Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Mediku azterketa

Kermani mediku-azterketa egin diote, eta kezkatuta dago.
Egiturak:
- Ahala noiz erabili.
- Kantitateak konparatzean mugagabea erabili: *zuk baino arazoak gehiago dauzkat / zuk baino arazo gehiago daukat.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KERMAN: Ama... Nik ez dut kartazal hau zabaldu ere egin nahi... Ene... Zer aurkitu ote didate...
ITXASO: Tira Kerman... Mediku azterketa ziztrin bat baino ez da eta... Horiek ez dute azterketa sakonik egiten!Betiko lau aholku txatxu idatzi, eta kito: gehiago ibili, hobeto jan, ez erre, ez edan...
KERMAN: Niri ez zaizkit, ba, txorakeriak iruditzen! Lehen ez nien garrantzirik ematen...  Baina zahartu ahala, gero eta gehiago arduratzen naiz osasun kontuekin...
ITXASO: Zahartu? Mesedez... Erotu egin al gara?
KERMAN: Zahartu egin gara, zahartu... Denborak aurrera egin ahala, konturatuko zara zeu ere... Ez da inor libratzen!!!!
ITXASO: Baina, medikuak zerbait esan zizun azterketa egiterakoan, ala???
KERMAN: Ez, ez zidan ezer ere esan... Baina miaketa egin ahala, kopetilunago ikusten nuen medikua...
ITXASO: Kerman... Irudikeriak baino ez dira horiek...
KERMAN: Ene... Eta kartazala zabaltzeko unea hurbildu ahala, gero eta urduriago nago... Ama...
ITXASO: Kerman, mesedez, lasai zaitez!!! Ibili-ibili eginda, bihotzekoak emango dizu!!!!
KERMAN: Hala uste al duzu????!!!!
ITXASO: Kerman!!!!!!

AZALPENA
Prozesua adierazteko, era honetako egiturak baliatzen ditugu: «miaketa egin ahala, kopetilunago ikusten nuen medikua», edota «denborak aurrera egin ahala, konturatuko zara zeu ere.

ITXASO: Ikusten? Ez dizute ezer arrarorik topatu...
KERMAN: Ezetz??? Begira nire kolesterolari! Begira!!!
ITXASO: Jesus... Neurrien barruan daukazu eta... Lasai gizona...
KERMAN: Bai... Zuretzat erraza da lasai egotea, gibel-handi halakoa... Baina nik zuk baino gehiago arazoak dauzkat kolesterolarekin... Eta medikuak esan zidan ondo dagoela kontrolatu beharra kolesterola.
ITXASO: Jesus! Neurrien barruan daukazu eta. Lasai, gizona!
KERMAN: Eta tentsioa... Ene... Altua altuegi, baxua baxuegi... Ene... Izeba Karmenek beste pilulak hartu beharko ditut aurki... Medikuak esan zidan tentsioa ere ondo zaindu behar dela...
ITXASO: Kerman... Tentsioa normal-normal daukazu eta... Okerrago da altua baxu eta baxua altu edukitzea... Edonola ere, lasaiago geratzen bazara, dieta pixka bat zaindu, eta kito!
KERMAN: Dieta zaindu? Nik? Ez da bidezkoa! Nik ez dut zuk beste litxarreria jaten... Eta zu baino okerrago nago...
ITXASO
: Aizu Kerman, nik ez dut litxarreriarik jaten... Medikuak oso ondo jaten dudala esan zidan!!!
KERMAN:Zer medikuk? Laneko azterketa egin digunak? Zer ote daki horrek... Ez dut inoiz ikusi horrek beste tontakeriak esaten duen medikurik...

AZALPENA
«Zuk baino gehiago arazoak dauzkat» edota «nik ez dut zuk beste litxarreriak jaten» esaldiak ez dira zuzenak. Zenbatasuneko konparazioetan, mugagabea erabiliko dugu. Horrenbestez, «zuk baino arazo gehiago dauzkat» eta «nik ez dut zuk beste litxarreria jaten» esango dugu.

KERMAN: Orduan, zuk, nik baino globulu zuri gehiago daukazu?! Ez da posible! Beno... Baina ziur Mirarik azido urikoa altuago daukala... Ezetz? Aurten hobeto daukala? Ez da egia izango! Bai, bai... Badakit... Dieta zaindu, kirola egin...Baina nola liteke bulegoan nik beste gaitz inork ez izatea!!!! Ez kontatu ezer gehiago, mesedez!!!!Izan ere... Entzun ahala, nire onetik ateratzen ari naiz...
ITXASO: Mesedez, Kerman... Ederki zaude eta... Irakurri al duzu txostenaren amaiera?
KERMAN: Ez! Ez naiz amaierara heldu... Izan ere, aurrera egin ahala, gero eta gehiago larritzen naiz...
ITXASO:  Ba, begira zer idatzi duen medikuak txostenaren amaieran: «Guztia normal».
KERMAN: Zer ote daki mediku horrek? Nik Mirarik baino koipe gehiago dudala esatea ere!Eta Maitanek nik baino globulu zuri gehiago... Tipo hori ez dago burutik sano...
ITXASO: Orduan, errua orain medikuarena da?
KERMAN: Ideiak bururatu ahala idatzi ditu txostenean tipo horrek... Ziur titulurik ere ez duela... Sasi-mediku horietako bat, egingo nuke apustu...
ITXASO: Kerman...
KERMAN
: Nik esperientziadun profesional baten iritzia nahi dut, horixe!!!!
ITXASO: Eta nori eskatuko diozu iritzia? Osasun-etxera deituko duzu? Ala aseguru pribatua daukazu?
KERMAN: Ez, ez... Amari eskatuko diot iritzia!!!! Berak erakutsi digu automedikatzen... Eta oso ondo ibili gara horrela urteetan!

AZALPENA
Mediku-azterketen emaitzei begira aritu dira gaur Itxaso eta Kerman. Ikusi dugunez, prozesua adierazteko, era honetako esaldiak botatzen ditugu: «Denborak aurrera egin ahala konturatuko zara» edota «Medikuak ideiak bururatu ahala idatzi ditu».

Bestalde, «zuk beste arazo», «nik baino globulu zuri gehiago» edota «zuk beste litxarreria» esaten dela ikusi dugu, hau da, mugagabean.
«Zuk beste arazoak», «Nik baino gehiago globulu zuriak» eta «Zuk beste litxarreriak» txartzat emango ditugu. Hori gaur ikasitakoa, lagunok. Zuek, gogoan hartu beti esaten duguna: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment