Docutec Card

Depresioa

OME, Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, depresioa daezgaitasun-kausa nagusia mundu osoan. Gure artean, biztanleriaren ehuneko 10 inguruk jasaten du depresioa, batez ere emakumeek, haurrek eta hirugarren adineko pertsonek. Espezialistek diotenez, kasuen ehuneko 80-90 sendatzen dira, gomendatutako tratamendua jarraituz gero.

Gutako gehienok izango genuen seguruenik noiz edo noiz tristura-gertakariren bat, edo ohizkoak baino gogorragoak diren beheraldiren bat edo beste. Egoera horiek normaltzat jo daitezke, baina tristura edo ahuldura hori gure eguneroko lanak egiteko eragozpen edo are ezintasun bihurtzen denean, eta hamabost egunetik gora luzatzen denean, beheraldi hutsa baino zertxobait gehiago izateko arriskua dago, eta agian depresio baten aurrean egon gaitezke.

Zergatik gertatzen da?
Hainbat dira depresiora eraman gaitzaketen arrazoiak. Horiek ezagutzeak diagnostiko zuzena egiten lagunduko digu.

  • Kanpoko gertaerak. Senide baten heriotza, laneko arazoak, dibortzioa, desilusio garrantzitsu bat, eta antzekoak izan daitezke depresio bat eragiteko adina arrazoi.
  • Osasun-arazoak. Gaixotasun larriak edo min-aldi luzeak ere izan daitezke depresio baten abiarazle. Hipotiroidismoak, esaterako, depresioa du bere sintometako bat. Zenbait botikak ere (lasaigarriek edo hipertentsioaren kontrako sendagai batzuek, adibidez) depresioa eragin dezakete.
  • Estresa. Estres-egoera jarraitu batek zeharo asalda dezake gure gogo-aldartea. Horregatik, gaur egun depresio-kasu asko estres kronikoaren ondorio izaten dira.
  • Bakartze soziala. Bakarrik bizi diren pertsonek (adinekoek, batez ere) depresio moduko arima-egoerak jasateko joera askoz ere gehiago dute.
  • Herentzia. Bada depresiorako nolabaiteko aurrejoera bat familia batzuetan. Baina oraindik ez dago argi arazoa genetikoa den, edota, aitzitik, haurtzaroan ikasi eta barneratutako portaera baten ondorioa besterik ez den.

Depresioa senda daiteke
Depresioa tratatzeko moduko gaixotasuna da. Eta kasuen ehuneko 80-90 bitartean sendatu egiten dira. Baina horretarako beharrezkoa da espezialistarengana joan eta horrek agindutako tratamendua betetzea. Argi eduki behar da depresioa ez dela bere kasa sendatzen. Gaitz ziklikoa denez, litekeena da aldi batzuk beste batzuk baino hobeak izatea, baina tratamendurik gabe, sekula ez da behin betiko desagertu edo sendatuko.

Farmakoak
Depresioaren kontrako botikak mediku psikiatra batek errezetatu behar ditu beti (ez psikologoek eta ezta bestelako terapeutek ere ez daukate horretarako ahalmenik). Antidepresiboek aldartea hobetu eta gaitzaren sintoma batzuen (loaren asalduak, kontzentrazio-falta eta antzekoen) kontra jarduten dute. Sendagai horien eraginak aurreneko asteetan jadanik hasten dira nabaritzen, baina tratamenduari sei hilabetez eutsi behar zaio, gaixoberritzeak saihesteko. Gaur egungo antidepresibo berriek duela urte batzuk hartu ohi zirenek baino askoz ere albo-ondorio -ahoko lehortasuna edo ikusmen zirriborrotsua, nagusiak aipatzearren- gutxiago dituzte, eta beraz, tratamendua bertan behera uzten dutenen indizea garai batean baino askoz ere apalagoa da.

Terapia
Medikazioarekin batera, psikoterapia-saioetara joatea ere gomendatzen dute adituek. Gaixotasunak eragindako arazoak konpontzen lagunduko dioten irtenbideak aurkitzeko oso baliagarria gerta daiteke terapeutaren lana. Gaixoaren senide eta hurbilekoei ere depresioak jota dagoen pertsona hori nola tratatu behar duten erakutsiko die terapeutak, sendatze-prozesua ahalik eta bizkorrena eta erosoena izan dadin.

