Docutec Card

Sudurretik odola galtzen dut

Sudurra oso zaurgarria da odoljarioei dagokienez, bertan odol-hodi ugari dauzkagulako. Sudurra barrutik estali edo tapizatzen duten mintz mukosoetan barrena odola galtzen denean gertatzen dira sudurreko odoljarioak (epistaxi izenarekin ezagutzen dira jerga teknikoan), eta kasurik gehienetan sudurreko lesio arinekin edo gripea bezalako infekzio arruntekin lotuak daude.

Zeintzuk dira arrazoi nagusiak?
Traumatismoen eraginez, mukiak indar handiarekin zintz egiteagatik, sudurrean kolpe bat zuzenean hartzeagatik, edo antzeko egoerengatik gertatzen dira batez ere sudurreko odoljarioak. Sudurreko barruko estalduraren narritadura edo gehiegizko lehortzeagatik ere gerta daitezke, hezetasun-maila apaleko egoeretan, hor sortzen den kostra edo zarakarrari eragiterakoan odoletan hasten delako. Errinitis alergikoa, katarroak eta sinusitisak, sudurreko trenkadaren desbiderapena, sudurrean gorputz arrotzak sartzea edo bestelako sudurreko buxadura-kasuetan ere maiz gerta daitezke sudurreko odoljarioak edo epistaxiak.

Sudurreko odoljarioak usuagoak dira negu partean, birusak ohizkoak baitira urte-sasoi horretan eta etxe barruko berokuntza-sistemen aire beroak sudur-hobiak lehortu egiten ditu-eta. Etxea barrutik fresko mantentzeak eta airearen hezetasunari eusteko lurruneztagailuak erabiltzeak oso mesedegarriak izan daitezke sudurretik erraz samar odoletan hasten diren pertsonentzat.

Non gertatzen dira sudurreko odoljarioak?

Kasurik gehientsuenak sudurreko trenkadaren aurreko muturrean gertatzen dira: zona horretan odol-hodi asko daude, oso hauskorrak, eta erraz hasten dira odoletan, alde batean nahiz bestean, baina ez normalean bi sudur-hobietan batera. Trenkadaren goiko partean edo sudurreko zati sakonagoetan gertatzen diren odoljarioak ez dira hain ohizkoak, baina kontrolatzeko zailagoak izaten dira.

Zenbait kasutan, buruan kolpe bat hartu ondoren ager daiteke sudurreko odoljarioa, eta horrek garezurreko hausturaren susmoa emango digu. Zalantzak argitzeko, ezinbestekoa da erradiografia bat egitea.

Odoljarioak errepikatzen direnean
Kasu horiek medikuak baloratu beharko ditu, historia medikoa eta azterketa fisiko egokia eginez. Zenbait kasutan, odol-galera masiboa izan denean, pazienteak shock hipobolemikoaren zeinuak ager ditzake (tentsio arterialaren jaitsiera, zurbiltasunakonorte-galera, etab.). Oro har, oinarrizko azterketa hau izango litzateke:

_ odol-analitika osoa
_ tronboplastina partzialaren denboraren neurketa
_ protronbina-denbora
_ garezurreko erradiografia


Noiz abisatu behar zaio medikuari?
a) Behin hasierako tratamendua amaitu eta 15-20 minutu geroago odoljarioak jarraitzen badu, edo odoljario berriak gertatzen badira, edo gaixoak oraindik eztarriaren atzeko aldera odola drainatzen jarraitzen badu.
b) Buruan edo lepoan lesio larriren bat susmatzen den kasuetan.

Ze neurri hartu behar dira epistaxi baten aurrean?
1. Pazientea lasaitu eta segurtasuna eman, arnasa ahotik har dezala esanez.
2. Pazientea eserarazi eta aurrerantz makurtzeko esan, horrela odola ez baita eztarritik atzealdera eroriko (ez zaio utzi behar burua atzerantz eramaten).
3. Ikusi ea sudurrean gorputz arrotzen bat duen, eta hala balitz kanpora atera.
4. Estutu gogor sudurraren zati biguna 5-10 minutuz, askatu gabe, eta jarri gero konpresa hotz bat sudur-zubiaren gainean.
5. Ondoren, askatu sudur-hobiak astiro-astiro, sudurra ukitu gabe eta mukiak zintz egin gabe.
6. 20 bat minutu pasatu ondoren odoljarioa ez bada geratu, prozedura osoa berriro errepikatu behar da. Hala ere odoletan jarraitzen badu, hobe laguntza medikoa bilatzea.
7. Medikuarengana joanez gero, litekeena da honek gaza-tapoi bat jartzea odoletan dagoen sudur-hobian, hautsitako odol-hodian presioa egiteko. Edo gerta daiteke hala ere kauterizazioa behar izatea (tresna bero bat edo substantzia kimiko kaustiko bat ezartzen da ehunaren gainean odoljarioa geratzeko). Kasu horietan gaixoa ORLarengana bideratuko da, diagnostikoa eta tratamendua osatzeko.

Normalean, tratamendua odoljarioaren kausa edo arrazoira egokitzen da:

_ Kauterizazioa, bero bidez edo zilar nitratozko konposatuak erabiliz.
_ Gaixoaren ohizko tratamendu antikoagulantea gutxitu edo bertan behera utzi
_ Odoleko presio arteriala kontrolatu
_ Sudurreko haustura erreduzitu, edo gorputz arrotza kanpora atera
_ Sudurra behar bezala buxatu (tapoi egokiarekin)


Eta prebentzio moduan, ze neurri har daitezke?
a) Ez sartu inoiz hatzik sudur barruan.
b) Airearen hezetasun-maila mantendu behar da, sudurreko mukosak ez lehortzeko. Eta neguko hilabete hotzetan batez ere sudurrean baselina edo gatz-disoluzioa erabiltzea komeni da.
c) Sudurreko odoljarioak maiz samar izaten dituzten pertsonentzat, gauez sudur-hobietan baselina pixka bat jartzea komeni da astebetez edo pare bat astez.

Jabier Agirre, UZEI

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment