Docutec Card

Dentistarenean

Dentistaren kontsultan bizitutakotik abiatu du bere zutabea Garbiñe Ubedak, Euskadi Irratiko kolaboratzaileak.

Bertan kontatzen du nola itxarote-gelan zegoen bitartean, zer-nolako berriketak entzun behar izan zituen gelan zeuden beste lagunengandik. Hain zuzen ere, horrek sortu zion audio honetako gogoeta.

Azaleko ilustrazioa, Juan Karlos Eguillorrena

Transcription:[+] Transcription:[-]

GARBIÑE UBEDA. Aurreko astean dentistaren kontsultara joan behar izan nuen eta izutu ninduena, benetan uxatu eta ospa egiteko gogoa eman zidana, ez zen xiringaren orratza izan, ezta hortzetan dantzan sentitu nituen tornuen euli-furrundak (burrunba) ere. Egiazki, torturatu ninduena, irribarre ederraren promesean eman zidaten zaplazteko ekonomikoarekin batera, noski, nire txandaren zain pasa behar izan nuen ordu-erdi luzea izan zen.
Andre batek itxarongelaren erdian markesa bezala jarrita, La Pantojaren semearen gorabehera domestiko guztiak azaldu zituen xehe-xehe. Eta gero, munduko ezinikusiak amaitzeko formula esplikatzen ari den jakintsuaren tonuan, Espainiako erreginak luzitu ohi dituen soinekoei jarri zizkien koplak, mahai-gaineko aldizkari zimurtu guztiak zartaka orriztatzen zituen bitartean eta batek daki nongo aurkezlea larrutzen hasi aurretik.
Emakume berritsuaren semea zirudienak errepikak egiten zizkion albo-alboko aulkitik, nahiz eta dezibelioak kontuan hartuta, kanpandorretik jotzen ari zela ematen zuen. Eta hirugarren batek, berriz, agian besteen familiakoa, familia berekoa hura ere, tarteka ezkaratzeko azken bileran izandako kalapitak, supermerkatuan xahutu berri zuena edota bere kolesterol eta triglizeridoen gaineko informeak barreiatzen zituen telefonoz ozeanoaren bestaldekoak ere gortzeko moduan. 
Panikoak, halere, geroxeago jo zuen gaina, niri inbasio totala iruditu zitzaidana, alegia espazio publikoa norberarena balitz bezala hartzea eta besteei galaraztea, jendeari munduko gauzarik normalena eta kasik sinpatikoa iruditzen zaiola konturatu nintzenean.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Mar 14, 2019
Number: 40388180
Source:
Duration: 00:02:03
Number of visits: 306