Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kerman zotinka

Kerman zotinka dabil, eta horren kontrako hainbat erremedio probatuko ditu.
Egiturak:
- Kontuz: Trenez joan, baina zazpietako trenean joan.
- Esaldi konpletiboek ez dute deklinabide-kasurik hartzen.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KERMAN: Orduan, Tatianak eta Borja Marik, HIP!Sekulako eztabaida izan zuten, eta HIP Aizu, Gaizka, HIP! Ez al zaizu interesatzen zer kontatzen ari naizen?
GAIZKA: Bai, gizona! Baina zure zorioneko zotin horrekin ez dago istorioari jarraitzerik.
KERMAN: Ene... HIP! Ez nekien horren fina zinela! Tira... Ba, Tatiana, maletak hartu, eta trenez joan zen Madrilera...
GAIZKA: Madrilera? Trenez? Garesti aterako zitzaion...  Ginera, autobusa edukita merkeago eta arinago helduko zen.
KERMAN: Bai, HIP! Berez bostetako autobusez joan nahi zuen Madrilera. Baina beteta zegoen. HIP!
GAIZKA: Hara! Eta Gontzal Mari ez al zen berarekin joan?
KERMAN: Ez, HIP! Zazpietako autobusez joan zen.
GAIZKA: Bueno, zazpietako autobusa. Hobeto. Merkeagoa ez?
KERMAN: Tatianarekin tren berean joan nahi zuen, baina ez zegoen lekurik!  Baina ez da hori kontua, HIP!Trenek eta autobusek ez daukate inolako garrantzirik! HIP!
GAIZKA: Aizu, Kerman! Zeu zabiltza autobusa eta trenekin gora eta behera, e!
KERMAN: Ez didazu utzi zatirik mamitsuena kontatzen! HIP!Kontu serioa da hau! HIP! Banantzear egon dira Gontzal Mari eta Tatiana!
GAIZKA: Esan dizut lehen ere, Kerman. Zure zorioneko zotin horrekin ez dago istorioari jarraitzerik!

AZALPENA
«Trenez joan» edota «autobusez etorri» esaten badugu ere, «zazpietako trenean» edota «Madrileko autobusean» esango dugu. Kontuz, horrenbestez, «zazpietako trenez» esatea ez baita egokia.

GAIZKA: Aupa, Kerman... Baso bat ur ekarri dizut. Ea zotin hori kentzen dizugun.
KERMAN: Edan dut lehen ere! HIP! Ura edanda zotina kentzen delak ez dauka zentzurik.
GAIZKA: Ba, Kerman! Edan! Baina kanpoko aldetik eta buruz behera edan behar duzu. Ea saiatu!
KERMAN:  HIP! Hara! Hori al zen erremedioa? Zotinka ito beharrean dagoena garbitzea?Ura aldrebes edanda pasatzen delak ez dauka funts zientifikorik...
GAIZKA: Saiatu orduan aitagurea esaten. Ea, hasi. "Gure aita zeruetan zarena..."
KERMAN: Hori bai ergelkeria galanta! HIP! Otoitz eginda eritasunak osatzen direlak ez dauka ez hanka, ez buru.
GAIZKA:Kerman, arnasarik hartu gabe esatea da kontua. Horra hor funts zientifikoa!
KERMAN: Ez du funtzionatuko! HIP! Eta zotina susto bat hartuta kentzen delak ere ez du balio!
GAIZKA: Saiatu, Kerman! Nirekin. "Gure aita..."
KERMAN: Zeruetan zarena...

AZALPENA
Gogoratu esaldi konpletiboetako -ela atzizkiak ez duela deklinabide markarik hartzen. Horrenbestez, «zotina susto batekin kentzen delak ez du balio» edota «zotina kentzen delak ez dauka zentzurik» esatea ez da zuzena. Horien tokian «zotina susto batekin kentzen dela esateak ez du balio» esan dezakegu. Edota «zotina kentzen dela baieztatzeak ez dauka zentzurik».

KERMAN: Azkenean, Gontzal Mariren amak Tatianari deitu zion. Eta konpondu zuten arazoa!Elkarrekin bueltatu ziren biak gaueko trenean.
GAIZKA: Pozten naiz! Ez nuen halakorik espero. Izan ere, Gontzal Mariren ama nahiko burugogorra da, ezta?
KERMAN: Bai. Ni ere harritu ninduen Tatiana eta bere amaginarreba adiskidetu direla jakiteak. Baina orain elkarrekin ibiltzen dira beti.
GAIZKA: Kerman, konturatu al zara? Funtzionatu du!!!  
KERMAN: Bai! Izan ere, errainak eta amaginarrebak gaizki konpontzen direla uste izateak ez dauka zentzurik.
GAIZKA: Ez da hori, gizona. Zotina! Joan zaizula!
KERMAN: Egia! Ez naiz konturatu!
GAIZKA: Eskerrak! Orain lasai berba egiteko aukera izango dugu. Gainera, badaukat txutxu-mutxu mamitsu bat zuri kontatzeko... HIP!
KERMAN: Hara! Ez nuen uste, baina zotina kutsatu egiten dela esatea egia biribila da!
GAIZKA: Ez da izango! HIP! Kerman! Ekarri mesedez baso bete ur!
KERMAN: Ura? Zotina gauza larria da, gizona! Hobe duzu ospitalera joan. Trenez joan zaitezke.
GAIZKA: Baina, baina... HIP! Zu lasai asko zeunden...
KERMAN: Ez da gauza bera. Zoaz ospitalera. Bizkor ibilita, zazpietako trenean joateko modua egingo duzu...
GAIZKA: Ba, lagundu, mesedez! Etorri nirekin! HIP! Eta bidean txutxu-mutxua kontatuko dizut. HIP!
KERMAN: Ez, ez, ez... Ni banoa... Zotin hori jasangaitza da! Agur!

AZALPENA
Zotinka arituagatik ere Kermanek ez dauka mingainean herdoilik. Lehendabiziko zatian,  «zazpietako trenean» eta «Madrileko autobusean» esaten dela ikusi dugu. Hortaz, «zazpietako trenez» eta tankera horretako esaldiak baztertu egingo ditugu.

Bestalde, -ela atzizkiak deklinabide markarik ezin duela hartu ere gogorarazi dizuegu. Horrenbestez,   «zotina susto batekin kentzen delak ez du balio» edota «zotina kentzen delak ez dauka zentzurik» ez dira zuzenak. Horien lekuan, «zotina susto batekin kentzen dela esateak ez du balio» eta «zotina kentzen dela baieztatzeak ez dauka zentzurik» esango dugu. Horixe gaur ikusitakoa, lagunok. Zuek, betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2
Mar 9, 2011
Number: 496022
Source:
Duration: 05:39
Number of visits: 1943