dugula. Beraz, «argi dago dena» esango dugu. Aldamenean izen bat dugunean, berriz, «guztia» erabiliko dugu, esate baterako: «galdera guztiak» eta «elikagai guztiak».

Bestalde, «dagokionez» eta «dagokionean» esapideen arteko ezberdintasuna ikusi dugu. «Diruari dagokionez» esango dugu diruaz hitz egiteko. «Txanda dagokionean erantzungo du Kermanek», berriz, txanda egokitzen zaionean erantzungo duela esateko. Hauxe gaurko ikasgaia lagunok, zuek betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment