Docutec Card

Ainhoa Arburua, doluaz

Ainhoa Arburua psikoterapeuta da eta Senda Fundazioan ari da lanean. Azken lau urteotan doluari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Iruñean, eta "Heriotza eta dolua gaur eguneko gizartean" leloarekin antolatu diren jardunaldi horietan hizlari izan da bera.

Gai horri buruz hitz egiteko gonbidatu dute Euskadi Irratian.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Ainhoa Arburua psikoterapeuta da eta Senda Fundazioan ari da lanean. Azken lau urteotan doluari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Iruñean, eta "Heriotza eta dolua gaur eguneko gizartean" leloarekin antolatu diren jardunaldi horietan hizlari izan da bera. Gai horri buruz hitz egiteko gonbidatu dugu gaur Euskadi Irratira.

Esataria: Ainhoa, egun on.

Ainhoa Arburua: Egun on.

Esataria: Egia esanda, heriotza eta dolua hitz eta kontzeptu gogorrak dira. Baina, beti doaz lotuta? Hau da, heriotzak beti al dakar dolua, kasu guztietan? Zer iruditzen zaizu zuri?

Ainhoa Arburua: Ez, ez da horrela. Batzuetan, nik uste dut, izaten ahal dela dolua, eta ez da heriotza baten ondorioz, ez? Eta beste batzuetan badago heriotza eta ez dago dolurik. Ez da nahi eta nahi ez lotuta izan behar.

Esataria: Eta euskaraz "dolumina" esaten denean, horixe bera esan nahi al dugu? Minaren osagai hori beti egoten da presente? Eta nolakoa da, ba, ez dakit, min fisiko edo arimako min hori?

Ainhoa Arburua: Bueno, nik uste dut, hori, badirela sintoma desberdinak. Batzuek, igual, izaten dute gehiago min fisikoa eta beste batzuek, berriz, sentimenduko mina gehiago, ez?

Esataria: Faseak ere badirela esan beharko dugu. Baina, Ainhoa, zeintzuk dira doluaren fase horiek?

Ainhoa Arburua: Nik uste dut nabarmenena edo lehenbizikoena dela galera onartzea, ez, onartzea maite dugun pertsona bat galdu dugula. Eta hori, nire ustez, kostatzen da.

Esataria: Ez da erraza hori onartzea...

Ainhoa Arburua: Hori da. Orduan, nik uste dut horretan pasatzen dela denbora pila bat, gehienetan konturatzea pertsona hori ez dela bueltatu behar. Hori da lehendabiziko pausoa. Behin onartuta, galdu dugula eta maite dugun pertsona hori hil dela, dago bertze [beste] fase bat, dena, gehienbat, sentimenduak azaltzea. Gauden gizartean ez da onartzen mina adieraztea edota heriotza. Orduan, hori onartzeak eta azaltzeak lan handia dauka.

Esataria: Bai, ze tabu modukoa da, ez? Inori... ez dakit..., ez zaio gustatzen gai horiek lantzea, eta entzutea ere askotan gogorra egiten zaigu, ez?

Ainhoa Arburua: Hori da. Nik uste dut txikitatik egiten digutela hori, haurrei ezkutatzea hiltzearena; batzuetan esaten da "joan da, desagertu da", baina inoiz ez duzu erraten [esaten] "hil da" eta zer suposatzen duen horrek, ez?

Esataria: Beraz, lehenengo onartu behar dugu gure senitarteko hori edo lagun hori hil dela, ez dela gehiago itzuliko, eta gero, sentimendu horiei buruz hitz egitea, hori ona da. Badira fase gehiago?

Ainhoa Arburua: Bai, hirugarrena: behin sentimenduak azaltzea-eta landu dugunean, bizitza desberdin bat antolatzea, ez, edo egokitzea. Hori da, bizitzea pertsona hori gabe; pixka bat, lan hori.

Esataria: Hutsune horrekin bizitzen ikasi egin behar dugu?

Ainhoa Arburua: Hori da, gehienbat estutasuna dagoen harreman batean. Batzuetan -bikotean, adibidez-, hiltzen bazaizu bikotea, berak betetzen zituen lan batzuk edo -ez dakit nola erran, perfil bat edo lan bat egiten zuen-, orduan zuk onartu behar duzu orain dena zuk egin behar duzula, ez? Orduan, hori onartu behar duzu eta berriz ere bizitza antolatu.

Esataria: Beraz, badira faseak horri aurre egiteko, baina pentsatzen dut, Ainhoa, pertsona guztiok ez dugula berdin erreakzionatuko eta pertsona berak ere heriotza ezberdinen aurrean ere ez duela beti modu berean erreakzionatuko, ezta?

Ainhoa Arburua: Hori da. Ahaztu zait azkeneko fasea, harreman berrietan ere egin behar dugula indarra jarri, ez? Hori da, emozionalki egokitzea eta bizitzen jarraitzea. Hori izango zen azkeneko fasea, ez? Eta erran didazuna, erreakzioak, bai, arrunt desberdinak dira, ez? Batzuek -eta gainera pertsona bakoitzak sentitzen ditu gauza batzuk-, adibidez, min fisikoa aunitz sentitzen dute. Orduan, batzuetan nekea, tentsioa, ezinegona eta bere errealitatetik kanpo sentitzen dira. Besteek, berriz, badituzte emozioak: tristura, haserrea, errua, blokeo emozionala, bakardadea... Hori ere dena nahiko arrunta da, ez. Jokabideen aldetik ere batzuek egiten dute amets hildako pertsonarekin, negar egitea eta ozenki deitzea pertsona horri; oroigarriak batzuetan ezkutatzen dira, bertzeetan, berriz, etxeak argazkiz betetzen ditugu... Orduan, erreakzioak arrunt desberdinak dira.