Gogo-aldartea hobetzeko aholkuak
Depresioak jota, edo baita aldi baterako 'beheraldian' sartuta bazaude ere, bizi-kalitate ona mantentzeak askoz ere hobeto sentitzen lagunduko dizu.
  • ONDO LO EGIN. Oso garrantzitsua da gauez atseden hartzea. Lokartzeko arazoak badituzu, jo erremedio naturaletara (sendabelarrak, belar bedeinkatua edo baleriana esaterako).
  • DIETA OSASUNGARRIA. Dieta orekatua, janari fresko ugari dituena, egiteak hobeto sentiaraziko gaitu. Baztertu jaki aurrekozinatuak, eta "zabor-jana". Omega-3 gantz-azidoek eragin oso positiboa dute gogo-aldartean (arrain urdinean, edo fruitu lehorretan, intxaurretan esaterako, aurkituko dituzu).
  • EGIN KIROLA. Ariketa fisikoa maiz samar egiteak gurekiko ondo egoten lagunduko digu. Jarduera fisikoak endorfinen (zoriontasunaren hormonak esaten zaie) produkzioa estimulatzen du gure garunean.
  • EZ HARTU ESTIMULATZAILERIK. Depresioak jota egonik, oso arrunta da alkohola edo drogak bezalakoetara jotzea. Akats larria da hori, toxiko horiek egoera larriagotu egin baitezakete.
  • JOAN SENIDE ETA LAGUNENGANA. Inorekin egoteko gogorik ez dugula pentsatu edo uste arren, adiskide edo senideen konpainiak mesede handia egingo digu.
  • ERLAXATU. Estresak eragin guztiz negatiboa dauka depresio-egoeretan. Hori saihesteko, komeni da erlaxazio-ariketak egitea, edo yoga edo tai-chi bezalakoak praktikatzea.
  • ONDO PASATU. Kontraesan bat irudi lezakeen arren (lehen atsegin zitzaizkigun gauzekin inolako pozik ez sentitzea baita depresioaren sintometako bat), ideia ona da nork bere burua jarduera atseginak egitera behartzea.


Ba al dago suizidiorako arriskurik?
Bere buruaz beste egiten duten pertsona gehienak depresio-asaldu bat jasaten dute, baina, alderantziz, depresioak jota daudenetako oso gutxik jotzen du suizidiora. Dena dela, trastorno depresibo nagusiak jota dagoen paziente baten kasuan, suizidioaren arriskua ez da ahaztu edo albo batera baztertu behar. Pertsona batek bere emozioen gain kontrola erabat galdu duenean eta etorkizunerako itxaropenik apenas duenean, bere buruaz beste egiteko aukerak indar handia hartzen du bere baitan. Kasu horietan, medikazioak eta terapiak berriro bizitzari esperantzaz begiratzen lagunduko diote.

Ba al daukazu depresiorako joerarik? (testa)
Bi aste baino luzaroago, ondorengo testean bildutako sintometatik 5 edo gehiago dauzkazula uste baduzu, litekeena da depresioak jota egotea. Zoaz oheburuko medikuarengana, edo espezialista batengana (psikiatra), eta horrek argituko dizkizu eduki ditzakezun zalantza guztiak.

  1. Insomnio-arazoak, edo, aitzitik, gehiegizko logalea.
  2. Alterazioak apetituan: gehiegi jaten duzulako, edo gutxiegi bestela.
  3. Pisu-aldaketa esanguratsuak (zure pisu normaletik 3 kilo gora edo behera)
  4. Nekea eta energia-falta.
  5. Erruduntasun-sentimenduak behin eta berriz buruan, norberaren gutxiestea eta autoestimu baxua.
  6. Kontzentratzeko zailtasun handiak.
  7. Haserre-sentimendua (hira), suminkortasuna, ezinegona.
  8. Plazerak gozatzeko ezintasuna (sexuaren kasuan, esaterako).
  9. Bertan behera uztearen edo abandonuaren sentimendua (ezertarako gogorik ez).
  10. Heriotzaren inguruko edo bere buruaz beste egiteko pentsamenduak, behin eta berriz errepikatzen direnak egunean zehar.
  11. Gogo-aldarte baxua, senideren baten heriotzaren ostean, edo haurra erditu eta hurrengo lau asteen barruan.
Jabier Agirre, UZEI

Interesatzen zaizu

  • Depresioa

    Depresioa

    Beheraldiak eta tristura-sentimenduak izatea ohiko bilakatu da gaur egungo gizartean. Horrelakoetan, egoera jasanezin batera iritsi daiteke pertsona eta depresio sakonean murgildu adituen laguntzarik jaso ezean. Lehenengo atazan, depresioak jota dagoenaren sintomak eta horiei aurre egiteko tratamenduari buruzko xehetasunak aztertuko dituzu. Bigarrenean, aldiz, neguko beheraldi-egoera depresioa ote den argitzen saiatuko dira adituak, entzungo duzun irratsaioan.

    Depresioa
  • Depresioa. Hiztegia lantzen

    Depresioa. Hiztegia lantzen

    Sekuentzia honetan, Jabier Agirreren "Depresioa" izeneko artikuluan azaltzen den hiztegia landuko dugu.

    Depresioa. Hiztegia lantzen
  • Psikologoak ere depresioak jota

    Psikologoak ere depresioak jota

    Aditu askoren ustez, XXI. mende honetako izurrite berria izango da depresioa. Eta, itxura guztien arabera, ez dio inori barkatzen; pentsa, psikologoak ere bere hatzaparretan erortzen ari baitira.

    Psikologoak ere depresioak jota
 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 22, 2009
Number: 447897
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 5805