Docutec Card

Igogailua-1. atala

Ainhoa Gorritik hitzordua dauka fisioterapeutaren kontsultan, bizkarreko minez dagoelako.

Laugarren solairuan dagoen kontsultara joateko, igogailuan sartuko da Ainhoa, baina gorakoan, harrapatuta geratuko da, ez gora eta ez behera.

 

Hiru Damatxo ekoiztetxeak Igogailua fikziozko podcast-a sortu du, AEKren enkarguz. Bost atal izango ditu irrati-nobelak, bakoitza lau minutu ingurukoa.
 

Nerea Arriola (irrati-nobelan, Ainhoa Gorriti Fernandez euskara-irakaslea) eta Nerea Aranburu (irrati-nobelan, igogailu-enpresako larrialdietako telefonoari erantzuten dion pertsona) aktoreak dira entzungaietako protagonistak.
 

Informazio gehiago, helbide honetan.

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

OFF AHOTSA.  AEK-k aurkezten du:

IGOGAILUA

(Ainhoa telefonoz hitz egiten ari da norbaitekin)

AINHOA GORRITI.- Bada, duela pare bat aste jarri zitzaidan bizkarreko mina eta hasieran ez nion garrantzirik eman, “pasatuko da” pentsatu nuen. Baina noski, hor segitzen du oraindik eta dagoeneko kezkatzen hasi naiz. Zer? Ez, ez, noski, ziur asko ez da ezer larria izango, baina bada ezpada, fisioterapeutarengana etorri naiz. Bai, lasaiago geldituko naiz, behintzat, zer den jakindakoan. Justu oraintxe ari naiz kontsultara iristen, igogailuan nago. Bai, kontatuko dizut gero. Mikel? Mikel? Ai! Kaka zaharra! Eten egin da!

 

Une horretan igogailuak zarata handi bat aterako du. Ainhoak ez daki zer gertatzen den, garrasi egingo du.


AINHOA GORRITI.- Uaaha!!, Ai, baina ze demontre!, besterik ez nuen behar! Ez da posible! Igogailua hondatu egin da! Joder, zer egiten da halakoetan? Ainhoa, lasai, hartu arnasa eta pentsatu. Ea, izeba Idoia igogailuan harrapatuta gelditu zen behin eta hark esaten zuen garrantzitsuena lasai egotea dela. Lasai… LAGUNDU! IGOGAILUAN HARRAPATUTA NAGO! A! kax, kax, kax (ateari kolpeak) KAIXO! INORK ENTZUTEN DIT? (ATE JOKA) IGOGAILUAN HARRAPATUTA GELDITU NAIZELA, JODER! BERANDU IRITSIKO NAIZ FISIOTERAPEUTARENGANA! BIZKARREKO MINEZ NAGO! (ateari kolpeak). ZUEI BERDIN ZAIZUE, EZTA? BADA, NIRI EZ, EDERKI IZORRATUTA NAGO! (Arnasestuka) Joder, zer egingo dut nik orain? Ez dago inor eraikin osoan edo zer kristo? A! Badakit zer egin! Fisioterapeutaren zenbakia daukat hemen. Deituko diot eta hark aterako nau hemendik. Ea, sei zortzi bat hiru bost lau zazpi bederatzi bi.

(Telefonoaren soinua)

AINHOA GORRITI.- Kaka! Hau ere bai! Zer gehiago gertatuko zait gaur? Euria hasiko da igogailuan? Alergia batek erasango nau? Bozgorailutik Go!azen telesaileko euskal abestien bertsioak jarriko dituzte? Akabo! Nireak egin du! Lau horma hauen artean geldituko naiz, betiko! Hemendik ehun urtera arkeologoren batek nire hezurrak topatuko ditu igogailu barruan eta esango dute “Hemen dago Homo Igogailusa, XXI. mende hasierako espeziea, guztien gainetik alferra, eskaileretatik igo beharrean, gailu karratu baten barruan sartzen zen solairuak igotzeko. Horretarako, bere bizia arriskuan jarri behar bazuen ere”. Ez izerditzearren, edozer egiteko kapaza, bai horixe! Ederki merezita daukat! Ai ene! Zer egingo dut?

 (Une horretan larrialdiko telefonoaren botoia ikusten du Ainhoak)

 AINHOA GORRITI.-Ai ama, nola ez zait lehenago otu? Larrialdietako botoia sakatu besterik ez dut egin behar. Ai! Ni ere... batzuetan melodramatiko samar jartzen ez naiz ba... (barrez)

(Larrialdiko telefonoari deitzen dio, soinua entzuten da. Segundo batzuen ondoren, ahots batek erantzuten du beste aldetik)

LANGILEA.- Larrialdietako telefono-zenbakira deitu duzu. Esan, mesedez, zein den zure larrialdia.

AINHOA GORRITI.- Kaixo, igogailuan harrapatuta nago, ez gora eta ez behera. Lagunduko al didazue?

LANGILEA.- Azaldu, mesedez, non zauden.

AINHOA GORRITI.- Erletokieta kaleko 9. zenbakian. Iruñean.

LANGILEA.- Oso ondo. Laster bidaliko dugu teknikari bat arazoa konpontzera. Bien bitartean, informazio pixka bat eskatuko dizut. Izen-abizenak?

AINHOA GORRITI.-Ainhoa Gorriti Fernandez.

LANGILEA.- Adina?

AINHOA GORRITI.- 34 urte, datorren astean, 35.

LANGILEA.- Lanbidea?

AINHOA GORRITI.- DBHko irakaslea.

LANGILEA.- Ze institututan?

AINHOA GORRITI.- Itxaron, zertarako jakin nahi duzu hori ba?

LANGILEA.- Protokoloa da. Ahalik eta profilik zehatzena osatu beharra daukagu, laguntza pertsonalizatuena eskaintzeko.

AINHOA GORRITI.- A, bueno, bueno... bada… Iruñeko Iturrama Institutuan.

LANGILEA.- Zer irakasten duzu, zehazki?

AINHOA GORRITI.- Euskara.

LANGILEA.- Hizkuntza eta literatura?

AINHOA GORRITI.- Hori da.

LANGILEA.- Esan berriki gustura irakurri dituzun euskal literaturako bost liburu.

AINHOA GORRITI.-Eeee.... Bada, adibidez, oso gustura irakurri dut Beñat Sarasolaren “Deklaratzekorik ez” eleberria, edo “Kontrako eztarritik” testigantza-bilduma, Uxue Alberdirena...

LANGILEA.- Beste hiru falta zaizkizu.

AINHOA GORRITI.- Aizu, serio ari zara?

LANGILEA.- (Barrez) Ez, neska, txantxa bat zen. Besterik gabe, oso literaturazalea naiz eta jakin-mina nuen ze motatako liburuak gustatzen ote zaizkizun...

AINHOA GORRITI.- Aaa… Banengoen ba...

LANGILEA.- Gainera, nagusiak beti esaten digu konfiantza-giroa sortu behar dugula telefonoaz bestaldekoarekin, lasai dadin eta egin beharreko pausoak egoki egin ditzan...

AINHOA GORRITI.- Bueno, ondo dago hori. Bada, orain gogoratu naiz oso gustura irakurri nuela Eider Rodriguezen “Bihotz Handiegia” ere...

LANGILEA.- O, zoragarria!. Ematen du aizto zorrotz batekin disekzionatzen dituela gu guztion miseriak, estilo lehor bezain zorrotz horrekin...

AINHOA GORRITI.- Hala da, bai...

LANGILEA.- Ondo merezitako Euskadi Saria, bai horixe!.

AINHOA GORRITI.- Bada, bai.

LANGILEA.- Eta ez beste batzuek bezala...

AINHOA GORRITI.- Zer esan nahi duzu?

LANGILEA.- Ikusi duzu nork jaso duen Euskadi Saria azken urteotan? Batzuk ulertezinak dira...

AINHOA GORRITI.- Adibidez?

LANGILEA.- Bueno, ahaztu, batzuetan pasioak mendean hartzen nau... neu ari nintzen galderak egiten. Bizitokia?

AINHOA GORRITI.- Zizur Nagusia.

LANGILEA.- Kalea?

AINHOA GORRITI.- Aizu... oso ondo portatzen ari zara, baina ba al dakizu noiz aterako nauten hemendik? Fisioterapeutarenean hitzordua daukat, eta dagoeneko berandu nabil...

LANGILEA.- Egon, egon, galdera gehiago ditut eta...

AINHOA GORRITI.- Bai, baina...

LANGILEA.- Zein da Nafarroa Behereko hiriburua?

AINHOA GORRITI.- Zer?

LANGILEA.- Zein den Nafarroa Behereko hiriburua.

AINHOA GORRITI.- Aizu, benetan, lagunduko didazu hemendik ateratzen?

(Isiltasuna)

AINHOA GORRITI.- Aizu, entzuten didazu?

LANGILEA.- Bai. (Isiltasuna). Ejem. Badaezpada esango dizut: ez da hain erraza izango.

IGOGAILUA

AMAIERA

 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Jun 5, 2019
Number: 44449026
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 05:13
Number of visits: 335