Docutec Card

Zer egin behar da hizkuntza bat bizirik eta osasuntsu mantentzeko?

Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugun honetan, gogoeta sakona egin nahiko genuke hausnartzeko zer egin behar den hizkuntza bat bizirik eta osasuntsu mantentzeko, hizkuntza gutxituek beren estatusa gorde edo hobetzeko, zailtasunak dituzten mundu honetan. Horretarako, gaian aditua den David Crystalengana jo dugu. Segidan, eman dizkigun aholkuak irakurri ahal izango dituzu.

David Crystal: Biografia laburra

David Crystalek Galesen iparraldeko Holyhead-eko bere etxetik egiten du lan, idazle, editore, irakasle eta aurkezle gisa. Lisburn-en jaioa, Ipar Irlandan, 1941ean, Holyheaden eman zituen lehen urteak. Ingeles Filologia ikasi zuen Londreseko University Collegen (1959-62), eta, ingelesaren inguruko azterketetan espezializatuta, ikerketa lana egin zuen bertan Ingelesaren Erabileraren inguruko Inkestan, Randolph Quirken gidaritzapean (1962-63). Ondoren, bizitza akademikoan murgildu zen.

 

Idatzitako ehun inguru liburuetatik lehena 1964an argitaratu zuen. Crystal ezaguna egin zen batik bat ingelesaren inguruko azterketetan egindako ikerketa lanari esker, hala nola intonazioa eta estilistika esparruetan, eta linguistika aplikatu zuelako erlijio, hezkuntza eta klinika testuinguruetan. Hamar urtez izan zuen katedra Readingeko Unibertsitatean, eta orain Linguistikazko Ohorezko Katedraduna da Bangoreko Unibertsitatean.

Haren liburu berrienak (2008) dira Think on My Words: Exploring Shakespeare's Language eta Txtng: the Gr8 Db8, SMSetan erabiltzen den hizkeraren inguruan. Luze idatzi du hilzorian dauden hizkuntzez eta aniztasun linguistikoaz, bereziki Language Death liburua, espainierara itzulita dagoena La muerte de las lenguas izenburupean (Cambridge, 2001). Espainierara itzulitakoetan, besteak beste, El lenguaje de internet dago (Cambridge, 2002). Badago The Language Revolution liburuaren euskarazko itzulpena ere: 2007an argitaratutako Hizkuntzaren iraultza (Erein, 2007).


Informazio gehiago jasotzeko, ikus www.davidcrystal.com web orria. Bertan badago hizkuntzen heriotzaren eta aniztasunaren inguruko artikuluak biltzen dituen sail bat.


Munduko hizkuntzen inguruko hainbat datu

 

David Crystalek 20 urte daramatza desagertzeko zorian dauden hizkuntzak aztertzen. Berak baieztatu dituen datuen arabera, 6.500 hizkuntza inguru daude munduan memento honetan eta hizkuntza horien %96 biztanleen %4ek hitz egiten dute.

Euskarari dagokionez, 580.000 pertsonak hitz egiten dute gure hizkuntza, biztanleriaren %20 inguruk, hain zuzen ere eta azken 10 urteetan aldatu egin da portzentajea, handitu egin baita. Euskara munduko hizkuntzen lehenengo %10en barruan dago, 580.000 pertsona inguru daude eta euskara nahiz gaztelania ondo hitz egiten dutenak.

Gure hizkuntzaren arrakasta, beraz, oso handia da, munduko hizkuntzen beste %90ekin konparatuta. Ikus ditzagun datu batzuk: 1.000 hizkuntza inguruk 100 hiztun besterik ez dute edo 100 hizkuntza daude hiztun bakarra dutenak.

 

Beraz, euskararen eszenatokia baikorra da, baina bere ustez ez dugu lozorroan geratu behar. Izan ere, hizkuntza baten arrakasta hurrengo belaunaldien baitan baitago. Hizkuntza batek bizirik jarraitzen du belaunaldien arteko transmisioa ematen bada, gurasoek seme-alabekin hitz egiten badute, eta abar. Zoritxarrez, belaunaldi bakar batean gal daiteke.

