Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Kerman zinemagile

Kermani film bat egiteko laguntza eskatu diote, eta ederki damutu zaie.
Egiturak:
- Konparatiboetan ere ergatiboa ipini: *Zu bezala egingo dut / zuk bezala egingo dut.
- Ere egituraren erabilera.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KERMAN: Aupa, Oihane! Zer zabiltza?
OIHANE: Kaixo, Kerman!Kamerarekin probak egiten. Film laburren lehiaketa bat topatu dut Interneten, eta parte hartu nahi dut.
KERMAN:  Ez esan!Oraintxe ulertu dut dena!
OIHANE:  Zer ulertu duzu?
KERMAN:Zure film laburreko protagonista izateko deitu didazu!Eta ondo egin duzu! Izan ere, Unax Ugalderen antz handia daukat... Bera adina neurtzen dut...
OIHANE: Kerman, nik beste zerbait nuen buruan...
KERMAN: Ez esan!Film komikoa egiteko asmoa daukazu, ezta? Hortaz, nahiago izango duzu Gorka Otxoaren tankerako norbait... Baina horrekin ere ez dago arazorik...Nik Gorka beste urte ditut... gutxi gorabehera...
OIHANE: Kerman! Ez zoaz bide onetik... Ez dut uste...
KERMAN: Ados, ados! Zuk zerbait internazionalagoa nahi duzu!Ideia paregabea! Nik zuk bezalaxe egingo nuke... Ingelesez egindako filmek arrakasta handiagoa edukitzen dute besteek baino...Baina, lasai! Ingelesez ere ez daukat nik mingainean herdoilik!
OIHANE: Kerman!!! Nik grabatzeko deitu dizut!!!! Gra-ba-tze-ko!
KERMAN: Eta ondo egin duzu, gainera!!! Nik zuk baino askoz hobeto grabatuko dut...

AZALPENA
Gogoratu konparazioetan ere ergatiboa ipini egin behar dela. «zuk bezalaxe egingo nuke nik» edota «nik gorkak beste urte dauzkat» dira forma zuzenak.
Kontuz, «zu bezalaxe egingo nuke nik» edota «nik gorka beste urte dauzkat» esatea okerra baita.

KERMAN: Tira, Oihane! Lehenik eta behin, gidoi on bat beharko dugu... Baina, lasai! Neuk idatziko dut gidoia ere bai!
OIHANE: Kerman, gidoia idatzita daukat. Bestela nola hasiko nintzen grabatzen?
KERMAN: Zuk idatzi duzu? Ea ikusi! Ikusten dudanez, neska bat ere bai beharko dugu... Tatianari esango diogu!
OIHANE: Kerman... Gidoian agertzen den neskak hamabi urte baino ez ditu...
KERMAN:Tatianak neska gaztearena ere bai egin dezake. Makilatzen ez bada, noski!
OIHANE:Kerman! Nik ez dut nahi nire filmean "betigazterik"... Hogeita hamabost urte bizkarrean, eta hamabi urteko neskatoarena egiten... Mesedez...
KERMAN: Ondo da!!!! Ados nago ni ere!!! Akabo neskatoa!
OIHANE: Kerman!!!!!
KERMAN: Lasai, Oihane! Umeek zineman ez dute funtzionatzen. Zuzendari guztiek esaten dute. Eta animaliek ere ez...
OIHANE: Baina gidoiaren hasiera osorik daukat idatzita!!!
KERMAN: Eta, horrez gain, esaten dute hasiera oso ona behar dutela filmek... Eta egia esango dizut...Hasierako eszena hau...
OIHANE: Kerman! Horren gaizki ere ez dago!
KERMAN: Horretan arrazoi duzu...Okerrago ere egon zitekeen...
OIHANE: Kerman!!!!

AZALPENA
«Neska bat ere bai beharko dugu» eta «neuk idatziko dut gidoia ere bai» esaldietan bai soberan dago. «ere bai» aditzik ipintzen ez dugunean erabiliko dugu. Horrenbestez, «neska bat ere beharko dugu» eta «neuk idatziko dut gidoia ere» esango dugu.

KERMAN: Tira, aldatu ditut egoera pare bat, akzio gehiago izan dezan gure filmak...Eta amodio-istorio bat ere behar dugu...Akzioak adina pisu izan ohi du amodioak filmetan!
OIHANE:Kerman!!! Nire asmoa film soziala egitea zen!!
KERMAN: Baina ni naiz zuzendaria... Nire iritziak zureak adina balio du orain!!!
OIHANE: Zu? Zuzendaria? Barkatu, Kerman... Baina hau guztia nire ideia izan da!
KERMAN: Baina, baina... Zuk aktore izan nahi zenuela esan didazu lehen. Eta nik grabatuko nuela ere esan duzu!
OIHANE: Bai, halaxe da!Baina gidoia goitik behera aldatzeari buruz ez dut ezertxo ere esan!
KERMAN: Esan beharrik ere ez zegoen! Ez dago kritikari aditua izan beharrik hau berriro idatzi beharra dagoela ikusteko! Nik bezain ondo dakizu zuk gidoi hau erabat patala dela. Emozioa eta akzioa falta zaizkio... Elkarrizketa onik ere ez dut aurkitu...
OIHANE: Kerman! Nahikoa dugu! Begira... Nik nire filma nire erara grabatuko dut, eta zuk zurea egin! Ekarri nire kamera!
KERMAN: Zure kamera? Kamera koadrilakoena da. Eta zuk beste eskubide dut nik!
OIHANE: Bai, halaxe da! Baina utzi niri lehenengo grabatzen. Nik lehenago hartu dut eta!
KERMAN: Aukeran hobe da ni hastea. Nik ez dut zuk beste denbora beharko...
KERMAN: Hara!!!! Uste baino laburragoa izango da gure filma!!!
OIHANE: Kerman!!!!

AZALPENA
Film laburra grabatzeko aholkuak ematen ikusi dugu gaur Kerman. Gogoratu ergatiboa behar den guztietan ipintzeaz.«Nik bezain ondo dakizu zuk» edota «Zuk bezalaxe egingo nuke nik».

Bestalde, «nik ere bai egingo nuke» eta tankera horretakoak ez direla zuzenak ikusi dugu. «Ere bai» aditzik ipintzen ez dugunean erabiliko dugu. Horrenbestez, «Nik ere egingo nuke» edota «Amodio istorio bat ere behar dugu» esango dugu. Horixe gaurkoa, lagunok. Zuek, betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment