Docutec Card

Ama bakarreko familiak

Gero eta emakume gehiagok erabakitzen dute bikotekiderik gabe haurra izan eta familia osatzea, baina familia-eredu hau gurean ez dago oraindik legez onartua.

Familia-ereduak asko aldatu diren arren, ama bakarreko familiek hainbat zailtasun aurkitzen dituzte beren egunerokoan, besteak beste, ez dutelako erakundeetatik nahiko laguntza jasotzen. Horren ondorioei buruz aritu da Faktorian Izaskun Lertxundi, Madres Solteras Por Elección (MSPE) elkarteko kidea. 6 hilabeteko haurra du Izaskunek eta dirulaguntzetan eta kontziliazio-kontuetan dituzten aldarrikapenez aritu da.

Elkarrizketa osoa hemen entzungai.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA.- Guraso bakarreko familia-ereduaz hitz egin nahi dugu, bereziki bikoterik gabe ama izatea erabaki duten emakumeei buruz. Izan ere, ama bakarreko familia-eredua legeztatzeko borrokan ari dira momentu honetan. Izaskun Lertxundi, Bilboko egoitzan; egun on, Izaskun.

IZASKUN LERTXUNDI. - Egun on. Bai.

KAZETARIA.- Bueno, ezer baino lehen, nola esan behar dugu? Bikoterik gabeko ama, ama bakar? Nola esatea nahi duzu?

IZASKUN LERTXUNDI.- Bueno, egia esanda, guraso bakarreko elkartea. Baina beno, izena oso luzea denez, askotan MSP elkartea esaten dugu askotan.

KAZETARIA.- MSPE elkartea. Bueno, zuk 6 hilabeteko haurtxoa duzu. Erabaki erraza izan da bakarrik ama izatea?

IZASKUN LERTXUNDI.- Bueno, ikusi, 30 urte nituenetik banekien ama izan nahi nuela, ez? Baina garai hartan bikotea neukan, eta bikote horregaz (horrekin) gauzak ez ziren ondo atera, eta bueno, hartu neban (nuen) etenalditxo bat pixkatxo bat ondo jartzeko eta hola, eta bat-batean konturatu nintzen 40 urteak hor, hor zeudela, atean. Amagaz (amarekin) egin nuen berba, lagunekaz (lagunekin) piskatxo bat, eta hori izanda gero, erabakia oso arin hartu neban. Bi hilabetetan edo esan neban banoa eta aurrera.

KAZETARIA.- Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

IZASKUN LERTXUNDI.- Polita, oso polita.

KAZETARIA.- Zu estatu-mailako “Madres Solteras Por Elección” izeneko elkartean zaude. Ez dago esan beharrik ere familia-ereduak asko aldatu direla eta ugaritu direla azkeneko urte hauetan. Zuena, ama bakarreko familia-eredua ikusarazi nahian ari zarete. Zergatik, zer iruditzen zaizu, oraindik(an) nahiko ezkutuan dagoela?

IZASKUN LERTXUNDI.- Badaukagu hori, familia-liburua, baina horretaz gain ezer gutxi daukagu. Eta orduan nahiko genuen (genuke) ba gure familia-eredua ofizialtzea eta legeztatzea eta bueno. Ba, bueno horretan gabiltza.

KAZETARIA.- Zer, zer da kontua? Legearen aurrean ez zarete existitzen familia gisa? Nahiz eta zuk esan duzun familia-liburua baduzuela, baina legearen arabera ez zarete familia bat?             

IZASKUN LERTXUNDI.- Ba ez. Gauza askotarako hori, ez gagoz (gaude) ofizialki, eta orduan ez doguz (ditugu) guretzako neurri bereziak.

KAZETARIA.- Hori da. Salatzen duzue, besteak beste, zuentzako legerik ez egote horrek arlo askotan baztertu egiten zaituztela, ezta? Adibidez, zergen ordainketan nola zaudete ama bakarrak? Modu diferentean zaudete? Edo zeintzuk dira zuen eskariak nagusiak?

IZASKUN LERTXUNDI.- Bai, ba, gertatzen jaku (zaigu), aitorpena egiterako momentuan ba batzuetan sentitzen dugu ez gaituztela behar beste laguntzen, ze askotan familia guztientzako kontziliazioa oso zaila da, baina guretzako askoz ere zailagoa. Ze azken finean gu gara hor, familian, ez?, ama bakarrak eta gero be (ere) bai ez daukagu familia politiko hori ez? Eta askotan laguntza behar dogu (dugu), eta horretarako diru pilo bat be bai, ez? Eta orduan ba bueno nahi doguz (ditugu) guretzako neurri zehatzak jorratzea.

KAZETARIA.- Izaskun, Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak adierazi dute neurri espezifikoak hartu behar direla zuen familia-ereduarentzat. Nola ikusten dituzu hemengo erakundeak? Zein da beraien jarrera gai honekiko?

IZASKUN LERTXUNDI.- Bueno, ba estatu mailan ez dago ezer orokortuta. Orduan Autonomia Erkidego bakoitzak ba ahal d(a)uena egiten d(a)u, eta badagoz, badagoz (badaude) batzuk, Valentzian edo Nafarroan, eta Madrilen zer edo zer eta hola, Kantabrian be (ere) bai, baina, bueno, bakoitzak bere neurriak jorratzen dauz (ditu), eta Euskal Herrian, adibidez, gauzak astiro, oso astiro doaz.

KAZETARIA.- Bueno, ama bakarren borroka ez da gai berria, zoritxarrez, Izaskun. Gu orain, libre erabakita bikoterik gabe ama izan zareten emakumeei buruz ari gara. Baina libre erabakita ez zen garaietan erabat baztertuta geratzen ziren ama horiek: oraindik orduko estigma-zantzuak geratzen direla uste duzu? Edo beno, gizartea aldatu da horretan gutxienez, eta aldaketa bat nabaritzen duzue guzti horretan?

IZASKUN LERTXUNDI.- Bueno, gizartea asko aldatu da. Nik azken bolada honetan asko pentsatzen dot, ez? Aitzina, hori, bakarkako ama izatea zein gogorra zen, eta zenbat sufritu ebien (zuten). Askotan omenaldi bat egin behar jakie (zaie) eurei. Nire kasuan, adibidez, ama bakarra izan nahi nuela komentatu dudanean, toki guztietan, mundu guztiak laguntza [sic] emon deuste (eman didate)… Askotan be bai ausartak garela, indartsuak garela esan, eta holan (horrela), ez? Baina nik uste dot, hitzak ondo dagozela (daudela), baina orain ekintzak behar doguz (ditugu). Eta ekintza zehatzak guretzako, laguntza erreala jasotzeko.             

 

 

 

 

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 21, 2019
Number: 40712764
Source:
Dialect:
  • Bizkaiera
  • Batua
Duration: 04:11
Number of visits: 747