Docutec Card

Igogailua-5. atala

Igogailu barruan jarraitzen du Ainhoa Gorritik. Gero eta larriagoa den egoera bati aurre egin beharko dio.

Larrialdi-zerbitzuko langileak, berriz, ez du etsi nahi eta Ainhoari galderak egiten jarraituko du. Lortuko al du Ainhoak  igogailutik ateratzea?

 

Hiru Damatxo ekoiztetxeak Igogailua fikziozko podcast-a sortu du, AEKren enkarguz. Bost atal izango ditu irrati-nobelak, bakoitza lau minutu ingurukoa.
 

Nerea Arriola (irrati-nobelan, Ainhoa Gorriti Fernandez euskara-irakaslea) eta Nerea Aranburu (irrati-nobelan, igogailu-enpresako larrialdietako telefonoari erantzuten dion pertsona) aktoreak dira entzungaietako protagonistak.

Informazio gehiago, helbide honetan.

Transcription:[+] Transcription:[-]

OFF AHOTSA. AEK-k aurkezten du:

IGOGAILUA

 

AURREKO KAPITULUAN

 

AINHOA GORRITI.- LAGUNDUUU!!! ERO BATEK IGOGAILUAN HARRAPATUTA NAUKA! (kolpeak ematen dizkio ateari) LAGUNDU, MESEDEEZZZ!! (kolpe gehiago) AKABATU EGINGO NAU!!! (kolpe gehiago).

LANGILEA- Ainhoa, lasaitu beharra daukazu, gauzak bere onetik ateratzen…

AINHOA GORRITI- LAGUNDUKO AL DIT NORBAITEK?? HAU JASANEZINA DA!!

A! KABENZOTZZZ! BEHATZ LODIA HAUTSI DUT! ASKI DA!! EZIN DUT GEHIAGO (beste zarata bat entzungo da, pixa-soinua). A! EZZ! FALTA ZENA!!!

LANGILEA- Ainhoa, zure onetik aterata zaude, burua galdu duzu. Lasai, hemen inork ez dizu minik egin nahi. Esan dizut, hau lehiaketa bat da, besterik ez. Galderei zuzen erantzun besterik ez duzu egin behar laugarren solairura iristeko, orduan ateak ireki egingo dira, eta listo, hortxe bukatuko da dena. Ez dakit zergatik jartzen zaren horrela.

AINHOA GORRITI.- Eroa, psikopata, sasikumea, artaburua.

LANGILEA.- Ez dago zertan errespetua galdu, Ainhoa. Hau joko bat besterik ez da.

AINHOA GORRITI- Oilarbuztan marilerda sudurtalo alproja alaena.

LANGILEA- Nahikoa da, Ainhoa, nik ez dizut halakorik esan zuri.

AINHOA GORRITI- Kankailu lerdo babo ustela.

LANGILEA- Aizu, a zer irain pila dakizun, ezta?

AINHOA GORRITI- Zer uste duzu ba? Euskal irainei buruzko Berriako bideo famatu hura ikusi nuen, kakazu begihaundi astoziri ahalkegabe hori.

LANGILEA- Zurekin ezin da hitz egin. Hurrengo galdera egingo dizut.

AINHOA GORRITI- Ezin da hitz egin? Ezin da hitz egin? Ea, konturatzen zara zer pasatzen ari den hemen? Fisioterapeutarenera nindoan, baina zuk hemen harrapatu nauzunez, ez naiz iritsiko hitzordura. Pixaguraz nengoen, baina ez didazu komunera joaten utzi, beraz, azkenean gainean egin dut. Gainera, behatz lodia hautsi dut. Eta zuk jarraitzen duzu esaten lasaitzeko, hau joko bat dela... zu munduko zentzudunena bazina eta ni burutik banengo bezala.

LANGILEA- Tira, Ainhoa, beste modu batera ere konta daiteke hemen gertatu dena.

AINHOA GORRITI- A, bai? irrikan nago zure bertsioa entzuteko.

LANGILEA- Igogailuan sartu zara, eta ez aurrera ez atzera gelditu zarenez, larrialdietako telefonoaren botoia sakatu duzu. Nik esan dizut joko txiki bat antolatu dugula, eta arauak azaldu dizkizut: erantzun zuzen bakoitzeko, solairu bat gora; erantzun oker bakoitzeko, solairu bat behera. Fisioterapeuta laugarren solairuan dago. Hain zaila ere ez zen. Gero, kolpeka hasi zara, garrasika, laguntza eske, ostikoka, behatza hautsi duzu, pixa egin… ez zegoen horrela hasteko inolako beharrik.

AINHOA GORRITI- Erraz diozu.

LANGILEA- Bigarren solairuan zaude, askatasunetik bi galderara. Zeuk erabaki zer egin nahi duzun: eroen pare jarraitu edo lehia serio hartu, behingoz, eta hemendik ateratzen saiatu.

AINHOA GORRITI- Zuk ez daukazu lotsarik.

LANGILEA- Bueno, oraingo hau ez da galdera. Hiru aukera emango dizkizut, eta zuk zuzena asmatu behar duzu, zein den euskara idatziaren lehenbiziko lekukoa, Donemiliagako glosetan aurkitua. A aukera: “Içar urdinak lainoa lori”, B aukera: “Guec ajutu ez dugu”; eta C aukera: “Kau Komeria Dukeguna”.

AINHOA GORRITI- C aukera? Baina euskal alfabetoan ez dago C hizkirik!

LANGILEA- Hori mitoa da, Ainhoa. Egia da c hizkia eta bere aldaera, c hautsia, hala nola q, v, w eta y ez dira erabiltzen ohiko euskal hitzak idazteko. Baina kanpotar izenak transkribatzeko beharrezkoak direnez, euskal alfabetoan jasoak daude.

AINHOA GORRITI- Zein pedantea zaren, joder.

LANGILEA- Bueno, zein da erantzun zuzena?

AINHOA GORRITI- Ba ez dakit… A aukera ez, behintzat. “Içar urdinak lainoa lori”? Esaldi zentzugabea da hori. C aukera izan daiteke… baina “kau komeria” horrek nahasi egiten nau, bi arrazoigatik: “Kau”, oker ez banago, “hau” erakuslea da, erronkarieraz. Baina glosa horiek ez zituzten Erronkaribarren topatu, ezta? Eta, gainera, ez dut uste komeria hitza garai hartan euskararen corpusean egongo zenik...

LANGILEA- Beraz…

AINHOA GORRITI- “Guec ajutu ez dugu”.

LANGILEA- Bingo! Arrazoiketa bikaina, Ainhoa. Ikusten kontzentratzen zarenean nola asmatzen duzun?

 

(Igogailuaren soinua entzungo da, solairu bat igoz. “Hirugarren solairua”

entzungo da bozgorailuetatik)

 

LANGILEA- Bueno, Ainhoa, hirugarren solairua. Badakizu horrek zer esan nahi duen, ezta? Asmatuz gero, laugarrenera, eta libre izango zara.

AINHOA GORRITI- Ezer gutxi balio dit orain libre izateak. Fisioterapeutari zuk emango dizkiozu azalpenak?

LANGILEA- Ainhoa, ez hasi…

AINHOA GORRITI- “Ez hasi” ez. Eskerrak eman beharko dizkizut, gainera. Badakizu, ezta? Hemendik ateratzen naizenean, nor zaren ikertuko dut: nola duzun izena, non bizi zaren, zer lanbide duzun... dena. Mendekua itzela izango da.

LANGILEA- Ainhoa, gure arteko elkarrizketa osoa grabatua izaten ari da, eta zure aurka erabili ahal izango da epaitegietan; beraz, kontuz zer diozun. Jakinaren gainean zaude.

AINHOA GORRITI- Benetan? Eta orain diostazu? Hori hasieran esaten da, tentela!

LANGILEA- Dena dela, lasai. Hemendik ateratzea lortzen duzunean, neronek esango dizut nor naizen. Baina aurretik galdera bati erantzun beharko diozu. Prest zaude?

AINHOA GORRITI- Zer erremedio!

LANGILEA- Hona: nork idatzi du 2019ko Korrikaren lekuko barruko mezua?

