Docutec Card

Kerman mintzalagun bila: Buruhausteak

Lagun batek matematika buruketak egiten laguntzeko eskatzen dio Kermani. Hasieran erraza dirudi, baina arazoak dituzte.

Transcription:[+] Transcription:[-]

 KERMAN: Aupa, Montse! Zer zabiltza?!

MONTSE: Zertan nabilen? Ez zenuke sinetsiko… 
KERMAN: Jesus… Horren larria al da? 
MONTSE: Nire ilobari matematikako etxeko lanak egiten lagundu nahi diot… Eta ez dut tutik ere ulertzen! Zer esango diot nik orain? Hau lotsa! 
KERMAN: Agian nik asmatuko dut egiten! Ea erakutsi! Hau adibidez… Ariketa hau erraza dirudi… 
MONTSE: Itxuraz bai… Ikusiko duzu... A zer laranja saltsa… “Kamioiak 188 kilo laranja ekarri ditu. Kaxak hiru neurritakoak dira: Kaxa handian 50 laranja kabitzen dira, ertainean hogei eta txikian sei.”
KERMAN:Jesus… Arrazoi duzu… Hau aho-korapiloa dirudi… Nik oraingoz ez dut ezer ulertu… 
MONTSE: Ba, itxaron... Ez duzu okerrena irakurri... Entzun! “Kilogramo bakoitzak bost laranja izaten ditu. Hori kontuan izanik, zenbat kaxa handi, zenbat ertain eta zenbat txiki beteko dituzu?”
KERMAN: Ama… Ni tontoa dirudit! Ez dakit nondik hasi ere!!!! Beste bat, beste bat… Hau, adibidez… Hau ez dirudi horren zaila… 
MONTSE: Zein? Lasterketarena? Damutuko zaizu…

AZALPENAK:
Iruditu aditzak nork erako subjektua eskatzen du. «Nik tontoa dirudit» eta «honek ez dirudi horren zaila». Gogoan izan, «ni tontoa dirudit» eta «hau ez dirudi horren zaila» txartzat emango ditugu.

KERMAN: “Lehenengo korrikalariak 100 metro egin ditu minutuko, bigarrenak 80 metro eta hirugarrenak 60. Zenbat denbora behar izan du korrikalari bakoitzak lasterketa egiteko?” Ama… Hau da nahasmena!!!
MONTSE: Aski da! Arkaitzi deitu behar diot, laguntza eskatzeko… Matematika irakaslea da-eta… 
KERMAN: Et, et, et… Zaude geldi! Nahiago dut nik bakarrik egitea, laguntzarik gabe! Ez dut nahi Arkaitzek erantzutea.
MONTSE: Baina, Kerman… Ez zara kapaz, baina … 
KERMAN: Lehengo korrikalariak ehun metro egin ditu minutuko, bigarrenak 80...Oso zaila da!!! Baina, baina... Nola nahi dute umeek hau egitea???!!!!
MONTSE: Agian atzealdean egongo dira erantzunak! Nolatan ez zait lehenago bururatu! 
KERMAN: Geldi hor, Montse!!! Esan dizut ba... Neuk bakarrik asmatzea nahi dut!!!! 
MONTSE: Ba... Luze joko digu... Jateko zer edo zer eskatu beharko dugu... Goazen tabernara zer dagoen ikustera...
KERMAN: Nahiago dut zu joatea... Nik lanean jarraituko dut...
MONTSE: Ondo da... Baina ez tranparik egin...
KERMAN: Tranpa??? Nik???? Mesedez...
KERMAN: Erantzunak, erantzunak...

AZALPENAK:
Ez da gauza bera «nik joan nahi dut» eta «nik joatea nahi dut» esatea. Nahi duena eta joango dena pertsona bera direnean, partizipioa erabiliko dugu: “Nik kalera joan nahi dut”. Nahi duena eta joango dena desberdinak direnean, berriz, aditz izena erabiliko dugu: “Nik zu kalera joatea nahi dut”

MONTSE: Kerman, nik ezin dut gehiago... Etsi dut... 
KERMAN: Ulertzekoa da... Izan ere... buruketa hauek oso errazak dirudite... Baina ez da hala... 
MONTSE: Kontua da nire ilobak erantzunak behar dituela... Atzeko aldean begiratuko dut... 
KERMAN: Alfer lana egingo duzu... Izan ere, atzealdean azken emaitza baino ez dute ematen... Baina buruketa egiteko modua azaldu ez...
MONTSE: Orduan, azkenean, tranpa egin duzu!!! Emaitzak begiratu dituzu...
KERMAN: Bai... Laguntzarik gabe, bakarrik egin nahi nituen ariketak... Baina onartu beharra daukat: ez naiz gai.
MONTSE: Tira... Deitu Arkaitzi, laguntza eskatzeko... 
KERMAN: Ez dakit, ba... Arkaitzek oso jatorra dirudi... Baina matematika kontuekin hasten denean, zeharo gogaikarri jartzen da... Nahiago dut ez deitu...
MONTSE: Tira, neuk deituko diot gero... Hortaz, abiatu egingo gara, ezta? Ordaindu egin behar dugu... Zurea zortzi euro eta 75 xentimo... Eta nirea zazpi euro eta hamabost zentimo. 
KERMAN: Et, et, et... Nahiago dut kontuak neuk egin... Izan ere... zuk oso azkarra dirudizu... baina ez dakizu buruketa xinple bat ere egiten...

AZALPENAK:
Buruketak egiten aritu dira gaur Montse eta Kerman.

Ikusi dugunez, IRUDITU aditzak NORK erako subjektua eskatzen du: «Zuk oso azkarra dirudizu», eta «honek erraza dirudi». Gogoan hartu, «zu oso azkarra dirudizu» eta «hau erraza dirudi» txartzat emango ditugu.

Bigarrenik, «egin nahi dut» eta «egitea nahi dut» desberdinak direla ikusi dugu. «Nik kalera joan nahi dut» esaten badugu, nahi duena eta kalera joango dena pertsona bera dira. «Nik zu kalera joatea nahi dut» esaten badugu, berriz, nahi duena eta kalera joango dena desberdinak izango dira.
Hori gaurkoa, lagunok. Zuek, badakizue: honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment