Docutec Card

Klementzia Richard, emakume ezkutua

Euskaldunon artean aski ezaguna da Louis-Lucien Bonaparte printzea, bera izan baitzen Euskal Zazpi Probintzietako Dialektoen Mapa ospetsuaren bultzatzaile nagusia. Ez da hain ezaguna berarekin batera aritu zen Klementzia Richard zuberotarra.

Klementzia Richard dialektologoa Bonaparteren lankidea ez ezik, haren bigarren emaztea ere izan zen. Horren guztiaren berri ematen du Amatiñok Euskadi Irratiko audio honetan.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Dialektologia-biltzarra antolatuko du Euskaltzaindiak hilabete barru. Euskal dialektoen lehen mapa Louis-Lucien Bonaparte printzeak osatu zuen XIX. mendean. Eta, esker onez, bere izeneko plaza dago Donostian.
Bonaparte hizkuntzalaria 1856an etorri zen Euskal Herrira, bertako dialektoak aztertzeko. Bildu zituen lanean hamarren bat laguntzaile, denak gizonezkoak eta erdiak inguru apaizak, eta hamabi urte geroago aurkeztu zuen Euskal Zazpi Probintzietako Dialektoen Mapa ospetsua.
Badirudi, ostera, hartan jardun ziren guztiak ez zirela gizonezkoak izan. Kepa Altonaga euskaltzainak jakinerazi bezala, mundu maskulino hartan bazen isilpeko emakume ezkutua: Klementzia Richard, Bonaparteren beraren bigarren emaztea izango zena.
Zuberotarra jaiotzez, Klementziak 27 urte besterik ez zituen 44 urteko hizkuntzalari ezkondua Euskal Herrira heldu eta elkar ezagutu zutenean. Antza, berehala konpondu ziren elkarrekin, urtebete geroago Klementzia Londresen bizi zen-eta nagusiaren etxean, eta baita bion semea erditu ere.
Altonaga euskaltzainari jaramonik egingo badiogu, segurutik printzea ez zen sorgor geratu Klementzia gaztearen xarma eta nortasunaren aurrean, baina ba omen zen beste arrazoi profesionalagoren bat ere, Klementzia giro poliglota batean hazia eta hezia baitzen, gurasoak han-hemenka Euskal Herrian zehar ibiltari aritu zirenez gero.
Izan ere, familiaz zubereraz hitzegin arren, Klementziak behe-nafarreraz, goi-nafarreraz eta gipuzkeraz ikasteko aukera izan zuen, baita frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez ere. Ez ohiko prestakuntza hark bihurtu zuen Klementzia Bonaparteren laguntzaile aproposa, are gehiago kontuan izanik hizkuntzalaria ez zela euskalduna. Horra non, beraz, Klementzia izan zitekeen euskal dialektoen lehen maparen egiazko koordinatzailea, nahiz bere izena sekula inon agertu ez.
Ia 80 urte zituen Bonapartek bere lehen emaztea hil zenean, eta berehala ezkondu zen Klementziarekin, 35 urtez elkarren arrimuan bizi ondoren.

Klementzia, euskal dialektologo ezkutua, orain ehun urte luze hil zen. Mendea behar izan dugu haren lan isilaren ekarpena aitortzeko. Ez dut esango senarrari besteko plaza zor zaionik baina, horratik, agiriko omenalditxoren bat hurrengo dialektologia-biltzarrean? Euskaltzaindiak du hitza.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 6, 2019
Number: 40196597
Source:
Duration: 00:03:00
Number of visits: 281