Docutec Card

Herta Müller idazlea

Idazle bat gomendatuz amaitu du irrati-urte honetako azken zutabea Begoña Muruaga iritzi-emaileak. Herta Müller idazle errumaniarra da Begoñak gomendatzen diguna. Ezagutzen al duzu?

Herta Müllerrek Literaturako Nobel Saria irabazi zuen 2009an. Idazle horren bizimodua kontatzeaz gain, horren bi liburu komentatzen ditu Begoñak Euskadi Irratiko grabazio honetan.

Transcription:[+] Transcription:[-]

BEGOÑA MURUAGA. Gaurkoa izango da udako programazioaren aurretiko azken irratsaioa. Beraz, eguneroko zurrunbilotik ihesi, pentsatuta neukan gaia erabat aldatzea erabaki dut.
Imajinatzen dut entzuleon artean irakurzaleak egongo direla. Eta garai hau irakurtzeko oso aproposa denez, idazle bat gomendatu nahi dizuet: Herta Müller. Alemanez mintzatzen den gutxiengo errumaniarrekoa da Herta Müller. Hori dela eta, bizitza konplikatua izan du. Gaztetan diskriminazioa jasan zuen bere herrian, kultura aleman horrengatik hain zuzen ere. Gero, Ceau¿escu-ren diktadura-garaian, ihes egin behar izan zuen Errumaniatik erregimenarekin kritikoa izateagatik. Horren ondorioz, idazle honen obra guztia bi gairen inguruan dago eraikita: txikitako oroitzapenak eta diktaduraren aurkako borroka.

90eko hamarkadan deskubritu nuen Herta Müller, estilo eta kultura ezberdineko emakume idazleak bilatzen hasi nintzenean, eta En tierras bajas aurkitu nuen. Bertan neska gazte batek, inozotasun engainagarriz, herri txiki bateko bizimodua kontatzen digu: familia, erlijioa, heriotza, sexua, animaliak eta eskola deskribatzen dizkigu protagonistak, naturak eta krudelkeriak presentzia handia duten testuinguruan. Baina liburu honetan bereziena estiloa da. Esaldi motz eta indartsuak dira nagusi, eta metafora eta irudi onirikoz beteta dago.

2009an, Nobel saria eman ziotenean, berritu egin zitzaidan oroitzapen hura, eta haren liburu baten bila joan nintzen: Todo lo que tengo lo llevo conmigo izenekoarekin egin nuen topo. Harez gero, nire eskuetan erori den guztia irakurri dut. Eleberri hori Bigarren Gerra Handiaren bukaeran kokatzen da, eta bertan Oscar Pastior poetak Sobietar Batasuneko bortxazko lanen esparruan pasatu zituen urteak deskribatzen dira. Harrigarria bezain hunkigarria da nola azaltzen digun Müller andreak adiskidearen sufrimendua eta tristura, prosa poetiko zoragarria erabiliz. Nik dakidala, euskaraz liburu bakarra dago itzulita, Hatsaren kulunka.
Gauzak horrela, nik aipatutako liburuak edo beste edozein aukeratzen duzuela, irakurketarekin goza dezazuela opa dizuet.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jul 16, 2019
Number: 45974845
Source:
Duration: 00:02:41
Number of visits: 468