Docutec Card

Aitor Zabala, otorrinolaringologoa

Aitor Zabala otorrinolaringologoak astean behin du kontsulta Basurtuko Ospitalean. Batez beste, 20 gaixo ikusten ditu kontsulta-egunetan. Gehienak bilbotarrak dira, % 80 inguru. Bere kontsultara joan gara, eta sartu aurretik mesfidantzaz begiratu digute zain zeuden pazienteek. Izan ere, Zabala oso lanpetuta dabil eta zaila egin zaio gurekin hitz egiteko tartea ateratzea. Baina ahalegina egin du, eta merezi duelakoan gaude.

Hogei urte baino gehiago daramatza otorrino gisa lanean. Denbora azkar pasatzen da, eta gurekin hitz egiten ari den bitartean horretaz jabetu da bat-batean: "Atzera begiratzen dudanean, zahartzen ari garela konturatzen naiz".

Zabala 1987. urtean hasi zen ospitalean lanean, mediku egoiliar gisa. Amaitu zuenean, Arrasateko Ospitalera joan zen, baina ez zen betirako gelditu: "1993an Basurtura itzuli nintzen mediku adjuntu bezala. Handik urte batzuetara atalburu izendatu ninduten, eta bi urte daramatzat zerbitzuburu". Mediku adjuntuak koordinatzea, ospitaleko beste zerbitzuekin dituzten harremanak bideratzea eta bere zerbitzurako baliabideak lortzea dira zerbitzuburu baten ardura nagusiak.

"Beti izan dut gustuko espezialitate hau", argitu digu bere lanbideaz galdezka hasi gatzaizkionean. Otorrinolaringologia espezialitateak, izenak berak dioen bezala, belarria (oto), sudurra (rino) eta laringea aztertzen ditu. Azterketak egiteaz gain, azken urteotan kirurgiak leku garrantzitsua hartu duela bere espezialitatean esan digu Zabalak: "Lehen, otorrinoak ez zuen lotura handiegirik operazio-gelarekin".

Aurrerapen nabarmenak
Goizero egiten dituzte ebakuntzak Zabalak zuzentzen duen zerbitzuan. Ebakuntza kopurua nabarmen igo da, baina ez hori bakarrik: "Kirurgia miniinbasiboaren eta kirurgia endoskopikoaren aldetik etorri dira aldaketa nagusiak. Azkeneko zazpi urteotan aurrerapen nabarmena egin dugu bi teknika horiei esker. Ebakuntzaren ondorioak gutxitzea lortu dugu batez ere". Gorreriari aurre egiteko tresnetan ere hobekuntza handia sumatu dela azpimarratzen du: "Inplante koklearra, adibidez, aurrerapen handia izan da. Koklearen edo karakolaren barnean jartzen dugu eta betirako da".

Zabalaren esanetan, kirurgian erabiltzen dituzten materialak ere asko aldatu dira: "Betiko bisturiak -hotzak deitzen diren horiek- atzean gelditzen hasi dira, eta irrati-frekuentzia, ultrasoinu, edo bibrazio bidez funtzionatzen dutenak indar handiz sartu dira".

Ohiko gaixotasunez galdetu diogu Zabalari, eta ez da itzulinguruka ibili: "Gure atalean, minbizia oso hedatuta dago, laringekoa batez ere". Laringeko minbizia ohikoena bada ere, beste batzuk ere  antzematen dituzte: mingainekoa, ahosabaikoa, faringekoa, parotidakoa. Gaixo-profil zehatzik ez dagoela esan digu Zabalak: "Era askotako gaixoak ikusten ditugu, nire espezialitateko gaixotasunak edozeinek izan ditzakeelako. Halere, minbiziak lotura zuzena du bizi-ohiturekin: tabakoa eta alkohola dira arrisku-faktore nagusiak".

