Docutec Card

Sexualitatea zahartzaroan

    XX. mendearen erdialderaino, sexuaren inguruan "gertatzen" eta "egiten" zena ezezaguna zen. Metodologia zientifikoarekin inoiz egiaztatu gabeko teoria psikologikoetan oinarritzen ziren hipotesiak bakarrik hartu ziren kontuan, autore bakoitzaren alor etiko eta moraletan oinarritutako postulatuak lantzen zirelarik.

    Sexuaren inguruko gaien ezagutza zientifikoaren oinarria Kinsey eta laguntzaileek eta Master eta Johnsonek jarri zuten XX. mendearen erdialdetik aurrera. Lehenengoek, amerikarren sexu-portaerei, -jarrerei eta -lehentasunei buruzko ikerketa epidemiologiko zabal bat publikatu zuten. Master eta Johnsonek, "Gizakiaren sexu-erantzuna" publikatzean, ideia oker ugari baztertu zituzten. Herri-usadioa, erlijioa eta ideia psikologiko oker asko baztertzeko, sexu-estimulu baten aurrean gertatzen ziren aldaketa fisiologiko guztien deskribapen zehatza egin zuten.

    Kinsey bera izan zen zaharren sexu-erlazioei buruzko lehen ikerketa burutu zuena 1948an. Bertan, ondorio hau atera zuen: adinarekin sexuarenganako interesa gutxitu egiten zela eta sexu-jarduerak adinarekin pixkanakako gainbehera jasaten zuela. Zoritxarrez, Kinseyk erakutsitako zaharrenganako jakin-minak ez zuen jarraitzaile askorik izan eta gaur egun, egoera orain aldatzen ari bada ere, ez dugu iturri estatistiko gehiegi. Bestalde, zahartzaroko sexualitateari buruzko aurreiritzi, mito eta tabu ugari dago. Gizartean, poliki, pentsamoldearen aldaketa bat gertatzen ari bada ere, adinak aurrera egiten duen heinean sexuarekiko dauden aurreiritziak lau ideia nagusitan banatzen direla esan beharra dago:
  • Sexualitatearen helburua ugalketa denez, gaitasun hori dutenentzat bakarrik erreserbatua dago, gazteentzat, alegia.
  • Sexu-erakarpena erakargarritasun fisikoaren erantzuna da. Ederra eta zaharra kontrajartzen dira. Zahartzaroan, beraz, ez dago sexu-erakarpen fisikorik.
  • Gazteak garenean bakarrik dugu maitatzeko gaitasuna; bestalde, sexu-zereginak sentimendu erromantiko bati lotuak daude, eta erromantizismoa gaztetasunaren kontua da.
  • Funtzionamendurik onena gaztaroan gertatzen da, eta adinarekin gaitasun hori etengabe galtzen doa.

    Zahartzaroan aldaketa fisiologiko eta anatomikoak gertatzen direla egia bada ere (1. taula), zahartzaroan gertatzen diren aldaketa fisiologikoak aitzakia moduan erabili izan dira adinduen sexu-jarduerari trabak jartzeko. Aldaketa fisiologiko horiek zenbait muga ezarri eta sexu-jardueran aldaketak eragin dituzten arren, sexu-jarduera eta asetasuna baimentzen dute. Aldaketa fisiologikoez gain, osasunak, psikologiak, gizarteak, eta abarrek ere izango dute eragina sexu-jardueran.

1. taula: Zahartzaroan gertatzen diren aldaketa fisiologikoak

 EMAKUMEAK GIZONEZKOAK
- Menopausia
- Estrogenoen murrizketa
- Bagina: txikitu, estutu eta elastikotasuna galdu egiten du
- Lubrifikazio gutxiago
- Klitoriaren, ezpainen eta baginaren plataformaren baso-kongestio txikiagoa
Kitzikapen-fase luzeagoa
- Koitoaren unean, baginaren eta umetokiaren uzkurketa gutxiago
- Bularrek tamaina eta tentetasuna galtzen dute
- Orgasmoa laburragoa izaten da eta intentsitatea gal dezake
- Testosteronaren murrizketa
- Esperma-kantitatearen eta eiakulazioaren intentsitatearen murrizketa
- Zutitze motelagoa, tentetasunaren galera eta estimulazio gehiagoren beharra
- Barrabilak gutxiago igotzen dira, eta denbora gehiago behar dute sexu-erantzunean
- Fase errefraktarioa luzatu egiten da

    Ondorioz, kontuan hartzekoa da zahartzaroan gertatzen diren aldaketa fisiologiko normalek sexu-jarduerarako aukera ematen dutela eta sexu-jarduera jakin batzuen maiztasuna murriztu arren (adibidez, koitoa), beste batzuk mantendu edo gehitu egiten direla. Sexu-asetasunak ez du zertan murriztu. Sexuarekiko interesak, sexu-identitateak, maitemintzeko gaitasunak... ez dute adinarekin atzera egiten. Are gehiago, kasu batzuetan aurrera egiten dute.. Zuzenagoa da aldaketa kualitatiboez nahiz kuantitatiboez hitz egitea, defizit edo ezgaitasun terminoak erabiltzea baino. Azken batean, zahartzaroa bizitzaren beste aro bat da. Zaharrek beren ezaugarri propioak dituzte, eta ez da zuzena gazteekin konparatzea.

    Egia da gaur egungo ikerlariek ez dutela zaharrek sexuaz gozatzeko duten gaitasuna kolokan jartzen. Erakundeak eta profesionalak, bestalde, jarrera-aldaketa baten beharraz kontzientziatzen ari dira. Guztiaren gainetik bakoitzaren interesak, nahiak eta historia errespetatu behar dira. Beraz, ez da sortu behar bakoitzaren askatasuna mugatzen duen sexu-jardueraren derrigorrezko estereotipo berririk.

    Estereotipoak aldatzen ari badira ere, osasun-heziketa beharrezkoa da gaur egungo gizartean. Ezinbestekoa da zahartzaroko sexualitatearen aldaketa fisiologikoak ezagutzea, beste edozein adinetan bezala zahartzaroan ere intimitate-beharra dagoela jakitea, prebentzioa, tratamenduak, eta abar barneratzea.

    Azkenik, ez dakigu gaur egungo zenbait gaixotasunek (adibidez, HIESak) eta gertakarik zer ondorio izango dituzten geroan. Baina, gertatzen dena gertatzen dela, ezin dugu ahaztu hurrengo zaharrak gu izango garela eta bihar izango duguna gaur egiten dugunaren ondorioa izango dela.
Marta Arrue

Interesatzen zaizu

  • Sexualitatea zahartzaroan. Sekuentzia

    Sexualitatea zahartzaroan. Sekuentzia

    Zaharrak eta sexua, sexua eta zaharrak. Heriotza baztertuta dugun gure gizarte ustez aurreratu honetan, zenbat leku egiten diogu sexuari adinean gora egiten dugun neurrian? Gauzak aldatzen ari badira ere, ez dira oso usuak izaten maitasun-adierazpen agerikoak gure adinekoen artean. Ala bai? Izan ere, zorioneko Viagra omen botikarik salduenetakoa. Baina, benetan ba al dakigu zertan diren kontuak? Gai hauxe landuko duzu ariketa-sekuentzia honetan.

    Sexualitatea zahartzaroan. Sekuentzia
 
 

Comments
Login for comment

Nov 20, 2009
Number: 450267
Number of visits: 3150