Docutec Card

Igogailua-4. atala

Igogailuan harrapatuta jarraitzen du Ainhoa Gorriti irakasleak. Zoritxarrez, gero eta larriago bihurtzen ari zaio egoera, ezin diolako luzaroan txizagureari eutsi.

Igogailuak duen larrialdi-zerbitzuko langilea, ordea, ez da Ainhoaz gupidatuko eta galderak egiten jarraituko du.

 

Hiru Damatxo ekoiztetxeak Igogailua fikziozko podcast-a sortu du, AEKren enkarguz. Bost atal izango ditu irrati-nobelak, bakoitza lau minutu ingurukoa.
 

Nerea Arriola (irrati-nobelan, Ainhoa Gorriti Fernandez euskara-irakaslea) eta Nerea Aranburu (irrati-nobelan, igogailu-enpresako larrialdietako telefonoari erantzuten dion pertsona) aktoreak dira entzungaietako protagonistak.

Informazio gehiago, helbide honetan.

Transcription:[+] Transcription:[-]

OFF AHOTSA. AEK-k aurkezten du:

IGOGAILUA

AURREKO KAPITULUAN

 

LANGILEA.- Horra galdera: zein da Kattalin Minerrek argitaratu duen nobelaren izenburua?

AINHOA GORRITI.-  Nola heldu naiz ni honaino…

LANGILEA.- - Bai horixe, Nola heldu naiz ni honaino! Nabari da zure literaturzaletasuna, - Ainhoa. Zorionak!

AINHOA GORRITI.- - Zer???

LANGILEA.- - Proba asmatu duzula!

 

(igogailuak solairu bat gora egingo du, “bigarren solairua”, entzungo da).

 

LANGILEA.- Barkatuko didazu, etenaldi txiki bat egingo dugu, komunera joan beharra daukat-eta. Laster naiz bueltan.

AINHOA GORRITI.- Komunera? Komunera neuk daukat joan beharra, ezin diot txizagurari eutsi! Aizu, entzuten didazu? Entzuten didazu?? Ezin diodala eutsi! Gainean egitea nahi duzu, ala? Baina honek zer uste du? Nik ezin dut luzaroan honela egon… (ateari danbatekoak jotzen hasten da). Lagundu! Ei! Igogailuan harrapatuta nago! Nago ez, naukate! Joder, eraikin honetan ez dabil inor. Ea, Ainhoa, pentsatu: 17.00etan zinen fisioterapeutarekin geratuta… geroztik, zenbat denbora igaroko zen? Pare bat ordu?. Tuntuna ez naiz ba! Telefonoan ikusi besterik ez daukat eta!. Bostak eta hogei?? Hogei minutu besterik ez daramat hemen? Posible al da? Bueno, berdin dio… bostak eta hogei… txizari beste 15 minutuz eutsi ahal izango diot, asko jota… estrategiaren bat pentsatu beharko dut…

LANGILEA.- Hemen naiz berriz. Barkatu itxaronaldia, goiz osoan ez naiz komunera joan eta...

AINHOA GORRITI.- Aizu, benetan, hemen neu nago komunera joan beharrean!

LANGILEA.- Horretarako, laugarren solairura iritsi beharko duzu.

AINHOA GORRITI.- Mesedez, utzidazu une batez ateratzen, eta zin degizut gero hona itzuliko naizela. Ez al zara nitaz errukitzen?

LANGILEA.- Futitzen naiz.

AINHOA GORRITI.- Zer?

LANGILEA.- Futitzen naiz. Esadazu, Ainhoa, zer esan nahi du esamolde horrek? Asmatuz gero, gertuago egongo zara komunetik.

AINHOA GORRITI.- Ea, zu ez zara ari jabetzen. Hau benetako larrialdia da, komuna behar dut. Bost axola zure galdera madarikatu hori. ¡Me la pela!

LANGILEA.- Me la pela… ontzat emango dugu. Oso ondo, Ainhoa!

 

(Igogailuak solairu bat gora egingo du, “hirugarren solairua” entzungo da bozgorailutik).

 

AINHOA GORRITI.- Ez dut ulertzen…

LANGILEA.- Futitzen naiz “me la pela” itzultzen da gaztelaniaz, baina jatorria frantsesezko je m'en fous esamoldean dauka. Bost axola zait, berdin dit, Twitterreko hizkeran dizerdit… horixe esan nahi du. Aski erabiltzen da Iparraldean. Esate baterako, Maialen Hegi-Lukuren narrazioetan topa dezakezu, Ainhoa.

AINHOA GORRITI.- Bost axola zaidala! Oraintxe bertan komuna behar dut! Roca! Pixontzia! Zulo bat! Berdin dit zer, baina maskuria lehertu beharrean daukat!

LANGILEA.- Ea ba hurrengo galdera erantzuten duzun. Asmatuz gero, libre zara.

