Docutec Card

Bilboko Alde Zaharreko Merkatari Elkarteak 50 urte

Mende erdiko historian, hainbat erronkari egin behar izan diote aurre: hasi Alde Zaharra oinezkoentzako bihurtzetik eta uholde, krisi ekonomiko zein kontsumitzeko ohituren aldaketetara.

Merkatarien elkarte horrek izan duen bilakaeraz, eta Bilboko alkatearen oroitzapenen berri ematen dute Euskadi Irratiko erreportaje honetan.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. Bilboko Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkarteak mende-erdia bete du aurten. Bere historiaren errepasoa datozen minutuetan Olatz Arriolabengoa lankidearen eskutik.
OLATZ ARRIOLABENGOA. 1969ko apirilaren 25a, Frankoren diktadurapean Bilboko Alde Zaharreko 25 lagun merkataritzari bultzada bat emateko elkartu ziren. Iker Urkidi, Bilbao Histórico-ko koordinatzailea.
IKER URKIDI. Momentu horretan, Frankoren garaia zela-eta, ezin ziren komertziante-erakunde moduan sortu eta, beraz, auzo-erakunde sortu egin eben (zuten)
OLATZ ARRIOLABENGOA. Auzotarrak auzoari bizia itzuli nahian.
IKER URKIDI. Gogoratu egin behar dugu 60ko hamarkadan dagozela (daudela) eta momentu horretan komertzio-aldaketa nabarmen bat dago. Jende asko Bilboko zentrorantz do(i)a, edo zentro batzu(eta)rantz eta, orduan, komertziante honeen (hauen) helburua da berriro ere Alde Zaharra Bilboko bihotz edo zentro izatea.
OLATZ ARRIOLABENGOA. 1979. urtean Elkarte Profesionalen legearekin batera inskribatu ziren merkatarien elkarte gisa. 50 urteko ibilbidean hainbat erronkari egin behar izan diote aurre. Modu aktiboan lan egin zuten 80ko hamarkadan kotxeak kaleetatik kendu eta Alde Zaharra oinezkoentzako eginez, eta uholdeak ere gainera etorri zitzaizkien.
IKER URKIDI. Uholdeak pasa ostean, komertzianteek paper garrantzitsu bat dabe (dute), eurek indar askoz, bai ekonomikoki bai laguntza sozialengatik, berriztu egiten dabelako alderdi historiko guzti hau. Dendak berriro zabaldu egin behar dabe, aldakuntza nabarmenak dagoz ingurune guztian, modernizatu egiten dira inguruneak be (ere)…
OLATZ ARRIOLABENGOA. Garaiaren arabera, aldatu eta moldatu behar izan den sektorea da merkataritzarena, teknologia berrietara ere egokituz.
IKER URKIDI. Sare sozialetan bere (ere) sartu egin dira, webgunea egin dabe, kurtsoak egiten dabez komertzianteentzat bere (ere) gaur egungo garaira bere (ere) moldatzeko… Azkenean, argi dago aldakuntzak badagozela eta oraindiño bere (badaudela eta oraindik ere) gehiago moldatu egin beharko direla. Jendeak be erosteko formak aldatu egin dauz (ditu)…
OLATZ ARRIOLABENGOA. Turismoak Alde Zaharrean hartzen ari den indarrari aurre egin beharrean dira orain, eta horretarako ere prest dira. Zazpi Kaleetako nortasuna indartzen jarraitu nahi dute batzuen eta besteengan hainbeste oroitzapen utzi duen merkataritza. Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea.
JUAN MARI ABURTO, BILBOKO ALKATEA. Txikitan ba nik gogoratzen dot (dut) ondo-ondo, nola amagaz (amarekin) etortzen nintzen honantz(a), ba gauza batzuk erosteko beti. Bata zen bakailaoa, hainbeste denda desberdinetan, eta bestea La Palmara, La Palmara zapatak erostera. Niretzako ziren momentu oso bereziak.
OLATZ ARRIOLABENGOA. Oroitzapenak sortzen jarraituko dute Zazpi Kaleetako merkatariek haiengana hurbiltzen denari irribarrea eskainiz, hurbiltasunez tratatuz. Haiek dira Alde Zaharra bizirik mantentzen dutenak, Bilbori egunero balio erantsia ematen diotenak.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 11, 2019
Number: 40327010
Source:
Dialect:
  • Bizkaiera
Duration: 00:02:46
Number of visits: 270