 

Hamabost egunez behin, hizkuntza bat hiltzen da

 

Hizkuntzekiko ikuspegi-aldaketa izugarria eman da Nazioarte mailan azken urteetan. 1995ean UNESCOk desagertzeko zorian zeuden hizkuntzen inguruko erakunde bat sortu zuen eta honek munduko hizkuntzen erdiak, 3.000 hizkuntza, mende honetan desagertu egingo direla kalkulatu zuen. Kalkuluak egin ditzakegu: mundu honetan, hamabost egunean behin hizkuntza bat hiltzen da, azken hiztuna hil egiten da, alegia.

 

Datu hau deskubritu genuenean, guztiok beldurtu ginen. Izan ere, historian zehar beti hil izan dira hizkuntzak, baina sekula ez orain bezain azkar. Ondorioz, UNESCOk berehala hartu zituen zenbait neurri, baita Europako Kontseiluak eta Nazioarteko beste erakunde batzuek ere, hizkuntza eskubideak bermatzeko eta iritzi sendo bat sortze aldera.  

 

Zergatik kezkatu?

 

Hasteko, mundu guztian dagoen kezka delako. Gu, agian, gutxi batzuk baino ez gara, baina milioika pertsona daude gure planetaren hizkuntzen krisiarengatik kezkatuta.

Mundu osoan hedatu da planetaren etorkizunaren edota hainbat espezieren galeraren kezka. Gauza bera gertatzen da hizkuntzekin. Gizakia planeta osoan dago eta milaka hizkuntzak izan dute beren bilakaera toki jakin batean bizi diren pertsonen ikuspegia adierazteko. Esate baterako, Groenlandian inuitak daude eta izugarri landuta daukate hizkuntza Artikoko egoerari buruzko azalpenak emateko, beste edozein hizkuntza baino gehiago. Izan ere, hizkuntza gure prozesu mentalaren parte da. Gure kultura adierazteko balio du hizkuntzak eta 6.000 hizkuntza baldin badaude, 6.000 nortasun daude, 6.000 pertzepzio desberdin.

Hizkuntza eskubideei buruzko nazioarteko aitorpen bat beharko litzateke, baina ez dago.

 

Etorkizuna nerabeen eskuetan dago

 

Hizkuntzaren etorkizuna nerabeen eskuetan dago, gero guraso izango direlako, besteak beste. Horregatik, nerabeei sinestarazi behar zaie hizkuntzak merezi duela. Teknologia da modan dagoena gaur egun. Youtube, facebook... eta sare sozial horiei buruz hitz egitea da onena hizkuntzak merezi duela sinestarazteko. Internet eleanitza da. Hasieran ingelesa baino ez zegoen. Egun, ordea, Interneteko zerbitzari erdiak ingelesa ez den beste hizkuntza batean daude: txineraz, japonieraz, gaztelaniaz...

 

1500 hizkuntza baino gehiago daude Interneten, tartean euskara, baina nerabeei gustatzen zaizkien Interneteko tokietan ikusten dugu ez dagoela euskara. Gomendioa, beraz, hori aldatzea litzateke: gero eta sare sozial gehiago behar ditugu euskaraz, blog-bidezko tokietan, sare sozialetan, euskara Interneten sartu behar dugu. Baina hori egiterakoan prest egon behar dugu. Izan ere, hizkuntza aldatu egingo da eta baita modu negargarrian aldatu ere. Hizkuntza ez da kontrolatzen, Internet ezin da kontrolatu, ez dago akademia bat eta hizkuntza gutxitu guztiak egoera berean daude Interneten.

 

Baina, arrakasta duten hizkuntza guztiek dute tradizioa eta modernitatea uztartuta. Har dezagun ingelesa: munduko hizkuntzarik arrakastatsuena da eta hitzen %80 beste hizkuntza batzuetatik mailegatutakoak ditu. Maileguaren ondoren, gero eta hitz gehiago aldatu eta jaso ditu ingelesak eta aldatu egin da eta aldatzen ari da etengabe.

Arrakasta duen hizkuntzak esaten du "egin nirekin nahi duzuena, baina bizirik iraun nahi dut".

"Keeping languages alive" (Hizkuntzen biziraupena) hitzaldiaren bideoa
David Crystal-ek Helduen Euskalduntzearen 2008/09 ikasturtearen hasierako ekitaldi akademikoan (Donostiako Miramar Jauregian, 2008ko irailaren 12an) emandako hitzaldia osorik bideo batean jasorik dago. Eskuratu nahi izatera, jo HABE Liburutegira.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 11, 2009
Number: 408117
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 7607