Docutec Card

Jainkoa detaileetan dago

Martxoaren 3ko gertaeren oroitzapenez, kartel bat jartzera joan dira gazte batzuk.

Ikusitakoaz gogoeta hau egin du Bernardo Atxagak Euskadi Irratian.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Bernardo Atxaga. Martxoaren 3a hurbiltzen denean kilkerrak kri-kri hasten dira Gasteizen. Esan nahi da institutuetako neska eta mutil gazte-gazteak zulo batetik bestera ibiltzeari ekiten diotela,  kilkerrak bezala hain zuzen ere, eta egun hartan gertatutakoa berritzen dietela, kri-kri, beren kidekoei, poliziak bost langile hil zituela tiroz, 17 urteko bat eta 19 urteko beste (bat) haien artean, eta Fraga Iribarne ministroak, gerora PP alderdiaren fundatzaile izango zenak, biktimak egin zituela masakrearen erantzule eta ez bere burua, ez hiltzaile zuzenak, Cernudak esango lukeen bezala, ez “los caínes sempiternos”.
Bai. Holaxe jarduten dute kilkerrek Gasteizen, ezkata mutil-gazteak martxoak 3ren bezperatan, funtsezkoa adieraziz. Bi neska eta hiru mutil ikusi nituen Zaramagako institutu baten atarian, 16 urte ingurukoak. Pankarta bat jartzeko prestaketak egiten ari ziren. Pankartak zioena irakurri nuen. Zioen: “Martxoak 3, oroimenetik garaipenera, zuen borroka gure eredu”. Hartan, furgoneta bat hurbildu zitzaien abiadura bizian, eta ertzainen bota beltzek nabarmen zapaldu zuten espaloia. Kilkerrek, neska eta mutil gazteak, zapatillak zeramatzaten. Luze gabe, paretaren kontra jarri zituzten ertzainek ikasleak, ez ikasleek ertzainak, eta poltsikoak miatu zizkieten eta telefonoak. Azkenean identifikarazi eta izena hartu zieten.Kri-kri, ez zirela ezer ilegala egiten ari esan zuten kilkerrek, pankarta lurrean zegoela artean, kokatu gabe. Erantzun gisa edo ertzainetako batek lurrean segitzen zuen pankarta hura zapaldu zuen bere bota beltzarekin.
Gertatzen ari zenaz ohartuta institutuko ikasle mordo bat hurbildu zen atarira eta haiekin batera hamarren bat irakasle. Irakasle bat amorrazioz zuzendu zitzaien ertzainei: “Ez gaude Frankoren garaian, XXI. mendean gaude. Zer pasatzen da? Ezin dela pankarta bat jarri? Honek ez du neurririk.” Beste irakasle batek, atera institutuaren esparrutik eta gazteengana jo zuen. Ertzain bat parean jarri zitzaion eta halako norgehiagoka bat egon zen bien artean, bultzaka. Irakasleak pausu bat eman behar izan zuen atzera, ertzainak identifikazioa eskatu zion orduan eta apuntatu egin zuen haren izena ere.
Deigarria egiten zitzaidan oroz gain bota beltzen mugimendua. Lurrean zegoen pankarta zapaltzen zuten bota haiek aldian behin, Martxoak 3 jartzen zuena, oroimenetik garaipenera, zuen borroka gure eredu.
Denok konprenitzen dugu Euskal Herrian bizi garela eta poliziak ezin direla izan hemen egon den eta oraindik badagoen biolentziagatik filmetako eta postaletako bobby ingelesen parekoak…
Esataria. Bai.
Bernardo Atxaga. Areago…
Esataria. Han argazkietan ateratzeko zain daudenak.
Bernardo Atxaga. Hori da. Hori konprenitzen dugu denok ez garela egoera berean bizi. Areago gainera konprenitzen dugu hori Gasteizen, aspaldi honetan izan diren kale-borroka episodioengatik, bereziki unibertsitate barruan, baina baita kalean ere, harrika puskatutako eskaparateekin eta ohiko zabor container-en erreketarekin. Baina harri-koskor zaleak edota suzaleak kilkerrekin nahastea, nire ustez, huts handia da. Ze uste zuten ertzainek? Zertan ari zirela 16 urte inguruko bost gazte haiek egun argiz institutu baten atarian pankarta bat eskuetan martxoaren 2an, hots, martxoak 3ren bezperan? Hain zaila al zen igartzea?
Baina pintore batek edo Van de Rohe arkitektoak edo Flaubertek berak esan zuen bezala, Jainkoa detaileetan dago. Funtsezkoa, garrantzizkoena, esanguratsuena detaileetan dago. Eta alde horretatik, hiru gelditu zaizkit gogoan. Aurrenekoa, identifikazioa eskatu eta izena hartu zietela ezer ilegalik egiten ez zuten gazteei. Bigarrena, agintekeria okerragoa, berdin jokatu zutela protesta egin zuen irakasle bihozdunarekin, izena hartu hari ere. Hirugarrena, pankarta zapaldu zutela beren bota beltzekin.
    Martxoak 3an gertatutakoa, gertatutakoak, kontatzen denean beti azpimarratzen da polizia frankistak zapuztu eta bortxatu egin zuela barrunbe sakratua, obreroak bilduta zeuden eliza, Jainkoaren  etxea. Zentzu hertsian, sakrilegio bat izan zela. Eta galdera da: gazteen pankarta zapaldu zutenek, martxoak 3, oroimenetik garaipenera, zuen borroka gure eredu jartzen zuen pankarta hain zuen ere, non eta Gasteizen, Zaramagan, masakrea gertatu zen lekutik oso hurbil, noiz eta hilketaren urteurrenaren bezperan, zer egin zuten? Ez al zeukan pankarta horrek, hilarriek bezala, gai sakratuaren izpi bat, ez al zuen errespeturik merezi? Galdera honi bistan da Eusko Jaurlaritzak heldu beharko lioke, pentsatu egin beharko luke ez ote den Arkauteko Akademiaren programan asignaturaren bat falta? Demokraziaren manerak edo formak izenekoa edo. Ze demokrazia, neurri handi batean, forma eta maneretan dago. Umetan harrapatu kilkerrak, eta kontserba-lata zulatuetan edota kaiolatxoetan sartzen genituen, eta etxeko balkoian jarri gero, elitroak astindu eta hots egin zezaten, kri-kri. Ez nuke etorkizun hori nahi Gasteizko kilkerrentzat eta horregatik nahi izan dut nik ere kri-kri egin, kri-kri.                                   
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1 / B2
Mar 7, 2017
Number: 4101147
Source:
Duration: 06:09
Number of visits: 2448