Docutec Card

Basektomia

Basektomia izeneko teknika kirurgikoaren bidez, barrabilak semen-besikularekin komunikatzen dituzten hodi deferenteak moztu eta josi egiten dira. Horrela, barrabiletan sortutako espermatozoideek ezin dute aurrera egin, eta horrek gizonezkoaren antzutasun iraunkorra sorrarazten du. Ebakuntza kirurgiko sinple, eraginkor eta segurua da, baina kasurik gehienetan itzulezina edo atzeraezina denez, basektomia egiteko erabakia hartzea oso-oso garrantzitsua da bai gizonarentzat eta baita bere bikotearentzat ere.

Gizonezkoaren organo sexualaren funtzionamendua
    Basektomia zer den eta ebakuntzaren ondorioak ulertzeko, komeni da gizonezkoaren organo sexualen oinarrizko funtzionamendua ezagutzea (ikus irudia). Barrabilak eskroto izeneko azalezko zorro batean bilduta daude. Barrabiletan sortzen dira hormona sexual maskulinoak, batetik; eta ugalketarako -obulua ernaltzeko, alegia- ezinbestekoak diren espermatozoideak, bestetik.

    Barrabilaren gainean kokatua dagoen zona, txapela modukoa, epididimoa da, eta esan daiteke espermatozoideentzat gordailu moduan funtzionatzen duela, horiek heldutasunera iritsi bitartean. Hodi deferenteak tutu fin-fin batzuk dira, espermatozoideak alde bateko nahiz besteko barrabiletik zakileraino eramaten dituztenak, isurketarako. Prostataren funtzioa espermatozoideei nutrienteak eta kontsistentzia ematea da, eta beraz berak ematen dio semenari bere itxura hain berezi hori. Era horretan semena zakiletik uretran barrena kanporatzen da, normalean pixa egiteko erabiltzen dugun bide bera jarraituz.

Nola egiten da basektomia?
    Gizonezkoa ahoz gora etzanda egongo da, eta nahikoa da zakila eta eskrotoaren zona agerian uztea. Anestesia lokala erabiltzen da, eskrotoan, iztondoan eta inguruko zonetan injektatuz: pazientea esna eta kontziente egongo da, baina ez du inolako minik sentituko.

    Bisturi fin batekin ebaki txiki bat egiten da, medikuak aurrez hodi deferentea ukitu duen zonan hain zuzen ere. Barrabilak bi direnez, eta hodi deferenteak ere bi, kasurik gehienetan bi ebaki egin beharko dira, hodi deferente bakoitzarentzat bana. Hala ere, badira ebaki bakarra egitea nahiago izaten duten kirurgialariak ere. Ebaki horren bidez hodi deferentea kanporantz pixka bat atera eta ondoren moztu egiten da. Moztutako hodiaren bi muturrak josi egiten dira, eta horrela aurrerantzean bananduta egongo dira, espermatozoideak alde batetik bestera pasatzea posible egingo duen loturarik gabe. Azkenik azala ixten da. Prozedura hori bera beste aldean errepikatuko da, teknikaren arabera.

    Ebakuntzaren iraupena faktore askoren baitan dago: aukeratutako teknika, kirurgialariak kasu bakoitzean aurkitzen dituen zailtasunak, etab. Horregatik, operazioak 10 minututik hasi eta ordubetetik gorako iraupena ere izan dezake, paziente bakoitzak egoera partikularra suposatzen du-eta.

    Operazioa bukatu bezain pronto, pazientea ondo sentitzen bada, etxera joateko moduan dago. Operatutako zona hori eta barrabil-zorroa handitu egiten dira, baina hori normala da hamar bat egunean. Litekeena da barrabilen inguruan hematoma txiki bat agertzea, egun batzuen buruan desagertuko dena.

