Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Makillajea

Kermanen lantokira argazkilaria dator gaur, eta itxurarekin kezkatuta daude.
Egiturak:
- Nire burua egituraren erabilera.
- Mozorroei buruz hitz egiteko ez erabili *pailazoz jantzita etorri zen bezalako egiturak. Horren ordez esan pailazo jantzita etorri zen.

Transcription:[+] Transcription:[-]

NAIARA: Ispilutxo, ispilutxo... Nor da bulegoko mutilik goapoena? Ni al naiz???...
KERMAN: Naiara! Hau sustoa!
NAIARA: Kerman, beti ispiluari begira ari zara! Gure bulegoko pinpirina!
KERMAN: Pinpirina ni? Niri begiratzen ari naizelako ispiluan? Bi minutu baino ez dira izan!!!!
PEIO: Bi minutu!!! Nahi bai!!!! Pinpirina, eta galanta gainera!
KERMAN: Hara bestea! Falta zena! Pinpirina ni...Gauza da sekulako begi-zuloak dauzkadala gaur... Begira!!!!
NAIARA: Ipini Makillaje pixka bat, gizona! Ez da ezer pasatzen!
KERMAN: Makillajea!!! Ez, Naiara! Nik ez dut horrelakoen beharrik... Ni oso gustura nago nirekin!!!!
PEIO: Ba hobe zenuke begi-zulo horiek tapatu!  Nagusiak ikusten bazaitu zuzenean jakingo du zurrutean ibili zarela.
KERMAN: Ni ez naiz zurrutean ibili! Gainera, zuk hobe zenuke zutaz arduratu! Ematen du oraintxe jaiki zarela ohetik! Horiek tximak!
PEIO: Litekeena da... Baina niri bost axola...
KERMAN: Ba kezkatu behar zenuke... Izan ere, ordubete barru argazkilariak etorri behar du, web orri berrirako argazkiak egitera!!!
PEIO eta NAIARA: Zeeer????

AZALPENA
«Niri begiratzen ari naiz» eta «ni oso gustura nago nirekin» esaldiak ez dira zuzenak euskaraz. Horien tokian, «neure buruari begira ari naiz» edota «neure buruarekin gustura nago» esango dugu.

NAIARA: Web orrirako argazkia gaur? Niri ez didate ezer esan. Nik uste dut oker zabiltzala.   
KERMAN: Ezetz ba!
PEIO: Nik uste Kermanek arrazoi duela, e!. Ez al duzu Mirari ikusi? Guztiz makillatuta etorri da
KERMAN: Makillatuta? Mozorrotuta etorri dela ematen du eta... Pailazo jantzita!! Kar, kar...
PEIO: Pailazo edo zombie... Kar, kar...
KERMAN: Ez, ez, ez ... Zombi jantzita Begoña etorri da!!! Ikusi diozue soineko berria???
NAIARA: Ama! Web orrirako argazkia gaur... Eta ni horrela...
PEIO: Lasai, emakumea... Besoa ez da ikusiko eta...
KERMAN: Bestela, benda pixka bat gehiago ipini... Eta momia jantzita atera!!! Kar, kar...
PEIO: Egia!!! Honek inauteri jaia ematen du... Kar, kar...
NAIARA: Bost axola niri besoa! Nik makillatu egin nahi dut!!!
PEIO: Hori al da arazoa? Geuk makillatuko zaitugu, neska!!!
KERMAN: Utzi niri! Utzi niri! Iaz emakume jantzi nintzen eta esku hartuta nago ia...
NAIARA: Lagundu niri!!!!!!!!!!!!!!!!!

AZALPENA
Mozorroez eta jantziez ari garenean, era honetako esaldiak erabiltzen ditugu:
«naiara mozorrotuta etorri da bulegora» edota «iaz emakume jantzi nintzen inauterietan».

NAIARA: Begira, hobeto pentsatu dut eta nahiago dut natural atera argazkian...
KERMAN: Lasai Naiara! Berehala bukatuko dugu, eta ikusiko duzu emaitza. Oso gustura egongo zara zeure buruarekin!
PEIO: Egia! Primeran utzi zaitut!!!
KERMAN:Aizu, Peio! Ez bota horrenbeste lore zeure buruari...Gehiena nik egin dut eta!
PEIO: Zuk? Mesedez... Hiru urteko haurrek zuk baino hobeto margotzen dute!!!
KERMAN: Ba, zuregatik izan balitz, pailazo mozorrotuta agertuko zen Naiara argazkian!!!
PEIO: Hemengo pailazo bakarra zeu zara!!!!
KERMAN: Ni?  Pailazoa? Hobe zenuke zeure buruari kritika pixka bat egin!
NAIARA: Baina, baina... Zer egin didazue???
PEIO: Tira, Naiara... Oso lirain zaude...
KERMAN: Argazkirako Mirariren eta Begoñaren tartean jarrita jendea ez da ohartuko...
NAIARA: Garbitu egingo zaituztet!!!
JOSUNE: Zer arraio gertatzen zaizue?
KERMAN: Ba, webgune berrirako argazkiak egin behar dizkigute. Guk ondo atera nahi genuen, eta...
JOSUNE: zer, lantokiko Web orrian ateratzeko asmoa zeneukaten? Ba, jai daukazue, nagusiak eta akziodunak baino ez dira aterako!!!!
KERMAN, NAIARA ETA PEIO: Nolaaaaaaaaaaaaaaaaa????

AZALPENA
Lankideak makillatzen ere badaki gure Kermanek. «Niri begiratzen ari naiz» eta «zu oso gustura zaude zurekin» esaldiak ez dira zuzenak. Horien tokian, «Neure buruari begira ari naiz» eta «Zu oso gustura zaude zeure buruarekin» esango dugu.

Bestalde, ikusi dugunez, mozorroez eta jantziez ari garenean, era honetako esaldiak erabiltzen ditugu:
"Mozorrotuta etorri da gaur Mirari", "Pailazo jantzita zaudela ematen du".

Horixe ba, gaurkoa. Zuek badakizue: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment