Docutec Card

Elena Zubillaga, BAME

Elena Zubillaga barneko mediku egoiliar (BAME) da Donostia Ospitalean, hain zuzen ere Barne Medikuntzako espezialitatean. "Aukeratutako Hizkuntza" izeneko proiektuarekin irabazi du ospitale horrek ematen duen Joanes Etxeberri saria. Proiektu horren eta bere lanbidearen inguruan hitz egiteko elkarrizketatu dugu.

Elena, kontatuko al diguzu zer diren Joanes Etxeberri sariak?
Joanes Etxeberri sariak Donostiako Ospitaleko Euskara Batzordeak antolatzen dituen sariak dira, eta euskara zabaltzen edo sustatzen laguntzen duten lanak saritzea du helburu.

Zer proposatzen duzu zure "Aukeratutako hizkuntza" lan horretan?
Bueno, helburu nagusia da gure ospitalean elebitasunera jotzea, eta elebitasun horretara ailegatzeko hartzen diren neurri guztiak ondo daude. Saiatu behar dugu jende guztia, menderatzea ez baldin bada ere, behintzat euskaraz moldatzeko gai izatea. Hori horrela, nire lanean proposatzen ditudan neurriak-edo oso txikiak dira, bi aldaketa txiki hain justu ere. Batetik, ospitalean agertzen diren txosten guztietan, pazientearen izenaren ondoan jartzea zein den berak aukeratzen duen harremanetarako hizkuntza. Pazienteak berak erabakitzea euskaraz, gaztelaniaz edo bietan _euskaraz eta gaztelaniaz_ nahi dituen izan harreman horiek; edo holakorik adierazi nahi ez baldin badu, eskubide guztia dauka ez esateko ere. Eta bestetik, medikuaren izenaren ondoan -txosten guztietan, baita ere- medikuak berak aukeratutako hizkuntza azaltzea (pazienteen kasuan bezalaxe: euskaraz, gaztelaniaz, bietan...)

Beraz, zure proposamenaren arabera, gaixoak erabaki ahal izango luke medikuarekin duen harremana euskaraz edo gaztelaniaz nahi duen.
Komunikazioa da garrantzitsuena, elkar komunikatzea eta ondo ulertzea. Hori da zentzu nagusia, nire lanarena nahiz sariarena, inor baztertua ez sentitzea; zeren badago jendea hobeto moldatze dena euskaraz, eta beste batzuk, berriz, hobeto aritzen dira gaztelaniaz. Horiek guztiak eroso sentitu daitezen saiatu behar dugu, horretan ahalegindu naiz nire lanean.

Lehentxeago esan dugu barneko mediku egoiliarra zarela. Ba al daukazu azaltzerik zer den hori zehazki?
Seguru asko jendeak hobeto ulertuko du gaztelaniaz MIR dela esanda. BAME guztiok sei urtez ikasi dugu Medikuntza, lizentziatuak gara; lizentziatu ostean erabaki behar dugu - oposizio-fase bat pasatu ostean- zein espezialitate egin nahi dugun, zertan jarraitu nahi dugun prestatzen. Izan ere, medikuntza oso eremu zabala da eta batzuek nahiago dute digestio-aparatuan aritu, beste batzuek kardiologian... BAME denbora da espezialitate horretan prestatzeko dugun garaia; lau edo bost urte izan ohi dira.

Ikasten eta lanean aldi berean, ezta?
Hori da, zeren ezaguera teorikoez gain praktikoak ere hartu beharra baitaukagu.

Zenbatgarren urtean zaude orain?
Laugarren urtean. Urteak pasatzen diren heinean, geroz eta ardura gehiago dugu geure gain.

Eta ziklo hori bukatzen duzunean, zein izaten da hurrengo pausoa?
Behin espezialitatea bukatzen dugunean, suposatzen da izan beharreko ezaguera teorikoak eta praktikoak baditugula, eta lanean hasten gara, erabat geure kabuz. Beti dago ikasten jarraitu beharra, eguneratzen eten gabe. Baina jadanik ospitaleratutako gaixoak zure esku gelditzen dira. Normalean, plaza finkorik ez daukagunez, hasierako lanak besteek utzitako hutsuneak betetzea izaten da: oporrak, bajak... Gero denborarekin egonkortasun handiagoa hartzen joaten zara.

Ikasten eta aldi berean lanean jarduten duzue. Ez da erraza izango antolatzen horrenbeste urtetako ikasprozesu luzea, ezta?
Ez da batere erraza, ez. Lan handia izaten dugu; izan ere, alde batetik daukagu alde praktikoa, ospitalean egiten duguna, baina, horrez gain, etxean ikasten jarraitu behar dugu eta saio klinikoak, posterrak... prestatzen. Baina egunero ikusten ditugu geure aurrerapausoak eta horrek animatu egiten gaitu.

Elena, beti al daukazue gainetik edo ondoan beste norbait gainbegiratzen edo laguntzen?
Halaxe da, bai. Guk probak eskatzeko askatasuna dugu, baita tratamendua jartzeko ere; baina, hori bai, beti dago gure gainean arduradunen bat, eta berari edozer kontsultatu diezaiokegu. Bidezkoa da, gainera, horrela izatea; guk arduradunei errespetua zor diegu, eta beraiei galdetu behar diegu proba bat eskatu baino lehenago. Argi eta garbi baldin badaukagu, ez, baina dudaren bat izanez gero, bai.
Esan beharra dago nik ez dudala ikusten arduraduna kontrolatzaile gisa. Gu geureganatzen ari gara espezialitate bateko ezaguerak, baina ez dugu erabat kontrolatzen, ehuneko ehunean. Horregatik, primeran datorkigu norbait alboan izatea guri laguntzeko.

Azken urteotan modan jarri dira mediku egoiliarren inguruko telesailak. Ba al dute zerikusirik errealitatearekin, ala fikzioa da gehiena?
Modan gaude, bai: MIR, House... Esan beharra dago gauza asko puztu egiten dituztela. Badute errealitateaz zer edo zer, nola ez; guk ere izaten ditugu kasu zailak, denbora luzea ematen digutenak argitzeko. Garrantzi handia ematen diote, esate baterako, beraien arteko amodiozko erlazioei... Gu, errealitatean, lanean aritzen gara. Ospitale barnean behintzat ez da, normalean, holakorik gertatzen.

Lan gogorra izango da zuena, baina pozik ere emango dizue?
Paziente bat aurrera ateratzen denean-eta, poz handia ematen dizu. Ikusten duzunean berriro ibiltzen, bizitza normala egiten... pozgarria da benetan.

 
 

Comments
Login for comment