Kontuz zaratarekin
Zabalaren kontsultan geundela aprobetxatuz, belarriak zaintzeko aholkuak eskatu dizkiogu, eta hauxe da espezialistak esan diguna: "Lehenik, edozein gauza igarri bezain laster, medikuarenera joan. Berak erabakiko du otorrinoarengana joatea beharrezkoa den. Ezinbestekoa da ondo aztertzea sintomak nondik datozen. Batzuetan, gerta daiteke mina belarrian izatea, baina arazoa beste edonon egotea, adibidez, saman. Ohitura osasungarriak izatea oso garrantzitsua da: ez erretzea eta ez alkoholik edatea, alegia. Bestalde, belarriko gaixotasun kronikoak dituztenek ahalegindu behar dute belarriak ez bustitzen".

Zarata saihestea ere oso garrantzitsua da. Izan ere, gauza jakina da zaratak kalte handia egin diezagukeela. "Gazteek tentuz ibili behar dute, zaratak sorturiko gorreria ez baita egun batetik bestera antzematen, pixkanakakoa da. Gazteek ez ezik, leku zaratatsuetan denbora asko eman behar dutenek, eraikuntzako langileek adibidez, gorreria-arazoak izan ditzakete. Argi gelditu behar da kaskoek ez diotela beti arazoari aurre egiten. Izan ere, zaratak airea ez ezik hezurrak ere zeharkatzen ditu. Adibidez, mailu pneumatikoa erabiltzean, kaskoak jarri arren, zarata hezurretatik barrena sartzen zaigu. Horrenbestez, ezinbestekoa da modu egokian babestea". Lanbideak eragindako gorreriari gorreri profesionala esaten zaio.

Baina, ba al du gogorreriak sendabiderik? "Kasuaren arabera. Transmisio bidezko gogorreria denean posible da sendatzea; hau da, transmisio-kanala punturen batean hondatzen denean, kirurgia bidez konpon daiteke. Hipoakusia-kasuetan (entzumena galtzen denean), berriz,  konponbidea konplexuagoa da. Inplanteekin senda daiteke, baina azkeneko soluzioa da inplantea".

Zabalak azaldu digunez, gorreria oso goiz antzematen da gaur egun. Jaioberriei diagnosia egiteko, teknika berezi bat erabiltzen da. "Haurrak entzuten duen jakiteko, otoemisioen proba egiten diogu. Probak ez dauka arriskurik. Estimulu bat bidaltzen dugu haurraren kokleara (barne-belarrira), eta bertan dauden zelulen erantzuna positiboa bada, haurrak entzuteko gaitasuna duela frogatzen dugu".

Bukatzeko, belarriak garbitzeko hainbat aholku eman dizkigu otorrinoak. Esprai eta kotoi-txotxekin kontuz ibiltzeko esan digu, belarriak garbitzeko produktuak osasungarriak al diren galdetu diogunean: "Belarria bakarrik garbitzen da, baldin eta arazorik ez badu. Berez garbitzen ez bada, arazoren bat dagoen seinale. Garbiketarako produktu horiek okerrerako izaten dira askotan. Belarriko kotoi-txotxak, adibidez, gaizki erabili ohi ditugu: zikinkeria atera beharrean, barrurago sartzen dugu eta gero eta gogorrago bihurtzen da".

Oihana Prado (Kazeta5)

Interesatzen zaizu

  • Otorrinolaringologoa. Sekuentzia

    Otorrinolaringologoa. Sekuentzia

    Ataza-sekuentzia honetan Otorrinolaringologiako espezialitatea izango duzu hizpide. Lehenengo atazan, espezialistaren zereginak eta unitate horren inguruko xehetasunak aztertuko dituzu gai horri buruzko erreportajean. Bigarren atazan, berriz, entzumen-arazoak dituen paziente batekin arituko da solasean otorrinoa kontsultako elkarrizketan, eta zaratarekin izan beharreko arreta berezien inguruko azalpenak osatuko dituzu.

    Otorrinolaringologoa. Sekuentzia
 
 

Comments
Login for comment