Docutec Card

Pertsonen beharretara egokituriko mundurantz

Aitziber Zubillaga, Adapta¹ taldea
Irisgarritasun unibertsalaren garapenak pertsona orori egiten dio mesede, ingurune eta zerbitzuei kalitatea, erosotasuna eta segurtasuna gehitzen baitie.
Irisgarritasun unibertsalaren kontzeptua
Pertsona guztiei egokitutako espazio eta zerbitzuak sortzeko irizpidea lantzen du "irisgarritasun unibertsala" kontzeptuak. Hau da, pertsonen aniztasun funtzionala hartzen du kontuan: mugikortasun, ikusmen, entzumen, edota ahalmen intelektual anitza.

Gure bizitzan zehar, gure gaitasunak eraldatuta edota murriztuta ikus ditzakegunez —ezintasun iraunkor bat, haurdunaldian zehar, haur-kotxea daramagunean, lesioren bat dugunean, pisua daramagunean, e.a.—, guztiok eskertzen dugu azpiegiturak, zerbitzuak eta produktuak erabiltzeko errazak izatea. Erosotasunaz eta kalitateaz ari gara azken finean.

Beraz, irisgarritasunean eginiko hobekuntzek pertsona guztientzat erosotasun handiagoko ingurune eta zerbitzuak sortzea ahalbidetzen dute, guztiok goza ditzakegunak, eta horregatik estetika eta diseinua eragotzi gabe. Erosoagoak diren espazioak, ez dira "ortopedikoak", kalitate handiagoko inguruak baizik.

Orain arte, irisgarritasunaren kontzeptua normatiba betetzeko beharrera laburbildu ohi da, guztiontzako diseinuak dituen abantailak ikusi gabe. Ezintasunak dituzten pertsonen eta adineko pertsonen bizi-kalitatearen hobekuntzan, 130 urtez lanean diharduen MATIA Taldearen baitan sortutako Adaptaren helburua hauxe da: ingurune eta zerbitzuak pertsona orok kalitate, erosotasun eta segurtasun osoz erabiltzeko prestatzea. Horretarako, guztiz berritzailea den irisgarritasun-eredu bat garatu du Adaptak, ikerketa-proiektu baten ondorioz.

Datu adierazgarriak

Irisgarritasun-premiak dituen biztanleria izugarri ari da areagotzen munduan, eta estatistika ofizialen arabera:
- Gizarte, demografia eta bizimodu-aldaketak direla-eta, bizi-iraupena eta ezintasun jakinen bat duten pertsonen kopurua handitzen ari da.
- Europako biztanleriaren % 16k 65 urte baino gehiago ditu eta 2020. urtean % 20ra igoko da kopurua.
- Ezintasunen bat duten pertsonen kopurua Europako biztanleriaren % 10ekoa da.
- Espainia mailan 3,5 milioi pertsonak dute ezintasunen bat, Europan 50 milioik eta mundu mailan ezintasunen bat duten pertsonak 600 milioitik gora dira jada.
- Lanpostuen sustapenak eta bizi-kalitatearen hobekuntzak segmentu hau gero eta gehiago integratzea ahalbidetzen du ohiko bizitzan.

Nahiz eta gizartearen zati honen tamaina handitzen joan, irisgarritasuna bermatzen duten ingurune eta baliabideak urriak dira oraindik:
- Orokorrean, ingurune eta zerbitzuen irisgarritasun-maila baxua da eta profesionalen irisgarritasunaren inguruko trebakuntza urria da oso.
- Doitasuna faltan botatzen da baliabideen irisgarritasun-mailari buruzko informazioan.
- Ez dago irisgarritasun unibertsala bermatzen duen erreferentzia estandarrik.
Nazioarteko egoera
Irisgarritasuna garatu duten herrialdeei dagokienez, Miami kontsideratzen da munduko hiririk irisgarriena. AEBak hartzen dira irisgarritasun erreferentetzat, beren irisgarritasun-ereduaren garapenagatik: ADA (American with Disability Act).

Europan, Frantziak akreditazio sistema bat garatu du turismo arlorako (Turisme & Handicap) eta iparreko herrialdeek ere irisgarritasun-ereduak dituzte (Suediak, Danimarkak, e.a.).

Euskadin, Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta hainbat hiri aurrerapausoak ari dira ematen irisgarritasunean.

Espainiako estatuan, Bartzelonak irisgarritasun-plan bat garatu du ezintasunak dituzten pertsonen Udal Institutuaren bidez, eta zenbait ekintza burutzen ari dira (komertzioa, kultura...) azpisektoreka. Madrilek ere zenbait ekintza jarri ditu martxan. Arona (Tenerife), Zaragoza, Xixon eta beste hainbat hiritan ere mota honetako estrategien garapenaren beharra eta aukera identifikatu dute eta bide horri ekiten ari dira. Gehienetan, ordea, irisgarritasun fisikoa hartzen da aintzat, eta ez unibertsala.

Irisgarritasun-ereduei dagokienez, nazioarte-mailan, eta zehazki Europar Batasunean, ez dago irisgarritasun unibertsala bermatzeko baldintza bateraturik. Hala ere, kezka hau nagusitzen ari da eta entitate desberdinak eta Europar Batasuna bera ere gai honi buruzko txosten, eztabaida-leku eta sareak osatzen hasiak dira, irisgarritasuna bermatuko duten europar kriterio estandarrak zehaztu nahian.

Espainian ere hala gertatzen da. Erreferente orokorrak egon badaude, baina erkidego bakoitzak bere irisgarritasun-araudia du. Horregatik, ugariak dira desberdintasunak lurralde batetik bestera.

Adapta-ren jarduera
Gaur egun indarrean dauden irisgarritasun-araudiak, orokorrean, ez dira nahikoak irisgarritasun unibertsala bermatzeko; horregatik, Adaptak MATIA Taldeko ezagutza eta esperientzia praktikoan eta munduko praktika onen ikerketan oinarriturik, bere eredua garatu du.

Erakunde publiko eta enpresa pribatuei irisgarritasuna hobetzeko aholkularitza-zerbitzua eskaintzen die Adaptak, bere zerbitzuetan prestakuntza arlo nagusietakoa delarik.

Arlo sozialetara joan beharrean, gizarteko arlo estandarretan ari da irisgarritasun unibertsalaren garapena bultzatzen: turismoa, kultura, ingurune naturala, hirigintza, garraioa, etab., benetan pertsona ororen beharretara egokitu daitezen.

Adibide gisa, museo, liburutegi, antzoki, ostatu, jatetxe, mendi-bide, komunikazio-euskarri, etab.en garapenean ari da lanean Adapta. Proiektu esanguratsuenen artean, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailburuordetzarentzat garaturiko Euskadiko Irisgarritasun Turistikoaren Egitaraua aipa daiteke.

Helburua, pausoz pauso, guztiontzat izango den mundurantz joatea da.

¹ Adapta-k Eusko Jaurlaritzaren Zilarrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu berria du, euskararekiko konpromisoaren adierazgarri.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

Sep 14, 2009
Number: 445023
Number of visits: 2758