AINHOA GORRITI.- Ai ama, sakelakoa jotzen ari da? A, alarma da! Eta zergatik jarriko nuen alarma ordu honetan… ea, ikustagun… “amarenera joan urtebetetzeko oparia ematera!” Kaka! Gaur da! 70 urte bete ditu! Joder, lurrin-dendako lurrinik onena erosi nion atzo… eta orain, eman behar diodanean, igogailuan harrapatuta ni! Deitu egingo diot, abisatzeko…

LANGILEA.- Estaldurarik gabe zaude, Ainhoa.

AINHOA GORRITI.- Kaka zaharra! Atera al daiteke ezer okerrago?

LANGILEA.- Hurrengo galdera ez asmatzea, adibidez.

AINHOA GORRITI.- Bota, bota azkar, ea behingoz ateratzen naizen hemendik.

LANGILEA.- Seguru zaude?

AINHOA GORRITI.- Orain horrela hasi behar duzu? Botatzeko galdera behingoz, joder!

LANGILEA.- Ados. Hona hemen: Nola esaten da turbobatueraz “kalamar razio bat, mesedez?”

AINHOA GORRITI.- Turbobatuera? Zer arraio da hori?

LANGILEA.- Ez esan orain turbobatuera zer den ez dakizula.

AINHOA GORRITI.- Ez daukat ideiarik ere.

LANGILEA.- Euskal hiztunen arteko azken moda, ez da beste konturik entzuten. Euskalki guztien arteko mixa da: orain zubererazko hitz bat, orain aditz bat bizkaieraz, gero gipuzkeraz, lapurteraz… baita lapurtera klasikoan edo nafarrera zaharrean ere. Oso dibertigarria da.

AINHOA GORRITI.- Zuek burutik eginda zaudete.

LANGILEA.- Ez duzu galdera erantzun. Nola esango zenuke turbobatueraz “kalamar razio bat, mesedez"?

AINHOA GORRITI. Ez daukat ideiarik ere.

LANGILEA.- Ba mila modu daude. Baina, adibidez, esan dezakezu "Emanen cenerauquet txibi errathione bat ene sabelzuloaren betetzekotz, othoi?"

AINHOA GORRITI.- Barkatu?

LANGILEA.- Entzun duzuna. “Txibi anoa bat gure neuke ene tripazorriekilan akabatzekotz” ere izan zitekeen. Erantzun okerra, beraz. Sentitzen dut.

 

(Igogailuaren zarata entzuten da, solairu bat behera eginez. “Bigarren solairua”

entzungo da bozgorailuetatik)

 

AINHOA GORRITI.- Zu ez zaude burutik ondo. Psikopata hutsa zara.

LANGILEA.- Ainhoa, errespetu faltarik ez, mesedez.

AINHOA GORRITI.- Hasieran, sinetsi dizut Lehiaketa bat, galdera batzuk… tira, izan zitekeen niri laguntzeko, nire egonezina arintzeko. Gero, hau lehiaketa bat zela, ez nintzela hemendik aterako… baina orain turbobatua aipatu didazu, eroek bezala hitz egiten didazu... bai, argi dago: irakinaldi falta zaizu… Gauza bakarra eskatuko dizut: ez nazazu garbitu, mesedez... Begira iezadazu, gaztea naiz oraindik, asmo handiak ditut bizitzan… Italia bisitatu nahi nuke, Erroma. Esan didate kaleak zikinak direla. Ba Erromako kale zikin horiek ikusi nahi nituzke. Ez daukat kapritxo handirik, ikusten duzu. Ez dut munduaren beste ertzeraino joateko anbiziorik… baina, begira, bai Kanariar Uharteetara, adibidez. Bai, badakit, ez da oso originala, baina ez naiz oraindik joan… esan didate badagoela irla txiki bat, La Graciosa izenekoa, 25 kilometro karratu inguru besterik ez duena, dena omen da hondarra eta sasia. Ontziz bakarrik irits zaitezke hara, baina han zaudela kanpin-denda bota, eta nahi adina denbora eman ahal duzu bertan, supermerkatu bat ere ba omen dago… Otsailean joan nahi nuke La Graciosara, eta eguzki berotan urtu… Ez nazazu akabatu, mesedez. Inor gutxi gogaituko dut.

LANGILEA.- Ea hurrengo galdera asmatzen duzun, Ainhoa…

AINHOA GORRITI.- LAGUNDUUU!!! ERO BATEK IGOGAILUAN HARRAPATUTA NAUKA! (kolpeak ematen dizkio ateari) LAGUNDU, MESEDEEZZZ!! (kolpe gehiago) AKABATU EGINGO NAU!!! (kolpe gehiago)

LANGILEA.- Ainhoa, lasaitu beharra daukazu, gauzak bere onetik ateratzen…

AINHOA GORRITI.- LAGUNDUKO AL DIT NORBAITEK?? HAU JASANEZINA DA!! A! KABENZOTZZZ! BEHATZ LODIA HAUTSI DUT! (negarrez) ASKI DA!! EZIN DUT GEHIAGO. A! EZZ! FALTA ZENA!!!

 

AMAIERA

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Jun 6, 2019
Number: 44491021
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 06:06
Number of visits: 448