Docutec Card

Gerrak pantailatik desagertzen dira, errealitatetik ez

Gerra gehienak konpondu gabe daude, baina komunikabideetan behin edo birritan aipatu ondoren ahaztu egiten ditugu. Jendea aspertu egiten da eta nahiago du beste zerbait entzun.

Euskadi Irratiko grabazio honetan, munduan pizturik jarraitzen duten gerren berri ematen digute, nahiz eta guk horietako asko ahaztuta ditugun dagoeneko.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. Komunikabideetan egunero albisteak ematen ditugu, notizia ugari, eta egunetik egunera aldatzen direnak. Horren ondorioz, gatazka eta tragedia larri asko aipamen huts batean geratzen dira, edo pare bat egunetan zerbait esan ondoren erabat desagertzen dira. Juanjo San Miguel.
JUANJO SAN MIGUEL. Afganistan, Irak, Libia, Siria, Yemen, Somalia, rohinyak, Mozambike, tsunamia eta abar luzea sarri entzun ditugun gerra, gatazka eta tragedia-izenak dira. Jende askoren sufrimendua eragiten dute eta gehienak konpondu gabe daude. Baina komunikabideetan behin edo birritan aipatu ondoren, ahaztu egiten ditugu; jendea aspertu egiten da eta nahiago du beste zerbait entzun.

Baina Afganistanen orain dela 17 urte hasitako gerrak egunero hildakoak eragiten ditu. Sirian XXI. mendeko tragedia handiena bizi dute: 8 urte beldurgarri izan dira eta ez da gerra amaitu. Yemenen azken 4 urteetan 1.400 haur hil dituzte eta gaur egun 1.000 haur koleraz gaixotzen dira egunero. Somalia desegindako estatua da: azken 28 urteetan ez da benetako gobernurik izan eta talde armatuek erabakitzen dute zer dagoen ondo eta zer gaizki. Rohinyak Myanmarretik ihes egin eta Bangladeshen segitzen dute; baina euren egoera orain dela urtebete bezain penagarria da. Mozambiken 1.000 pertsona hil dira, 2 milioi ezer gabe geratu dira eta orain gosez, ahuldadez eta gaixotasunen ondorioz hiltzeko arriskuan daude.
 
Giza laguntzarako erakundeek diote tragediak eta hondamendiak komunikabideetan azaltzen diren bitartean lortzen dutela nazioarteko erakundeen arreta eta jendearen laguntza. Baina komunikabideek etengabeko aldaketa behar dugu, ikusle, entzule eta irakurleen arreta ez galtzeko.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 2, 2019
Number: 41256626
Source:
Duration: 00:01:46
Number of visits: 731