Docutec Card

Plácido Domingo, susmopean

2017an Me Too kanpaina hasi zenetik, ugariak izan dira han eta hemen emakume erasotuen salaketak. Gure inguruan zabaldu den azkenak Plácido Domingorekin du zerikusia.

Euskadi Irratitik hartutako audio honetan, gai horren inguruan sortu diren erreakzio eta jarrerak aztertu ondoren, Begoña Muruagak bere iritzia ematen du bukaeran.
 

Transcription:[+] Transcription:[-]

BEGOÑA MURUAGA. 2017an Me Too kanpaina hasi zenetik, ugariak izan dira han eta hemen emakume erasotuen salaketak. Gure inguruan zabaldu den azkenak Plácido Domingorekin du zerikusia.

Abuztuaren 13an, Estatu Batuetako Associated Press agentziak 10 emakume abeslarik jarri zuten salaketa kaleratu zuen, eta hil honetan [2019ko irailean] beste 11 emakumerena. Bestalde, jakin berri dugu Sony enpresako langile-ohi batek ere salatu duela Domingo jauna. Lagunak eta ezagunak berehala agertu dira hedabideetan abeslariaren jatortasuna, zintzotasuna eta adeitasuna defendatzera. Horietako batek, Gabriela de Esteban orkestra-zuzendariak hain zuzen, artikulu batean, abeslariaren bertute guztiak azaldu eta gero, hiru galdera hauek egiten zituen: Zergatik ez dute eman aurpegia salatariek? Zergatik itxoin dute hainbeste denbora? Eta zergatik ez dira joan epaitegi batera?

Egia da emakume horietatik bik bakarrik eman dutela izena. Biak daude gaur egun opera-mundutik kanpo. Hori izan daiteke arrazoietako bat. Pasatu den denborari dagokionez, antzeko zerbait gertatu da Eliza katolikoko apaizen aurkako auzian ere: urte dezente pasatu dira erasoak gertatu zirenetik salaketak jarri arte. Eta denok imajina ditzakegu arrazoiak: alde batetik, oso zaila da oraindik ere sexu-jazarpena salatzea, norberaren intimitatea sakonki urratzen duelako; bestetik, askotan erasotua errudun sentitzen da; gainera, kasu gehienetan inguru hurbilekoa izaten da erasotzailea: familiakoa, eskolakoa edo lanekoa. Eta zer esan salaketa epaitegi batean ez aurkezteaz? Bada, eraso horiek noizbait delitu izan balira ere, gaur preskribatuta daude; beraz, ez dago inolako aukerarik epaitzeko.

Kasu honetan oso deigarria iruditu zait opera-munduko erakundeen jarrera Estatu Batuetan eta Europan. Han, bertan behera utzi dituzte zenbait kontzertu, martxan jarritako ikerketak amaitu arte. Hemen, berriz, txalo-zaparrada jaso zuen abeslariak Salzburgoko kontzertuan. Seguruenik, sekula ez da argituko orduan gertaturiko guztia. Edozein modutan, nik sinistu egiten diet emakume horiei.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Oct 1, 2019
Number: 48061972
Source:
Duration: 00:02:53
Number of visits: 443