Docutec Card

Horiek lanak ematen dizkigun lanak!

Lana izatea gauza handia da (krisi garaian zer esanik ez). Baina batzuetan lanak izaten ditugu lana eta gure bizitza ondo egokitzen, neurririk gabe lanean jarduten dugulako, morrontza horretaz jabetu gabe. Zu horietakoa al zara, alegia, buruan lana besterik ez duen horietakoa?

Jokabide hau dutenek normala baino ordu gehiago aritzen dira lanean eta gainera gogo onez. Obsesioak eraginda ezin dute bulegoko lana burutik kendu, ez eta jai-egunetan ere. Baina jarrera honek ez die ez beren nagusiei ez eta beren buruei ere mesederik egiten; izan ere, langile hauek ez baitira zoriontsu sentitzen, osasun ahulekoak izan ohi dira eta luzarora errendimendu txikiagoa dute. Gainera, adituek diotenez, beren egoeraren jabe ote diren galdetuz gero, beti oso lanpetuta daudela erantzuten dute, non eta lan-karga beraiek aukeratutakoa den. Beraz, nekez onartuko du lanerako adizioa duen edonork "gaixo" dagoela eta laguntza behar duela.

Lan motak, izaerak eta inguruak du zeresana lanerako neurria galdu eta mendekotasuna sortzen duen jokabide honetan. Itxuraz, zenbat eta lanbide sortzaileagoa eta errutinatik urrunago egon, orduan eta aiseago eror zaitezke neurririk gabe lanaren sarean. Bestela esanda: kualifikazio handirik behar ez eta ordutegi zehatza duten lanetan, nekezago obsesiona zaitezke, berez, aparteko erronkarik ez baitute sortzen eta.

Profil bat zehaztu beharko balitz, normalean lanerako mendekotasuna dutenek 35-45 urte bitarte dute, perfekzio zaleak dira, bakarka lan egitea gustatzen zaie eta dena kontrolatu nahi izaten dute. Baina inguruak ere badu zerikusia. Lan asko egiten duena langile ona dela pentsatu eta saritu egiten duen gizarte batek ez du ulertzen lana neurtu eta tamainan aritzen den langilea.

Nola jakin, ordea, lanak harrapatu ote zaituen? Irakur arretaz adierazpide hauek:

  • Lasterketa batean nagoela iruditzen zait.
  • Nire lankideek alde egin eta ni beti lanean geratzen naiz.
  • Lana gogotsu egitea oso garrantzizkoa da, baita gustukoa ez denean ere.
  • Normalean oso lanpetuta nago, eskuartean gai asko dauzkat-eta.
  • Badirudi barruak agintzen didala gogor lan egitea, nahita edo nahigabe.
  • Nire lagunekin egon baino nahiago dut lanean aritu.
  • Nire burua lan egitera behartzen dut, baita gogoz kontra ere.
  • Nire burua bizpahiru lanetan batera ikusten dut beti: bazkaldu, oharrak hartu, telefonoz hitz egin...
  • Errudun sentitzen naiz jai-egun bat dudanean.
  • Lanetik kanpo ezin dut erlaxatu.

Zer pentsatua eman al dizute irakurri berri dituzunak?





Lan-menpekotasunak harrapatu zaitu?

Lanak sortarazten digun menpekotasuna hizpide dugun artikulu honetan test bat egitea proposatu nahi dizugu. Azter ezazu zure egoera eta ondoren galdera hauei erantzun:

Betetzen duzun lan-ordutegi bat ba al duzu?

a)    Noiz sartzen naizen badakit. Noiz irten, ordea, sekula ez.
b)    Batzuetan.
c)    Bai. Beti.

Eramaten al duzu etxera irakurri edo zuzendu beharreko txostenen bat:

a)    Bai. Ia egunero.
b)    Batzuetan, asteburuetan.
c)    Nire irakurgaiak liburutegian aukeratzen ditut.

Jasotzen al duzu etxean lanari buruzko telefono-deiren bat?
a)    Ia egunero.
b)    Tarteka, asteburuetan.
c)    Zerbait benetan harrigarria gertatu denean.

Lanetik gainerako lankideekin batera irteten zarenean, errudun sentitzen zara?
a)    Bai. Ihes egiten ari naizela iruditzen zait.
b)    Batzuetan.
c)    Egin beharrekoa egin dudala sentitzen dut.

Eskuko telefonoan lagunenak baino lankideen telefono-zenbaki gehiago al duzu?
a)    Bai.
b)    Erdibana.
c)    Bizpahiru lankide eta gainerako guztiak lagunak.

Oporrak, lehenengo astea pasata, bukaezinak egiten zaizkit.
a)    Bai, hala da. Baina lanera itzultzeko gero eta denbora gutxiago falta dela pentsatzeak kontsolatzen nau.
b)    Ez.
c)    Motzak egiten zaizkit.

Beti denbora falta zaizu eta hori dela eta, beti marmarka ari zara.
a)    Bai, ohitura dut.
b)    Batzuetan, eskuartean gauza asko dudanean.
c)    Normalean ondo konpontzen naiz.

Beti lan-kontuekin ari zara, inoiz ez zaletasun, kirol edo kultur gaiekin.
a)    Lanak ez dit beste ezertarako betarik ematen.
b)    Lankideekin nagoen ala ez, honen arabera izaten da.
c)    Lana? Zer da hori?

Inoiz pentsatu al duzu lanaren menpe bizi zarela?
a)    Bai, baina ni ez banago ez du inork egingo.
b)    Batzuetan.
c)    Inoiz ez dut horrelakorik pentsatu.

Bulegoan maletina ahaztuta utzi duzunean, zerbait falta zaizula sumatzen al duzu?

a)    Zalantzarik gabe. Horrelakoetan, bila joaten naiz.
b)    Zerbait garrantzitsua utzi dudanean, bai.
c)    Noski, arinago bainoa... 

__________________________

Batu "a" guztiak eta 5 zenbakiarekin biderkatu; "b" erantzunak bider 2 eta "c"ak bider 0.

Puntuazioa:

30-50 puntu bildu badituzu: Lanerako bizi zara. Har ezazu serio kontua eta aztertu zertan ari zaren. Zeuretzat tarte bat hartuz gero, zuk zeuk, zure ingurukoek eta baita zure lantegikoek ere eskertuko dute.

10-30 puntu bildu badituzu: Asko eta asko bezala lana eta bizitza pertsonalaren arteko orekaren bila zabiltza. Animo eta segi horrela!

0-10 puntu bildu badituzu: Gezurretan ari zara, ezta? edo agian ez dakizu biderkatzen. Benetan erantzun baduzu, lasai eta zeure buruarekin oso gustura bizi zarela ikusten da. Zorionak!







LANA IZAN ETA LANAK IZAN / EMAN

Ez da gauza bera euskaraz, Lana izatea eta Lanak izatea. Lana izatea, lana edukitzea da, lanpostu baten jabe izatea betirako ala bolada baterako.

Lanak izatea, berriz, zerbaitetarako arazoak, eragozpenak izatea da. Oso bestelako esanahia du, ezta?

Gaztelaniaz, tener dificultades; pedir esfuerzo; costar esfuerzo moldeen ordaina da. Adibidez:
  • Lanak izan nituen liburu hura ulertzen: me costó entender aquel libro.
  • Horiek lanak izan dituzten zubia eraikitzen!: ¡Ya les ha costado levantar el puente!
Edo, lanak eman causar dificultades; pedir esfuerzo; costar esfuerzo moldeen ordaina da. Adibidez:
  • Lanak eman zizkigun ganbara garbitzeak!: ¡ya nos costó limpiar el desván!
  • A ze lanak eman dizkidan seme honek!: ¡Mira que me ha causado problemas mi hijo!.
 

 
 

Comments
Login for comment