Docutec Card

Erizainaren rola eta harreman-gaitasunak

Antzerki batean pertsonaiek "rol" edo "paper" bat jokatzen duten bezala, gure eguneroko bizitzan rol ezberdinak jokatzen ditugu, besteak beste lanekoa (rol profesionala). 30 urteko neska bat erizaina, ama, emaztea, alaba, ahizpa/arreba, laguna... izan daiteke aldi berean. Pertsona bera da, izateko era batekin, baina rol bakoitzeanzeregin ezberdinak ditu eta ezberdin jokatzen du.

Lan bakoitzak, bere ezaugarriengatik, gaitasun batzuk eskatzen dizkio langileari. Lanbide batzuek forma fisikoa eskatzen dute, beste batzuek koordinazio handia eta beste batzuek harreman-gaitasunak. Zalantzarik ez dago harremanak garrantzia duten lanbideetan harreman-gaitasunek garrantzia handia izango dutela, batez ere bezeroa egoera zail batean aurkitzen bada (osasun-lanbideetan adibidez).

Erizain ezberdinak
Erizainek rol bat daukate, zereginak definitzen duena: erizainaren rola zaintzea da. Halere, gaixoa zaintzeko modu asko egon daitezke. Erizainak pentsa dezake bere zeregina medikuak emandako aginduak betetzea dela -batez ere sendagaiak eta prozedurak eginez-; edo pentsa dezake gaixoa osotasunean zaintzea dela bere zeregina. Beraz, rolak bi galderari erantzungo lioke: zer egin? eta nola egin? Nola egin horretan zeregin zehatzez gain, jarrerak axola du.

Profesio gehienek argi izaten dute zeregina, baina eztabaidak egoten dira egiteko moduari begira. Gaur egun bi erizain-estilo daude lehian:
- betikoa, instrumentalagoa, zereginetara zuzendua;
- akademikoa, berriagoa, integrala, gizatiarragoa.
Erizain askok sufritu egiten dute lehia horretan: era bateko erizaina izan nahi, baina ezin duela sentitzen duelako (denbora gutxi, inguruaren presioa...)

Gaurko erizainak beharko lituzkeen harreman-gaitasunak.
Jarrerari begira, garrantzitsua da zainketa etiko bat ziurtatzea: berdintasuna, errespetua, tolerantzia, laguntzea eta kalterik ez egitea.

Horrez gain, garrantzia handia dute harreman-gaitasun batzuek: egiazkoa izatea, gaixoa baldintzarik gabe onartzea, enpatia izatea, aktiboki entzutea, modu eraginkorrean komunikatzea, asertiboa izatea eta pazientzia.

Aipatutako gaitasun horiek gaizki ulertzen dira maiz. Hemen ahalik eta era xumeenean azalduko dira, hausnartzeko esaldi batzuen laguntzaz. Urtero biltzen naiz ikasleekin taldeetan, praktiketan izan dituzten zailtasunak elkarrekin lantzeko. Ondoren azaltzen diren ideia eta azalpen asko bertatik atereak dira.

Egiazkotasuna (autentizitatea)
"Egiazkoa ez da pentsatzen duen guztia esaten duena, esandako guztia benetan pentsatzen duena baizik".
Gaixoarekiko harremanean egiazkotasunak konfiantzaren ateak zabaltzen ditu. Erizaintzako ikasleek maiz egiazkoa izatea eta pentsatzen den guztia esatea gauza bera dela pentsatzen dute. Egiazkoa denak ez du mozorrorik, ez itxurakeriarik, den bezalakoa agertzen da, baina ez du zertan dena agertu.

Gaixoaren lekuan jartzea (enpatia izatea)
"Sufritzen duela badio, sufritzen du, nahiz eta nik ulertu ez".
Egiten ditugun talde-bileretan, ikasleek praktiketan izan dituzten zailtasunak aipatzen dituzte. Distantzia kontua beti dugu eztabaidan: batzuk gertuegi jartzen direlako eta beste batzuk urrunegi. Batzuek, enpatizatu beharrean (gaixoaren lekuan jarri norberaren lekutik mugitu gabe) sinpatizatu egiten dute (gaixoaren egoeran jartzen dira, bere lekua galduz), besteengandik banatzen gaituen larrua meheegia izango balitz bezala; beste batzuei, ordea, zaila egiten zaie besteen lekuan jartzea. Ikasle gehienak tartean daude. Ikastaro batean Juan Garziari entzundako esaldi bat iradokitzen diet: "behar bezain gertu, ahal bezain urrun". Eginkizunak eskatzen diguna bezain gertu jarri behar dugu, aldi berean norberaren lekua galdu gabe (ahal bezain urrun). Jaso nahi dut hemen gure bileretan behin ikasle batek esan zuen esaldia: "Ezinezkoa da zainketa gizatiar bat, ez badago inplikaziorik".

