Docutec Card

Hesteetako zizareak

Izen horrekin biltzen dira beste izaki bizidun baten kontura bizi diren animaliak. Zizareak ostalariaren aparatu digestiboan kokatzen dira, eta ostalariak irensten dituen janariak berak kontsumitzen dituzte, lehia horrek dakartzan ondorio negatibo guztiekin. Tamainaz oso aldakorrak dira, hasi txiki-txikietatik (mikroskopioan soilik ikus daitezke) eta hainbat zentimetro edo are metro neurtzeraino.

Giza gorputzera iristeko arrazoiak hainbat dira, batez ere higiene faltarekin lotutako arrazoiak. Higiene falta hori izan daiteke pertsonala, edo janariak prestatzerakoan gertatzen dena, edo baita elikagai horiek kontsumitzen diren lekuarekin lotuak ere. Gizakiari erasaten dioten parasitoak asko eta oso diferenteak diren arren, ohizkoenak bi talde handitan banatuko ditugu: mikroskopikoak edo protozoarioak, batetik, eta makroskopikoak edo helminteak, bestetik (azken hauei esaten zaie hesteetako zizareak, zentzu hertsian). Ikusi bukaerako taula.

Arrazoiak
Parasitosi bakoitzak bere etiologia berezia duen arren, sarri askotan gaitza harrapatzeko moduak antzekoak izan daitezke:
-Parasitoen arrautza edo kisteekin infestatua dagoen eginkariek kutsatutako ura edo elikagaiak kontsumitzea.
-Jan aurretik edo bainu-gelara joan ondoren eskuak ez garbitzea.
-Gaizki egositako txerri-haragia jatea.
-Oinutsik ibiltzea.
-Oxiuruen kasuan, oheko arropara hedatzen dira, eta pazienteak uzkialdean hatz egiten duenean, bere azazkaletan harrapatuta geratuko dira. Horren ondorioz, elikagaiak eta egunero erabiltzen diren objektuak oso erraz kutsa daitezke.
-Umeek edozein objektu ahora eraman ohi dute, eta kasu batzuetan lurra edo hondarra ere irents dezakete.
-Eta familiako pertsona batek hesteetan zizareak baditu, seguruenik beste senide batzuk ere kutsatzeko arriskua izango dute.

Zeintzuk dira hesteetako zizareek eragindako sintomak?
*Amebiasiak ahultasunarekin, buruko minekin, sabeleko kolikoekin eta mukiz eta odolez zikindutako beherakoekin agertzen dira (gerta daiteke pertsona horiek egunean 10 aldiz baino gehiagotan libratzea).
* Askariek eragindako infekzioaren zeinuak sabeleko min gogorra, ahuldadea, lerde-jarioa gauez, hortz-karraska hotsa, urdaileko hantura, haize-mina eta sabeleko inflamazioa dira batik bat.
* Giardien infestazioan eginkari horixkak, apartsuak eta oso usain txarrekoak azaltzen dira; gainera, gorakoak, urdaileko min handia, haize-mina edo flatulentzia eta sabeleko hantura ere agertzen dira.
* Pertsona bat tenia batek erasan duenean, diarreak (eta eginkarietan heste-zizarearen zatiak ikus daitezke), zurbiltasuna, ahuldadea eta apetitu-falta izan ohi dira sintoma nagusiak.
* Ankilostomak eragindako infekzioan beherakoak, zurbiltasuna, anemia eta eztul lehorra dira aipatzeko moduko zeinuak.
* Trikozefaloak beherakoak dakartza (eginkarietan odola eta zizareak ikus daitezke), eta horrez gain zurbiltasuna eta ahuldadea
* Oxiuruek eragindako infekzioan, berriz, beherakoak, sabeleko mina, jangurarik eza, portaera-aldaketak, insomnioa, uzkiko azkura, bulbako irritazioa, baginako fluxua, eta anemia dira sintomarik ohizkoenak. Umeetan, gainera, hazkundearen atzerapena aipatu behar da sintoma larri moduan.

Nola diagnostikatzen dira zizare horiek?
Batez ere, aurrez aipatutako sintomei erreparatu behar zaie, diagnostiko diferentziala egiten saiatzeko. Horrez gain, medikuak eginkarien lagin bat analizatzera bidaliko du, infekzioa eragin duen parasitoa identifikatzeko (analisi horri koprokultiboa esaten zaio). Laborategian eginkarien lagin txikiak (1-2 gramo artekoak) hazkuntza-medio berezietan "ereiten" dira, eta horrela mikroorganismoaren mota eta ezaugarriak jakin ahal izango dira, eta baita zein medikamenturen aurrean diren sentikorragoak ere, tratamendua erabakitzeko.

Prebentzio-neurriak
- Ez kontsumitu ur edo janari kutsaturik. Arreta berezia eduki behar da aire librean prestatzen diren janari/edariekin.
- Ura irakin edo kloratu, edo bestela botilako ura erabili.
- Frutak eta berdurak ondo garbitu eta desinfektatu.
- Janariak behar adina egosi edo frijitu, txerri-haragia bereziki.
- Janariak prestatzeko gainazal garbiak erabili.
- Eskuak ondo garbitu, jan aurretik edo janariak prestatu aurretik, eta baita komunera joan edo ume bati pixoihala aldatu ondoren. Azazkalak ere arretaz zaindu.
- Pertsona batek parasitoek eragindako infekzioren bat duenean, ez luke inolaz ere janaririk prestatu edo zerbitzatu behar.
- Ez ibili oinutsik (landa-eremu edo zona hezeetan batez ere)
- Kontuz, ume txikiek ez dezatela lurrik edo hondarrik ahora eraman.
- Oheko arropa eta azpiko arropa ur beroarekin garbitu.
- Komuna garbi eta desinfektatua mantendu.

Eta tratamendu bezala, zer erabili dezaket?
Neurri orokor bezala, tratamendua beti medikuak aginduko du, pazientea aztertu eta diagnostikoa egin ondoren. Parasito bakoitzak bere botika berezia duenez, ez dago neurri orokorrik. Sintoma batzuk (buruko mina, edo sabeleko ondoezak) arintzeko, analgesikoak edo belar-infusioak erabil daitezke, baina hortik gora, sekula ez da automedikaziora jo behar.

Heste-zizare nagusiak

Ondorengoak dira gizakiari erasaten dioten hesteetako zizarerik ohizkoenak:

1. Protozoarioak (mikroskopikoak)
Entamoeba histolytica. Amebak ere esaten zaie, ez dira begi hutsez ikusten eta infektatutako pertsona baten eginkariekin kutsatutako ura edo elikagaiak kontsumitzeagatik transmititzen dira. Beren fase aktiboan heste lodian bizi dira, eta hesteetako mukosaren barruko geruzak inbaditu eta lesionatzeko gaitasuna dute, hesteetako ultzerak edo perforazioak eraginez. Giza gorputzeko ehunen artean bidea zabaldu eta aurrera egiteko modua ematen dieten entzima ugari dituzte, eta horrela beste organoetara (gibelera, biriketara edo garunera) ere irits daitezke.
Giardia lamblia. Ameba bezala, hestean bizi den parasito mikroskopikoa da (kasu honetan heste mehean), eta beherakoak eragiten ditu, umeetan batez ere. Giardiasia asintomatikoa izaten da normalean, alegia ustekabean pasatzen da; baina forma akutuan agertzen bada, beherakoak, gorakoak, haize-mina eta hesteetako distentsioa eragin ditzake, formarik larrienetan umeen hazkundea ere nahasteraino (nutrigaien absortzio edo xurgapen eskasaren ondorioz).
Criptosporidium. Adin guztietako pertsonetan beherakoak eragiten ditu, baina kalterik gehien beren immunitate-sistema ahuldua duten pertsonetan sortzen dute, HIESak jota daudenetan edo transplanteak hartu dituztenetan esaterako. Aurreko gaitzetan bezala, infekzio hau harrapatzeko arrisku-faktore nagusia eginkariekin kutsatutako produktuak ahoratzea da, eta arriskurik gehien duten taldeak umeak, animalien zaintzaileak, infektatutako pertsonen hurbileko kontaktuak eta beste gizonezko batekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoak dira.

2. Helminteak ("txitxareak")
Ancylostoma duodenale. Parasito hau ostalariaren odoletik elikatzen da, hesteetako paretetara itsatsiz. Lur hezeetan bizi da, eta oin hutsik doazen pertsonen oinetako azalean barrena sartzen da giza gorputzera; odolean zehar digestio-aparatura iristen da, eta bertan garatu eta ugaldu egiten da (eme helduak milaka arrautza jartzen ditu, eginkariekin kanporatu eta giroa kutsatzen dutenak). Umeetan ankilostomak atzerapenak eragiten ditu hazkundean eta gaitasun mentaletan, baina oso gutxitan gertatzen dira hilgarriak.
Ascaris lumbricoides. Heste-zizare handi eta biribilak (20-35 zentimetro luze dira), kolore zuri edo arrosakara dute eta eginkarietan ikusi egiten dira. Heste mehean bizi dira eta ostalariak erdi-digeritu duen janariz eta batzuetan baita hesteetako zelulez ere, elikatzen dira. Zizare eme batek bere bizi-ziklo osoan 26 milioi arrautza jartzeko gaitasuna du (egunero 200 bat mila jartzen ditu, batez beste), mikroskopioan soilik ikus daitezkeenak.
Enterobius vermicularis. Oxiuru izenarekin ezagutzen diren zizare finak dira, eta 0,5-1 zentimetro neurtzen dute. Heste lodian garatzen dira eta gauez, infektatutako pertsona lo dagoela, emea uzkira edo genitaletara irtengo da, bertan bere arrautzak jartzeko. Hortik oheko arropara pasatzen dira arrautzak, eta gainera gaixoaren eskuen bidez ere heda daitezke (hatz egiten duenean) janarietara edo objektu pertsonaletara. Azkura, hortz-karraska, sabeleko mina, insomnioa eta umore txarra eragiten ditu. Ohikoagoa da infekzio hau umeetan agertzea, pertsona helduetan baino.
Taenia solium. Tenia edo solitaria bezala ezaguna, heste-zizare laua da, buruan kokatutako bentosei esker heste mehean itsasten dena. Hiru metro inguruko luzera izaten du normalean (kasu batzuetan baita gehiago ere) eta 25 urte bizitzera irits daiteke. Hestea inbaditu eta bi hilabetera garatu eta egunero 300 mila arrautza askatzen ditu. Bere larba-egoeran (ziztizerkoa esaten zaio) garunerantz bidera daiteke, eta egoera horrek, neurozistizerkosiak, heriotza eragin dezake. Transmisioa gaizki egositako txerri-haragi kutsatua jateagatik gertatzen da.
Tricuris trichiura. Zizare mehea, trikozefalo bezala ezaguna, heste lodian bizi da eta 3-5 zm neurtzen ditu. Bere muturretako bat heste-mukosan iltzatzen da, hura suntsituz, eta horrek mina eta odolez zikindutako eginkari ugari eragiten ditu. Hainbeste alditan sabela husteak ondestea uzkian barrena kanporatzea ekar dezake azkenerako.

 

Jabier Agirre, UZEI

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment