Docutec Card

Kerman mintzalagun bila: Hilketa Bilbon

Kerman eta bere laguna ikerketa-joko batean ari dira, hiltzaile bila.
Egiturak:
- Nor-nork eta nor-nori nork.

Bakoitza noiz erabili. Esaldi barruko hitzen ordena.

Transcription:[+] Transcription:[-]

OIER: Kerman, joko hau tontakeria hutsa da. Hilketa Bilbon... Hau lerdokeria! Koadrilakoek ez dakite zer asmatu denbora pasatzeko! Nik ospa egin behar dut

KERMAN: Et, et, et... Geldi hor! Tontakeria izango da, baina nik irabazi egin nahi dut! Eta zu nire bikotekidea zara jokoan... Ezin didazu kale egin. 
OIER: Ondo da... Nire ustez, emaztearen maitaleak hil zuen, kito! 
KERMAN: Logikoena horrek ematen du, bai... Baina ezinezkoa da. Tipoak koartada bikaina dauka. Ordu horretan bere amari ospitalera eraman zion autoz... 
OIER: Hori berak dioena da. Ba al dauka lekukorik? 
KERMAN: Ea ikusi... Bai... Antza denez, medikuak eta erizainak ikusi zioten... 
OIER: Eta zer gertatu zitzaion, ba, amari ospitalera joateko? 
KERMAN: Auto batek harrapatu zuen... 
OIER: Maitalea hil eta amak istripua eduki, biak egun berean? Horrek ez dauka tankera onik... Agian berak harrapatu zuen ama, propio... Koartada bat edukitzeko...
KERMAN: Ideia ona!!!!! Non izan zen istripua? Gurpilek utzitako arrastoak arakatu behar ditugu!!!!! 
OIER: Kerman!!!!!! Kerman!!!!!

AZALPENAK:
«Amari ospitalera eraman zion autoz» eta «medikuak eta erizainak ikusi zioten» esaldiak ez dira zuzenak. Gogoan izan, «ama ospitalera eraman zuen autoz» eta «medikuak eta erizainak ikusi zuten» dira forma egokiak.

KERMAN: Zer auto mota gidatzen du emaztearen maitaleak? Gurpil arrasto hauek oso zabalak dira… 
OIER: Ba, orduan, ez da bera izan... Tipo horrek seiscientos gorri bat gidatzen du... 
KERMAN: Ez... seiscientos gorria senarrak gidatzen du! Hildakoak, alegia! Begiratu ondo!
OIER: Entzun, Kerman. Hemen arrasto garrantzitsu bat dago. Maitalearen kotxeak olioa galtzen du. Ba al dago inguruan olio orbanik? 
KERMAN: Oker zaude... Nik dakidala olioa hildakoaren emaztearen autoak galtzen du! Amorantearen kotxeak, berriz, ura galtzen du. Berogailua izorratuta dauka. 
OIER: Hau kaka-nahastea!!!!! Zer, denek daukate autoa izorratuta, ala? 
KERMAN: Ez!!! Emazteak ez dauka kotxea izorratuta...
OIER: Nolanahi ere, hemen ez dugu inolako pistarik topatu oraindik!
KERMAN: Zuk ez duzu ezer topatu! Nik bai!!! 
OIER: Zer topatu duzu, Kerman? Ile bat? 
KERMAN: Ez, zigarro-punta bat topatu dut! Tabako beltza! Emaztearen aitak tabako beltza erretzen du, ezta? 
OIER: Kerman!!!! Tabako beltza nik erretzen dut! Zigarro-punta hori nik bota dut!!! 
KERMAN: Zer? Erotu egin al gara? Orain, krimenaren tokia kutsatuta dago!!!!
OIER: Kerman!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!

AZALPENAK:
Esaldi barruko elementuen ordenak badu garrantzirik euskaraz. Ez da gauza bera «nik tabako beltza erretzen dut» esatea, edo «tabako beltza nik erretzen dut» esatea. Osagai garrantzitsuena aditzaren aurrean ipiniko dugu.

OIER: Kerman, zer ari zara gordetzen? 
KERMAN: Zigarro-punta ari naiz gordetzen!
OIER: Zigarro-punta? Zertarako?
KERMAN: Batetik, protokoloak hala agintzen duelako. Eta, bestetik, gorde ezean, daukagun arrasto bakarra galdu egingo dugulako!!! 
OIER: Zer arrasto eta zer arrasto-ondo? Nik dakidala oraindik ez dugu arrastorik topatu! 
KERMAN: Zuk ez duzu arrastorik topatu! Nik, ordea, bai!
OIER: Kerman, esan dizut zigarro-punta hori nik bota nuela!
KERMAN: Bost axola niri! Mikel Pablorekin hitz egin dut, eta Gontzal Marik eta biek bost arrasto topatu dituzte dagoeneko. Eta ni ez naiz atzean geratuko! Ezta pentsatu ere! 
OIER: Baina nik bota dudala, ba, zigarro-punta hori! 
KERMAN: Hori zuk diozu! Baina… Ba al daukazu lekukorik? Agian zeu zara hiltzailea... Bai, litekeena da... Zuk erretzen duzu hemen tabako beltza... 
OIER: Kerman, mesedez...
KERMAN: Non izan zinen bart gauean? Lekukorik baduzu? Norbaitek ikusi zintuen? Agian hildakoa etxera gonbidatu zenuen...
OIER: Kerman!
KERMAN: Bai, hori da, hori da... Hildakoa, engainatuta, etxera eraman zenuen... Edateko zer edo zer atera zenion... Eta despistatu zenean... Danba! Atzetik harrapatu zenuen.
OIER: Kerman!!!!

AZALPENAK:
Joko xelebreetan aritu da gaur ere Kerman.
Ikusi dugunez, «Norbaitek ikusi zizun» eta horrelako esaldiak ez dira zuzenak euskaraz. NOR-NORK saileko laguntzailea ipiniko diegu. «Norbaitek ikusi al zintuen?» eta «Hildakoa etxera gonbidatu zenuen».
Bestalde, esaldi barruko ordenak duen garrantzia ikusi dugu. «Nik tabako beltza erretzen dut» eta «Tabako beltza nik erretzen dut» esaldiak ez dira erabat baliokideak. Lehendabizikoak «Zer erretzen duzu?» galderari erantzungo lioke. Bigarrenak, berriz, «Nork erretzen du tabako beltza?» galderari. 
Horixe gaur ikusitakoa, lagunok. Zuek, betikoa: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment