Docutec Card

Emakumeak eta infartua

Duela gutxi arte, bihotzeko arazoak usuagoak ziren gizonezkoen artean emakumeetan baino, hormona femeninoek arazo kardiobaskularretatik babestu egiten baitzituzten emakumeak. Gaur egun, ordea, tabakoa, laneko estresa, bizi-esperantza handiagoa eta gisa horretako faktoreen eraginez, emakumeak ia gizonezkoak adina probabilitate dauzka gaixotasun koronarioak izateko.

Arrisku-faktoreak
Herentziak, malformazioek, eta beste faktore batzuek ere bere garrantzia duten arren, bihotzak ez du gauetik goizera huts egiten. Badira gure osasun kardiobaskularrean eragin negatiboa duten arrisku-faktoreak.

TABAKOA
Miokardioko infartuak lau aldiz gehiago erasaten die erretzaileei ez-erretzaileei baino. Zigarroaren keak arteria koronarioak ixtea dakar, eta horren eraginez bihotzera askoz ere odol gutxiago iristen da. Tabakoaren keak koaguluen sorrera ere errazten du eta, beraz, infartua jasateko arriskua ere igo egiten da (kardiopatiengatiko heriotza-tasa % 200ean gehitzen da hainbat urtetan egunero pakete bat baino gehiago erretzen dutenen artean). Eta egoera are okerragoa da pertsona hori erretzen gaztetatik hasten denean, gero eta ohizkoagoa dena zoritxarrez.

OBESITATEA
Gero eta obeso gehiago dago munduan, eta ohitura txarren ondorioz (gero eta zabalduagoak dauden koipe askoko dietak esaterako) pertsona horien kopuruak gora egingo duela aurreikusten da. Obesitateak diabetesa eta kolesterol altua izateko arriskua gehitzen ditu, eta bi arazo horiek oso lotuak daude arazo kardiobaskularrekin.

SEDENTARISMOA
Aldian behin ariketa fisikorik ez egitea ere egoera okerragotu edo larriagotzen duen faktorea da. Arazo kardiobaskularrei aurrea hartzeko, ariketa fisiko arina egitea gomendatzen da (ibili, igeri egin eta antzekoak, astean bizpahiru aldiz).

HIPERTENTSIOA ETA DIABETESA
Bi gaixotasun horiek jasaten dituzten pertsonak ere arrisku kardiobaskular altuagoa dute, batez ere gaitz horiek ez badaude behar bezala kontrolatuak.

Emakumearen bihotza

Istripu kardiobaskularren indizea betidanik izan da altuagoa gizonezkoetan emakumeetan baino. Eta desberdintasun horren arrazoi nagusia hormona femeninoek bihotzarengan duten eragin mesedegarria da. Mesede edo babes hori bukatu egiten da, ordea, menopausia iristen denean. Babesa ematen zuten hormonen kopuruak goitik behera egiten du modu oso erradikalean, eta emakumeak gizonezkoak adinako arriskua du une horretan gaixotasun horien aurrean. Infartuagatiko heriotzaren arriskua lau aldiz txikiagoa da, oro har, emakumeetan gizonezkoetan baino; menopausiatik aurrera, aldiz, emakumeen arriskuak gora egiten du gizonezkoenarekin berdintzeraino 70 urtera iristean. Hortik aurrera, eta emakumeen bizi-itxaropena handiagoa denez —herrialde garatuetan 80 urtekoa izatera hel daiteke, batez beste—, menopausia osteko bizialdia ere nabarmen luzatu da, eta horrekin batera emakumeen istripu kardiobaskularren kopurua ere nabarmen gehitu da azken urteotan.

Trastorno horien gorakada ez da menopausia garaian bakarrik antzematen, zoritxarrez. Emakume gazteak ere —hormonek babestu beharko lituzketenak, teorian bederen—, hasi dira bihotzekoak izaten azken garaiotan. Horren arrazoia zera da: betidanik gizonezkoenak bakarrik izan diren ohiturak eta usadioak, kasu honetan mesede baino kalte gehiago egiten dutenak, emakumeen artean gero eta zabalduagoak daudela: laneko estresak (emakumeen kasuan lanaldi bikoitzak, lanean eta ondoren etxean, okerragotua), tabakismoak eta elikadura desegokiak eragin guztiz negatiboa baitute emakumearen bihotzaren osasunean.

Infartua, larriagoa emakumeetan
Infartuak emakumeei erasaten dienean, ondorioak askoz ere larriagoak izaten dira, hainbat arrazoi direla medio (infartu baten ondorengo 30 egunetan, emakumeen heriotza-tasa gizonezkoena baino % 40 handiagoa izaten da).

Infartuak adinean aurrerago doazen pertsonetan gertatzen dira emakumeen kasuan, eta horregatik pronostikoa okerragoa izaten da. Gainera, egoera horretara iristen diren emakume askok beste arazo gehigarri batzuk ere izaten dituzte (diabetesa, gainpisua edo hipertentsioa) eta horiek are gehiago zailtzen dute infartu osteko suspertzea.

Emakumeen arteria koronarioek gizonezkoen arteriekin alderatuz duten ahultasun handiagoa da kontuan hartu beharreko beste xehetasun bat, ahultasun horrek ebakuntza kirurgikoak (by pass bat jartzea edo kateterren bidez estuguneak zabaltzea) zaildu egiten baititu.

Infartua al da benetan?

Betidanik, infartua gizonezkoen gaitza bezala hartu izan da. Horregatik, infartuaren sintoma tipikoek emakumeari erasaten diotenean, ez da beti erraza izaten sintoma horiek infartuaren susmoarekin lotzea.
a) MINA LEPOAN ETA SORBALDAN. Infartuaren mina zorrotza eta oso gogorra da, baina emakumeetan lepoa eta sorbalda dira erasandako zonak gehienbat. Mina sabelaldera ere zabal daiteke.
b) ZANPAKETA-SENTSAZIOA BULARRALDEAN. Minak opresio edo zanpaketa-sentsazioa eragiten du, "elefantearen ostikada" bezala deskribatua izan dena.
c) ASFIXIA-SENTSAZIOA. Minarekin batera goragaleak , gorakoak eta asfixia edo itomen-sentsazioa agertzen dira. Pertsonak "airea falta zaiola" sentitzen du
d) SINTOMEN IRAUPENA. Aldakorra izan ohi da. Minutu bakarrekoa izan daiteke, baina normalean 20 bat minutu irauten dute.
e) NOIZ JOAN MEDIKUARENGANA? Orokorrean, bularraldean min zorrotza sentitzeak berehalako laguntza medikoa eskatzen du. Nahiz eta alarma faltsua izan, benetan infartua balitz, berehalako arreta medikoa erabakigarria izaten da.



Dieta egokia bihotzarentzat
LDL kolesterola edo kolesterol 'txarra' da kontuan hartu beharreko etsaia, horixe baita istripu kardiobaskular gehienen erantzulea. Horrez gain, obesitate, hipertentsio edo diabetes arazoak edukiz gero, arriskua biderkatu egiten da. Kontuan izan menopausiatik aurrera kolesterol 'onak' behera egiten duela eta 'txarrak', berriz, igotzeko joera duela. Horri guztiari aurre egiteko dietako puntu batzuk aldatzea komeni da.

KOIPE SATURATUAK AHALIK ETA GEHIENA MURRIZTU. Horiexek dira kolesterol txarraren gorakada ekartzen dutenak. Hestebeteak, haragi gorriak, esne osoa eta bere eratorriak, mariskoak eta erraiak dira murriztu beharreko janariak.

... ETA KOIPE MESEDEGARRIAK GEHITU. Kolesterol 'onaren' maila igotzen duten koipeak dira, bihotzaren osasunarentzat onuragarriak gertatzen direnak. Arrain urdinetan, landare-olioetan (oliba-olioa, ekilore-olioa, arto-olioa), ahuakatean, fruitu lehorretan eta hazietan aurkitzen dira batez ere.

ELIKAGAI BIHOTZ-OSASUNGARRIAK. Bihotzaren funtzionamendu egokia lortzen laguntzen duten guztiak dira, esate baterako: fruta, berdura, lekaleak, haragi giharrak eta hegazti-haragiak, esne gaingabetua eta horren eratorriak.

KONTUZ GATZAREKIN. Dietan gatz gehiegi erabiltzeak hipertentsio arteriala errazten du; beraz, kontuz ibiltzea komeni da. Hobe da gatzaren ordez beste ongailu edo gozagarri batzuk erabiltzea, adibidez belar aromatikoak edo espezia jakin batzuk.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 25, 2010
Number: 484057
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2588