Basektomia egin ondorengo egunetarako aholkuak:

  • Etzanda egon ahalik eta gehien, hantura gutxitzeko.
  • Izotz-poltsa bat erabil dezakezu handitutako zonan, inflamazioa gutxitzeko.
  • Erabili galtzontzilo estuak, slip modukoak, barrabil-zorroari eta zakilari ondo eusten diotenak. Horrek hantura gutxitzen lagunduko du.
  • Itxaron 24-48 ordu gutxienez bainua hartzeko.
  • 1-2 eguneko atsedena gomendatzen da, eta lanera ez joatea pazientea ondo ez badago, edo zona hori oso inflamatua badago. Horregatik egokiena ostiral batean operatzea izaten da, astelehenean lanera itzultzeko.
  • Astebeteko epean esfortzu edo ahalegin gogorrik ez egitea gomendatzen da.

Zer gertatzen da gizonezkoaren sexualitatearen inguruan?
    Astebetera-edo has daiteke berriro harreman sexualak edukitzen. Hala ere, agian geratzen dira espermatozoideak deferentearen zati sobrantean, oraindik desagertu ez direnak. Horiek erabat desagertzea 15 bat isurketaren ondotik lortzen dela kalkulatzen da, eta beraz, bien bitartean metodo antikontzeptiboren bat erabili beharko da (preserbatiboa, esaterako).

    Klinika bakoitzak eta mediku bakoitzak bere ohiturak izaten ditu, baina operazioa egin eta 3 hilabetera semen-analisi bat egin ohi da, eta bertan espermatozoide bakar bat ere ez dagoela egiaztatzen da mikroskopioan. Une horretatik aurrera, ziur egon daiteke gizonezkoa, harreman sexualak seme-alabarik izateko arriskurik gabe edukiko dituelako.

    Basektomiak ez dio inola ere eragiten gizonezkoaren bizitza sexualari, ez maiztasunaren aldetik, ez potentziaren aldetik eta ezta harreman sexualaren intentsitatearen aldetik ere. Kirurgia egin aurretik zituen erekzio edo zutitze berberak izaten jarraituko du, eta baita isurketak izaten ere, prostatako eta semen-besikulako jariakinekin osatutako semena isuriz. Semen horretan ez dagoela jadanik espermatozoiderik da diferentzia bakarra. Barrabilek espermatozoideak produzitzen jarraitzen dute, baina hodi deferenteak moztuta daudenez, espermatozoideek ez daukate inolako irtenbiderik, bertan hiltzen dira eta gorputzak berak eliminatzen ditu.

    Gizonezkoak eduki dezakeen gogo edo desira sexualari ere ez dio erasaten basektomiak. Izan ere, hormonak lehen bezalaxe sortzen dira barrabiletan, eta odolera zuzenean pasatzen direnez, ez da inolako aldaketarik gertatuko alde horretatik. Bestetik, esan beharra dago basektomiak ez duela infekzio sexualetatik edo gaixotasun benereoetatik babesten.

    Askotan aipatu dira basektomiak gerora gaitz batzuekin (prostatako minbiziarekin batez ere) izan ditzakeen harremanak, baina oraingoz ez dago horrelakorik frogatu duen inolako ikerketarik.

Basektomia prozedura irrebersiblea al da?
    "Medikuntzan denetik gerta daiteke" dio esaera zahar batek. Eta, horrela, basektomia egin eta handik urte batzuetara aipatu izan dira literaturan hodi deferentearen birkanalizazio espontaneoak (bestela esanda, operatutako hodi deferentea bere kasa berriro zabaldu eta bideratzea), baina hain da inprobablea hori gertatzea, ezen salbuespentzat hartu behar baitira kasu horiek.

    Teknikoki, badago hodi deferenteak berriro elkartzeko aukera, mikrokirurgiako tekniken bidez, eta gaur egun basektomia egin eta gero berriro ere emankor izatea erabakitzen duten hiru gizonezkotatik bik lortzen dute. Aurrez egindako basektomia motak eta iragandako denborak baldintzatzen dituzte arrakasta izateko aukerak, baina oro har esan daiteke behin hamar urte pasa ondoren, oso zaila dela.

Jabier Agirre. UZEI

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Nov 14, 2008
Number: 400186
Number of visits: 4965