Docutec Card

Zer da G7a?

Hamaika Telebistaren eskutik, Biarritzen egin den G7ko goi-bilera hobeto ulertzeko azalpenezko bideoa.

G7a Estatu Batuen esfera politikoan kokatzen diren 7 estatu garrantzitsuenek urtero egiten duten goi-bilera da. Estatu Batuez gain, Kanada, Frantziar estatua, Alemania, Italia, Japonia eta Britainia Handiko buruzagiek hartzen dute parte bertan.

Jatorrizko bideoa helbide honetan duzu.

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

G7a Estatu Batuen esfera politikoan kokatzen diren zazpi estatu garrantzitsuenek urtero egiten duten goi-bilera bat da. Estatu Batuez gain, Kanada, frantziar estatua, Alemania, Italia, Japonia eta Britainia Handiko buruzagiek hartzen dute parte bilera horietan. Europar Batasunak ere ordezkaritza bidaltzen du bilera Batasunean egiten denean.
Ondorioz, esan daiteke ez dela munduko zazpi lurralde aberatsenetako buruzagien goi-bilera bat.
Barne-produktu gordinari (BPG) erreparatuta, munduko bigarren potentziarik garrantzitsuena den Txinak ez du parte hartzen.
Zerrendan bosgarren lekuan dagoen Indiak ere ez du bertan ordezkaritzarik.
Kanadak, aldiz, parte hartzen jarraitzen du, Barne-produktu gordinaren nazioarteko zerrendan hamargarren postuan dagoen arren.
Guztira, munduko BPGren % 45 pasatxo ordezkatzen dute G7ko kideek. Aldi berean, munduko biztanle guztien % 14a bakarrik bizi da estatu horietan.
Eta zer zentzu du munduko herrialde aberatsenak aintzat hartzen dituen talde batek Txina edo Errusia barne hartzen ez baditu?
Bada, Errusia klubeko kide izan zen 1997tik 2014ra. G8 izenez ezagutu zen orduan. Sobietar Batasuna eraitsi ondoren, mendebaldera begira jarri zen Boris Yeltsinen gobernua eta eskuzabalik hartu zuten Washingtonek eta bere kideek.
Ekonomiari begira jarrita baina, taldeko kide bihurtu zen urtean, 1997an, Errusia munduko hamahirugarren ekonomiarik garrantzitsuena zen, BPGri erreparatuta, Mexiko, Hego Korea edo are estatu espainiarra ere aurretik zituen. 98an, hemezortzigarren postura jaitsi zen eta 99rako 24. postuan zegoen G8ko kide berria. Aldiz, taldetik kanporatu zutenerako, 2014rako, 9. posturaino igotzea lortu zuen federazio errusiarrak. Kanporatzeko arrazoia, Ukrainako egoera izan zen.
Errusiarekin gertatutakoak edo munduko bigarren ekonomiarik handiena den Txina taldeko kide ez izateak argi uzten du G7a ez dela ekonomikoki munduko lurralde garatuenen arteko bilera soil bat, hasieran esan dugun moduan, zuzenagoa dirudi Estatu Batuen esfera politikoan kokatzen diren zazpi estatu garrantzitsuenen arteko bilera gisa definitzeak.
Eta zer da, orduan, bilera hauetan egiten dena? Zer da bertan erabakitzen dena?
Bada, helburu ofiziala “Nazioarteko politika eta ekonomiaren egoera aztertzea eta mundu mailako sistema ekonomiko eta politikoari buruz hartu beharreko erabakiei dagokienean jarrerak batzen saiatzea” da.
Hori egin ahal izateko, urtean zehar bilerak egiten dituzte lurralde horietako Ekonomia, Atzerri, Ingurumen edo Lan Ministroek, besteak beste. Buruzagien arteko bilera egiten denerako, dena prest egon dadin.
Miarritzeko goi-bilerarako prestaketa-dokumentuek hainbat gai biltzen dituzte: horien arabera, bilerako gai-ordenan lehena finantza-sistemaren zibersegurtasuna izango da.
Horrez gain, sektore pribatuak bultzatutako ordainketa-sistemaren egonkortasuna ere aipatzen da, dokumentuak zehazki bi proiektu aipatzen ditu: JP Morgan bankuak sortutako JPM Coin txanpon digitala eta Facebook-en libra proiektua.
Zergen arloa edo ekonomia digitalak eragindako lehiakortasuna ere landuko dituzte Miarritzen Trump eta enparauek. Azken hiru puntuak klima eta finantza berdeak lurralde garatuetako biztanleen arteko ezberdintasuna eta garapenerako finantza-bideak izango dira.
Gauzak honela, urtean zehar egindako bileretan landutako gaiak estatuburuen izenean mahai gainean jarri, kapitalismoan gero eta ohikoagoak diren krisiei neoliberalismoaren bidetik erantzuten jarraitzen zaiela ziurtatu eta gero eta indar gutxiago duen XX. mendeko elite baten berrespen-zeremonia bat egiteko baino gutxi gehiagorako balioko du Miarritzen datozen egunetan egingo den goi-bilerak.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Aug 23, 2019
Number: 46955976
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 04:51
Number of visits: 302