Esataria: Lehen aipatu diguzu, dena den, badirela fase batzuk. Horiek gainditzen ez badira, gerta daiteke arazoren bat sortzea? Eta gero, bestalde, gure buruari epe jakin bat jarri beharko genioke? Edo esan daiteke "urtebete behar da"? Edo badago halako mugarik jartzerik?

Ainhoa Arburua: Ez, nik uste dut ezetz, pertsonen arabera, noiz bihurtzen ahal den dolumen patologiko bat, pertsonen arabera. Batzuek, autore batzuek, erraten dute bi urte pasatuta ez bada gainditzen, ja badagoela arazo bat. Besteek, berriz, bi edo lau urte luzatzen dute. Nik uste dut, gehienbat, pertsonaren arabera eta aber ikusten den garapen bat edo eboluzio bat, ez? Horren arabera. Nik ez nuke erranen, ziurtatuko "bi urtetan", ez bada gainditzen bi urtetan ja patologikoa da. Ez.

Esataria: Eta gerta daiteke, agian, ba, bueno, behin ere ez gainditzea?

Ainhoa Arburua: Ez dut uste. Hombre, badira pertsona batzuk ja bere bizitza ez dena berdina, baina, bueno, nahi eta nahi ez, bizi behar da, eta gehienbat ikusten denean patologikoa edo gehienbat blokeatua dagoela, lehenbailehen laguntza eskatzea komenigarria izango zen.

Esataria: Eta laguntza eskatzekotan, oker ez banaiz, zuek, Ainhoa, Senda Fundazioan laguntza hori eman dezakezue? Kontaiguzu zer den Senda Fundazio hau eta, batez ere, nori bideratuta sortu den.

Ainhoa Arburua: Bale. Gehienbat, Fundazioa, Senda, irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta gehienbat, pixka bat gizarteari orokorrean bideratua dago, baina konkretuki doluaren prozesu horretan dauden pertsonentzat.

Esataria: Eta pertsona hauei laguntzeko pentsatzen dut profesional talde zabal bat beharko dela. Zuenean ere talde-lana da garrantzitsua. Zer-nolako profesionalak dituzue eta nolako laguntza eskaintzen diozue?

Ainhoa Arburua: Bai, bueno, orain lanean Fundazioan gaude hiru terapeuta. Orduan, badaude lan desberdinak. Alde batetik, nik uste badugula lan-bolumen handia gehienbat sentsibilizazio gauzetan, ez? Sentsibilizazioaren barnean, egiten ditugu jarduerak urtero, hitzaldiak... Bertze aldetik, badugu web-orria eta foro bat, bueno, martxan jarri behar dena, baina bueno, ja martxan dago. Eta gero bertze liburuxka bat ere argitaratu dugu berriki, eta hori da lana. A, eta baita ere, formazioa. Formazioa, adibidez, tanatorioko langileentzat edo gizarte-langileentzat... Hor ere gero eta lan gehiago dugu. Eta bertze aldetik dago arreta, zuzeneko lana.

Esataria: Beraz, batetik, gizarteko zenbait eragilerekin edo sektorerekin lan egiten duzue, baina baita banakakoekin ere. Edonork jo dezake zuengana?

Ainhoa Arburua: Hori da. Fundazioan badago jende pila bat etortzen dena laguntza eske, ez? Orduan, pixka bat egiten da lehenbiziko elkarrizketa bat eta hor ikusten dugu nola bideratu: indibidualki edo banakako lana egiten da edo, bertzela, taldeko lana egiten zaio. Taldeka ere badaude hiru... hiru ez, lau talde orain.

Esataria: Eta taldekako lan hori nola bideratzen duzue?

Ainhoa Arburua: Ba dira bi talde, direnak dolua zuzenean, berriki gertatu zaienei; eta gero, badago bertze talde bat dena, bueno erdaraz, ez dakit nola erraten den euskaraz, crecimiento personaleko taldea.

Esataria: Garapen pertsonalerako taldea-edo, esango genuke.

Ainhoa Arburua: Hori da. A, eta bolondreseko taldea ere bai.

Esataria: Ba, iruditzen bazaizu, Ainhoa, momentu honetan ez dugu azalpen gehiago emateko astirik, baina esan diguzunez, baduzue, Senda Fundazioak badu bere web-orrialdea. Emango al diguzu helbidea? Eta hala, entzuleek zuekin harremanetan jarri nahi izatera, hortxe aurkituko dute informazioa.

Ainhoa Arburua: Aber: http://www.sendafun.org

Esataria: Beraz, hortxe aurkituko dute gure entzuleek beharrezko informazio hori. Ba, Ainhoa Arburua, eskerrik asko gaur Euskadi Irratian izateagatik eta hurren arte.

Ainhoa Arburua: Mila esker.

Interesatzen zaizu

  • Dolua. Sekuentzia

    Dolua. Sekuentzia

    Dolua maite dugun norbaiten galerak ekarri ohi du berekin ezinbestean. Lehenengo urratsa izaten da izan dugun galera hori onartzea, baina ez da kontu erraza izaten. Zenbait kasutan nahitaez pairatu behar izaten den min hori patologiko bihurtzeko arriskua egoten da. Eta horrelakoetan onena dugu profesional baten eskuetan jartzea, ez baikara batzuetan gauza izaten geure kabuz egoerari buelta emateko. Gai hauxe jorratuko dugu ariketa-sekuentzia honetan.

    Dolua. Sekuentzia
 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 16, 2010
Number: 459912
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:08:55
Number of visits: 2504