Docutec Card

Igogailua-3. atala

Ainhoa Gorriti igogailuan geratu da harrapatuta eta atera ahal izateko, larrialdietarako langilearen galderei erantzuten saiatuko da.

Galderak, baina, uste baino zailagoak gertatuko zaizkio Ainhoari.

 

Hiru Damatxo ekoiztetxeak Igogailua fikziozko podcast-a sortu du, AEKren enkarguz. Bost atal izango ditu irrati-nobelak, bakoitza lau minutu ingurukoa.
 

Nerea Arriola (irrati-nobelan, Ainhoa Gorriti Fernandez euskara-irakaslea) eta Nerea Aranburu (irrati-nobelan, igogailu-enpresako larrialdietako telefonoari erantzuten dion pertsona) aktoreak dira entzungaietako protagonistak.
 

Informazio gehiago, helbide honetan.

Transcription:[+] Transcription:[-]

OFF AHOTSA.  AEK-k aurkezten du:

IGOGAILUA

(AURREKO KAPITULUAN)


AINHOA GORRITI.-Alferrik zabiltzate, ez didazue ziririk sartuko!

LANGILEA.- Berriz diot, hau ez da Kamera Ezkutua.

AINHOA GORRITI.- A, ez? Eta zer da ba, orduan?

LANGILEA.- Ainhoa, garbi esango dizut. Igogailuan harrapatuta zaude. Hemendik bizirik atera nahi baduzu, nik jarritako probak zuzen bete beharko dituzu.

Erantzun zuzen bakoitzeko, solairu bat igoko duzu. Erantzun oker bakoitzeko, solairu bat jaitsi. Fisioterapeuta laugarren solairuan dago. Animo eta zorte on!”

AINHOA GORRITI.- Ez dizut sinesten.

LANGILEA.- Lehenengo galdera: nola izena du Bernardo Atxagaren lehen eleberriak?

AINHOA GORRITI.- Badakit, Ekhiñe zara. Baietz? Ezin da beste inor izan.

LANGILEA.- Meeee! Erantzun okerra. Ziutateaz da Atxagaren lehen eleberria.

 

(Igogailuak pisu bat behera egingo du (“lehen solairua”, entzungo da).


AINHOA GORRITI.- Ba Ekhiñe, hau mendekua bada, jakin ezazu damututa nagoela jolasgaraian askaria lapurtzeagatik. Sinetsidazu, benetan, ez dago egun bakar bat ere zure askaria lapurtu izanaz damutzen ez naizena. Dena dela, hau ez al zaizu gehiegi iruditzen? Utzidazu hemendik irteten, eta hitz egingo dugu lasai… nahi baduzu, askaria erosiko dizut. Nire kontu, ados? Nozilla sandwicha, aspaldi bezala, ados, Ekhiñe?

LANGILEA.- Bigarren galdera, Iruñekoa izanik, jakin behar zenuke. Hor doa: orain lau urte, 2015ean, kulturarekin lotutako ze emanaldi eskaini zuten Iruñean Joxemiel Bidador zenaren omenez?

AINHOA GORRITI.- Ez zara Martina izango, ez? Martina! Aizu, barkatu, benetan, zure baratzetik letxugak lapurtzen ibiltzen ginen, bai, baina zer nahi duzu?, mukizu batzuk ginen, badakizu, ume-kontuak… eta gainera, jakin dezazun, ez ziren hainbeste izan.

Guztira zer, bospasei letxuga? Tira, agian apur bat gehiago… baina gero jan egiten genituen, e?, ez ziren alferrik galdu. Eta zelako letxugak, Martina, geroztik ez dut halakorik irentsi. Benetan, zorionak, zure letxugak bezalakorik ez dago euskal lurraldeetan.

LANGILEA.- Pista bat emango dizut: ez da oso ohiko kultur ekimena mugaren alde honetan. Beste aldean, aldiz, aski ezagunak dira horrelako ekitaldiak.

AINHOA GORRITI.- Martina, letxugak itzultzea nahi baduzu, utzidazu ateratzen, eta segituan erosiko dizkizut garai hartan lapurtutako guztiak. Ez dira zureak bezain onak izango, baina, tira, behintzat…

LANGILEA.- Meee! Erantzun okerra! Pastoral bat egin zuten Bidadorren omenez Iruñean 2015ean, Bidador Pastorala. Aparta, esan gabe doa.

(Igogailuak pisu bat behera egingo du (“zero solairua”, entzungo da).

AINHOA GORRITI.Ai ama, zergatik gertatzen zaizkit niri halakoak… Ez naiz sekula hemendik aterako. Beheko solairuan nago, ezin dut beherago jaitsi…

itxaron! Ezin dut beherago jaitsi! Hurrengo galdera gaizki erantzuten badut… igogailuak beherago egin ezin duenez, agian ateak irekiko dira… horixe egingo dut, bai…

LANGILEA.- Hirugarren galdera, geografia-kontuak berriz ere: zein probintziatan dago Getaria?

AINHOA GORRITI.- Orain ikusiko du… Getaria? Non egongo da ba? Lapurdin!

LANGILEA.- Erantzun zuzena!

AINHOA GORRITI.- Nola??? Getaria? Ez al dago Gipuzkoan?

LANGILEA.- Lapurdin dago Getaria, baita Gipuzkoan ere. Bietako edozeinek balio zuen. Zorionak!


(Igogailuak solairu bat gora egingo du. “Lehenengo solairua”, entzungo da).

AINHOA GORRITI.- Eeeeez! Hau bai ez nuela espero…

LANGILEA. Proba berezia dator orain. Kantu-proba. Kantu bat entzungo duzu, eta une batean isildu egingo da. Isilune horretan esaten duen hitza asmatu beharko duzu. Ea ba, has gaitezen!.

(Bozgorailuetatik Mursegoren “Eusnob” kantuko pasarte bat entzungo da: “Zu euskal intelektuala, homo sapiens kontzeptuala, ahoa ireki eta berehala konturatu ginen ___________ bat zinela”).


LANGILEA.- Ze dio kantuak? Ba al dakizu?

AINHOA GORRITI.- Bai. Oso erraza da. Baina atera nazazue hemendik, mesedez.

LANGILEA.- Erantzun bat behar dut.

AINHOA GORRITI.- Erantzun zuzena ematen badizut, ateak irekiko dituzu?

LANGILEA.- Ez, laugarren solairura iristea lortuz gero irekiko dizkizugu ateak. Ondo azaldu dizkizut jokoaren arauak.

AINHOA GORRITI.- Eusnob.

LANGILEA.- Erantzun zuzena! Primeran!

LANGILEA.- Kantuen hitzak asmatzen horren ona zarenez, kantuekin jarraituko dugu. Ariketa bitxi bat orain.


(Igogailuak solairu bat gora egingo du, “Bigarren Solairua”, entzungo da).


LANGILEA.- Esadazu euskal kantu bat aditzik erabili gabe osatua dena.

AINHOA GORRITI.- Ze galdera da hori?

LANGILEA.- Erraza da: niri jada bururatu zait bat.

AINHOA GORRITI.- Aditzik gabeko kantu bat?

LANGILEA.- Horixe.

AINHOA GORRITI.- Edozein kantu instrumental.

LANGILEA.- Ez, ez. Baldintza da kantuek hitzak edukitzea, baina aditzik ez.

AINHOA GORRITI.- Ea ba… ez da batere erraza. “Jon Brown, indio txiki bat zen”… kaka, aditza dauka. “Pintto, pintto, gure txakurra da ta”, joe, honek ere bai. “Astoa ikusi nuen”… “Maritxu nora zoaz…”… Ran Rober Ran, popopopopo…. Eeehhh!! Listo! Ran Rober Rand!

LANGILEA.- Seguru al zaude?

AINHOA GORRITI.- Bai, begira “Rand Rober Ran, popopopopopopo, Ran Rober Ran, popopopo!!”

LANGILEA.- Bai, baina nola jarraitzen du?

AINHOA GORRITI.- Uztaia gora gora, lurretik zerura, orain alde batera ta gero bestera…. Ez dauka aditzik!

LANGILEA.- Seguru zaude?

AINHOA GORRITI.- Aber! “a behera behera behera ta behera behera bai! Uztai barruan preso gelditu naiz orain…” aaaaa!! Gelditu naiz!!! Azken esaldian dago aditza!

LANGILEA.- Hala da, beraz, erantzun okerra!

AINHOA GORRITI.- Oso proba zaila zen hori, e!

LANGILEA.- Zaila? Badago makina bat kantu…


(Igogailuaren soinua entzungo da, solairu bat jaitsiz. “Lehenengo solairua” entzungo da)


AINHOA GORRITI.- Esadazu ba, ea.

LANGILEA.- “Txuri-urdin txuri urdin maitea, txuri urdin txuri urdin aurrera, beti-beti-beti maite maite-maitea, Donostia-donostiarra…”

AINHOA GORRITI.- Baina horrek ez du balio!

LANGILEA.- Nola ezetz? Begira, ez dauka aditzik “Aurrera Reala, aurrera Gipuzkoa, aurrera txuri-urdinak… aurrera Reala, aurrera Gipuzkoa, aurrera txuri-urdinak…”

AINHOA GORRITI.- Baina hori ezin da kantutzat hartu.

LANGILEA.- Zergatik ez?

AINHOA GORRITI.- Hitzak oso pobreak dira.

LANGILEA.- Badira hitz okerragoak dituzten asko. “Gazte-gazte-gazte-gazte-gazterik, gazterik aupa aupa Reala, gazte-gazte-gazte-gazterik, gazterik txuri-urdinak!” Ikusten? Aditz bakar bat bera ere ez! Ainhoa, bizkorrago ez bazabiltza, ez zara sekula hemendik aterako…

AINHOA GORRITI.- Ai ama, hau da miseria… otoitz egiten hasiko nintzateke sinestuna banintz, baina ezta hori ere…

LANGILEA.- Laugarren galdera erraza da, literatura gustuko baduzu. Eta bestela ere, jakin beharrekoa da.

AINHOA GORRITI.- Zenbat denbora daramat dagoeneko lau horma hauen artean? Uste dut zorabiatu egingo naizela…

LANGILEA.- Prest zaude?

AINHOA GORRITI.- Indarrik gabe nago, arnasa hartzea gero eta gehiago kostatzen zait…

LANGILEA.- Horra galdera: zein da Kattalin Minerrek argitaratu duen nobelaren izenburua?

AINHOA GORRITI.- (bere buruarekin hizketan) Nola heldu naiz ni honaino…

LANGILEA.- Bai horixe, Nola heldu naiz ni honaino! Nabari da zure literaturzaletasuna, Ainhoa. Zorionak!

AINHOA GORRITI.- Zer???

LANGILEA.- Proba asmatu duzula!


(Igogailuak solairu bat gora egingo du, “bigarren solairua”, entzungo da).

AINHOA GORRITI.- Aaaaag!

IGOGAILUA

AMAIERA

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Jun 5, 2019
Number: 44453777
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 07:00
Number of visits: 613