Gaixoa baldintzarik gabe onartzea
"Gaixo batek andreari tratu txarrak ematen dizkiola jakiten baduzu, baldintzarik gabe onartuko zenuke?".
Ikasleek dituzten lehenengo esperientzietatik aipatzen dute zein zaila egiten zaien gaixo batzuk onartzea. Gaixoa baldintzarik gabe onartzea ez da tolerantea izatea bakarrik: pauso bat aurrerago doa. Horrek ez du esan nahi denekin harreman berezia egin behar denik. Egoera zail horretan aurkitzen den pertsona hori den bezalakoa onartzen saiatu behar dugu, hobeto zaintzeko. Bi arrazoi nagusi izaten dira zenbait gaixo onartzea zailtzen digutenak: aurreiritzi sozialak eta jasangaitzak egiten zaizkigun ezaugarri pertsonalak.

Gaixoari aktiboki entzutea
Argi dago besteari aktiboki entzuteko denbora eta arreta behar direla. Maiz ez dago astirik, edo buruan beste gauza batzuk ditugu, eta besteak esaten duen horretan arreta jartzea kosta egiten zaigu. Ikasleekin ariketa bat egiten dugu hau lantzeko. Binaka, 20 minutuz batak besteari bere bizitza kontatzen dio eta ondoren alderantziz. Entzun behar duenak esparatrapuarekin estaltzen du ahoa eta ezin du galdetu: bere zeregina entzutea da.

Modu eraginkorrean komunikatzea
Besterik uste badugu ere, gaizki-ulertu asko ez dira gaizki ulertutakoak, gaizki esandakoak baizik. Zailtasun asko izan ditzakegu pentsatzen duguna edo esan behar duguna esateko: beldurra (gaizki hartuko du), lotsa... Horrelakoetan bidaltzen dugun mezua ez da oso argia izaten. Maiz gauza bat esaten dugu, eta keinuekin beste gauza bat adierazten dugu. Gaixoek maiz ez dute eraginkorki komunikatzen eta ezin zaie hori eskatu. Osasun-profesionalok, ordea, "hobe mezu gutxi eta argiak".

Asertiboa izatea
"Nik ere neure eskubideak ditut".
Gaizki pasatzen dute ikasleek maiz, bere borondate onenarekin gauzak egiten dituztelako eta bezeroak eta bertako erizainak "aprobetxatu" egiten direlako. Oso zaila egiten zaie gaixoa bere lekuan jartzea, atsegina izatea eta mugak jartzea ezkonezinak balira bezala. Neurri batean, beraien gaztetasunak eta esperientzia laburrak azal dezake asertibitate falta hori. Bestalde, ez da ikasleei bakarrik gertatzen zaien zerbait. Ikusi da urte asko lanean daramaten erizain askoren arazoa ere badela asertibitate falta.

Pazientzia
"Jantzi nazazu mantxo, presa dut-eta" (Napoleon)
Pazientzia, berez, ez da harreman-gaitasun bat. Halere, asko laguntzen du harremanetan. Gauzek bere denbora behar dute, eta maiz askoz ere denbora laburragoan egin nahi izaten ditugu. Erizainei eginiko ikerketa gehienetan, erizainek duten kexu nagusia "denbora falta" da.

Gaiaz gehiago jakin nahi baduzu:
http://www.sc.ehu.es/ngwzugox/liburuak/harremana.htm

Artikuluan ageri diren argazkiak erizaintzako ikasle-talde batek eginiko egutegi batekoak dira (Joane Arizmendi, Aitziber Cáceres, Tamara Cuesta, Uxoa Elustondo, Ekain Etxezarreta, Ohiana Fernández, Nerea Garmendia, Amaia Navarro, Haizea Olasagasti, Nerea Oyarzun, Laura Peña eta Patricia Reinares). 2004-2007 ikasturteetan ikasleak izan ziren Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Erizaintza Eskolan. Argazkiek erizaintza lanbidearen alde gizatiarra azpimarratzen dute.

Xabier Zupiria, EHUko Zientzia Psikosozialetako irakaslea da.
 

Interesatzen zaizu

  • Erizainaren rola eta harreman-gaitasunak. Sekuentzia

    Erizainaren rola eta harreman-gaitasunak. Sekuentzia

    Zer espero du gaixoak osasun-zentrora edo, batez ere, ospitalera doanean? Sendatzea, noski. Gaixoa urduri joan ohi da: lekua arrotza, minez gehienetan, zer duen ez dakiela... egoera zailean, bi hitzetan esanda. Baina hori bakarrik? Ez, gehiago espero du, noski: tratu ona, mimoak, bertako langileak hurbil sentitzea, aintzat hartua izatea... Askotan esaten da gaur egungo osasun-sistema hotza dela, gizatiarragoa egin behar dela, gaixoak bezero bihurtu gaituztela, ia-ia zenbaki, ez garela izen-abizendun pertsona. Erizainaren rola funtsezkoa da sistema horretan. Bera da gaixoarengandik hurbilen dagoena, berarekin izango du gaixoak eta familiak harremanik zuzenena. Berarekin sortuko da harremanik estuena. Epaitu ere, halaxe epaituko dute. Askotan bere gaitasun profesionala harremanetarako duen gaitasunaren arabera neurtu eta epaituko da.

    Erizainaren rola eta harreman-gaitasunak. Sekuentzia
 
 

Comments
Login for comment

Jan 15, 2009
Number: 405829
Number of visits: 2188