AINHOA GORRITI- Alaaaaa! Bengaaaa!

LANGILEA- Zer?

AINHOA GORRITI- O sea… ea, non dago tranpa?

LANGILEA- Tranpa?

AINHOA GORRITI- Denetik galdetu didazu: Bidador pastoralari buruz, aditzik gabeko euskal kantu bati buruz, “futitzen naiz” esamoldearen esanahiaz, kalamar-razio bat turbobatueraz (turbobatueraz!) nola esaten den… eta orain, galderarik zailena espero nezakeen unean, zer eta galdera horrekin zatoz? Zer adarjotze da hau? Non dago tranpa?

LANGILEA- Ez dago tranparik.

AINHOA GORRITI- Bai, noski. Seguru nago igogailua urez betetzen hasiko dela, edo krokodiloak agertuko direla, edo…

LANGILEA- Ez esan txorakeriarik. Badakizu ala ez?

AINHOA GORRITI- Maialen Lujanbiok.

LANGILEA- Bai! Primeran! Lortu duzu, Ainhoa, libre zara!

 

(Takolo, Pirritx eta Porrotxen “Gora gora” kantua entzuten da bozgorailuetatik. Era berean, igogailuaren soinua ere bai, “laugarren solairua” esango du ahotsak, eta ateak irekiko dira). (Ainhoak ez du sinesten)

 

AINHOA GORRITI- Benetan? Listo?

LANGILEA- Handia egin duzu, Ainhoa, handia! Zorionak, benetan! Gainditu duzu proba! Euskaldun peto-petoa zara!

AINHOA GORRITI- Euskaldun peto-petoa?

LANGILEA- Bai, peto-petoa. Begira, hau guztia AEKren proba bat izan da. Garai batean euskaltegian izan ziren ikasleei egiten diegu, haien euskaltasun mailak zein bilakaera izan duen ikusteko. Laugarren Hizkuntz Eskakizunaren baliokidea da, eta horregatik lortu behar duzue laugarren solairuraino igotzea. Galdera guztiak tentuz hautaturik daude: kultura orokorreko batzuk, arlo espezifikoei buruzkoak, izan literatura, izan musika… eta, azkenik, hizkuntzarekin hertsiki loturiko beste batzuk. Oreka perfektua da. AEKn, formula berritzaileen alde gaude, eta…

AINHOA GORRITI- (Ainhoa, moztuz) Berritzailea?! Igogailuan irten ezinik, pixa gainean eginda, behatza hautsita... berritzailea iruditzen zaizu? Benetan?! Ederra izan zen euskaltegian pasatu nuen sasoia, baina ostiya! Gaurkoa gehiegizkoa izan da! Jode!!!

LANGILEA- Baina, Ainhoa, ez al da dibertigarria…?

AINHOA GORRITI- Badakizue zer? Badakizue zer? Ez dut gehiagorik entzun nahi! Ohean sartu nahi dut, ezkutatu, hau ahaztu... Ezin dut sinetsi!

LANGILEA- Baina, Ainhoa, laugarren hizkuntz eskakizuna daukazu orain…

AINHOA GORRITI- Laugarren Nobel saria eman bazenidate ere, niri bost! Bihar, agian, barre egingo dut honetaz, baina oraintxe bertan... harrapatuko bazintuztet...

 

(Igogailutik ateratzen da eta korridorean aurrera doa, handik ihesi. “Gora, gora”

kantau gero eta urrunago entzuten da. Halako batean, telefonoak jotzen dio)

 

AINHOA GORRITI- Joder, eta orain telefonoa. Nor arraio ote da?.... Bai, esan? Ai, amaaa! Barkatuuu! Bai, bai, gogoratu naiz zure urtebetetzea dela, baina… ama, baietz, joe, baina badakizu zer? Igogailu batean itxi naute, pixa gainean eginarazi didate, behatz lodia puskatu dut, eta orain arte estaldurarik gabe izan dut telefonoa. Ez didazula sinesten? Aitzakia hobea asmatzeko? Ama, benetan ari naizela!

 

AMAIERA

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Jun 12, 2019
Number: 44691280
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 07:18
Number of visits: 165